Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

139. zk., 2014ko uztailaren 23a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO BATZAR NAGUSIAK
3346

Gipuzkoako Batzar Nagusien Osoko Bilkurak 2006ko uztailaren 2an onartutako Gipuzkoako Batzar Nagusien Araudiaren aldaketa.

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Osoko Bilkurak, 2014ko uztailaren 2an egindako bileran Gipuzkoako Batzar Nagusien Araudiaren ondorengo aldaketa hau onartu du.

Artikulu bakarra.– Gipuzkoako Batzar Nagusien Osoko Bilkurak 2006ko uztailaren bian onartutako Gipuzkoako Batzar Nagusien Araudiaren zati batzuen aldaketa.

Aipatutako Araudian honako aldaketa hauek egingo dira:

Bat.– 12. artikuluko hirugarren apartatua honela geratuko da idatzia:

«3.– Batzarkideek eskubidea dute batzordeen bilkuretara joateko batzordeko kide izan ez arren; hitz egiteko eskubidea dute, baina ez dute bozkatzeko eskubiderik».

Bi.– 19. artikuluari zenbaki bat erantsiko zaio, bosgarren zenbakikoa, honako hau dioena:

«5.– Legealdi oso bat igaro eta gero, batzarkide-izaera galdu deneko legealdia kontatu gabe, aitorpenak suntsitu egin beharko dira».

Hiru.– 24. artikuluko lehenengo atala honela geratuko da idatzia:

«1.– Batzarkide taldeetan sartzeko borondatea adierazten duten batzarkideak sar daitezke taldeetan; horretarako, bilkura-aldi bakoitzaren lehenengo bost egunen barruan idatzia bidali behar diote Batzar Nagusietako lehendakariari. Idatziak batzarkide taldeko bozeramailearen oniritzia eduki behar du.

Batzar Nagusiak eratzeko bilkura egin ondoren bihurtzen direnak batzarkide, batzarkide bihurtzen direnetik bost laneguneko epea dute batzarkide talde batean sartzeko. Horretarako, Batzar Nagusietako Mahaiari idatzia aurkeztu behar diote. Idatzian, dagokion taldeko bozeramailearen onarpena agertu behar da. Bestela, talde mistora joango dira».

Lau.– 28. artikuluko bigarren apartatua honela geratuko da idatzia:

«2.– Mahaiak agiriak kalifikatu eta izapidetzerakoan hartutako erabakiekin batzarkide talderen bat ados egon ezean, berriro aztertzeko eska diezaioke, betiere, erabakia jakinarazi eta hiru egunen barruan. Berriro aztertzeko eskaera-idatziak izapideak etenda utziko ditu Mahaiak erabakia hartu arte.

Mahaiak behin betiko erabaki arrazoitua hartuko du, Bozeramaileen Batzordearen iritzia entzun eta gero, eta hamar eguneko epean».

Bost.– 32. artikuluari beste paragrafo bat erantsiko zaio, honako hau dioena:

«Berdinketa gertatzen bada, lehendakariak edo une horretan lehendakari-lanak egiten dituenak kalitatezko botoa izango du».

Sei.– 32 bis zenbakiko artikulu berri bat erantsiko zaio Araudiari, honako hau dioena:

«Mahaiak barne-gobernuko funtzioak izaten jarraituko du bilkura-aldietatik kanpo eta ganbera desegiten denetik hauteskunde-egunaren bezperara arte».

Zazpi.– 41. artikuluko lehenengo apartatua honela geratuko da idatzia:

«1.– Batzorde arruntetarako deialdia batzordeko lehendakariak egingo du, bere kabuz, edo honako hauetako batek eskatuta:

– Batzar Nagusietako lehendakariak.

– Bi batzarkide taldek.

– Batzordeko kideen bostenak.

– Batzorde Iraunkorrak.

Aurreko apartatuko eskaera egiteko, gai-zerrenda jarri beharra dago. Gai-zerrendan Araudi honen arabera batzorde horretan eztabaidatu eta bozkatzeko moduan dauden gaiak bakarrik ager daitezke.

Batzordeko mahaiaren ustez eskaera aurreko apartatuan ezarritakoarekin bat badator, lehendakariak batzorderako deialdia egin behar du eskaera egiten denetik zazpi egunen barruan; nolanahi ere, Ganberako Mahaiak lana programatu, antolatu eta koordinatzeko ahalmena dauka. Deialdia proposatutako gai-zerrendarekin egin behar da».

Zortzi.– 42. artikuluko lehenengo apartatua honela geratuko da idatzia:

«1.– Batzarkide taldeek batzorde baterako izendatuta duten kide bat edo batzuk ordezkatu ditzakete talde bereko beste kide batzuen bitartez. Horretarako, idatziz jakinarazi behar diote Batzar Nagusietako lehendakariari.

Bilkura zehatz baterako ordezkapenaren berri ahoz emango diote bilkuraren hasieran batzordeko lehendakariari, eta bilkura amaitutakoan ordezkapena eraginik gabe geratuko da».

Bederatzi.– 43. artikuluko bosgarren apartatua honela geratuko da idatzia:

«5.– Edonola ere, batzordeko lehendakariak zuzenduko ditu talde txostengileak, eta batzarkide talde bakoitzeko bina ordezkari egongo dira; bi ordezkarietako batek, gutxienez, talde txostengilea sortu duen batzordeko kide izan behar du.

Talde txostengilean parte har dezakete, baita ere, beste erakunde batzuen ordezkariek edo eragile sozialek, aztergaiarekin lotura zuzena badute, batzordeak hala erabakitzen duenean, baina ez dute botorik izango, ahotsa bai».

Hamar.– 45. artikulua honela geratuko da idatzia:

«Gipuzkoako Batzar Nagusiek barne-eraentzarako hiru batzorde iraunkor izango dituzte agintaldi guztietan, eta hauek izango dira: Bateraezintasunen Batzordea, Erakundeetarako, Gobernurako eta Araudirako Batzordea, eta Eskaeretarako eta Herritarrekiko Harremanetarako Batzordea».

Hamaika.– 47. artikulua honela geratuko da idatzia:

«1.– Erakundeetarako, Gobernurako eta Araudirako Batzordea Batzar Nagusietako lehendakariak, Mahaiko gainerako kideek eta batzarkide talde bakoitzak izendatutako batzarkideek osatuko dute. Batzar Nagusietako lehendakaria izango da lehendakaria. Batzorde arruntetarako erabakitako kide kopurua izango du, bai eta batzarkide talde bakoitzari dagokion proportzioa ere.

Lehendakariordea eta idazkaria, hurrenez hurren, Ganberako lehendakariorde lehena eta idazkari lehena izango dira. Ez daudenean, lehendakariorde bigarrenak eta idazkari bigarrenak ordezkatuko dituzte.

2.– Ekitaldi bakoitzerako Batzar Nagusien aurrekontu-proiektua eztabaidatu eta onartuko du, onartzea dagokionean. Halaber, ekitaldi bakoitzaren amaieran, aurrekontuaren kitapena onartuko du.

3.– Araudi hau une oro Ganberaren eta indarrean dagoen legediaren beharrei egokitzeaz arduratuko da. Horretarako, erabakitzen dituen aldaketak proposatuko dizkio Batzar Nagusien Osoko Bilkurari.

4.– Ezaugarri bereziak dituzten gaiak jorratuko ditu, dela ez direlako eskumenen arabera batzorde bati egoztekoak, dela esku hartu behar duten agintarien izaerak gomendatzen duelako, beti ere, Mahaiaren ustez ez bada Araudiko 38.2 artikulua ezarri behar.

5.– Araudiak esleitzen dizkion egitekoak ere beteko ditu.

6.– Lana hobeto egin dezan, Erakundeetarako, Gobernurako eta Araudirako Batzordeak talde txostengileak sor ditzake».

Hamabi.– 53. artikuluko hirugarren apartatua honela geratuko da idatzia:

«3.– Osoko Bilkurak erabakiko du, ikerketa-batzordea sortzeko erabakian, bilkurak publikoak edo isilpekoak izango diren.

Bileretan ezin dira batzordeko kide ez diren batzarkideak egon. Batzarkide taldeek ordezko izendatutakoak egon daitezke bakarrik, titular gisa ez dihardutenean hitz egiteko eskubiderik gabe joan daitezkeelako bileretara».

Hamahiru.– 59. artikuluko hirugarren apartatua honela geratuko da idatzia:

«3.– Isilpekoak ez diren bilkuretara jendea joan daiteke, gonbidapen bat izanez gero eta kasu bakoitzean lehendakariak ezarritako formalitateak betez gero.

Batzar Nagusietako Mahaiak ikus-entzunezko bitartekoak jartzea bultzatuko du, horrela, bilkurak transmitituz, jendeak bilkuretan sartzeko bidea izan dezan».

Hamalau.– 61. artikuluko hirugarren apartatua honela geratuko da idatzia:

«3.– Osoko Bilkuraren gai-zerrenda alda daiteke. Erabaki hori kideen gehiengo soilak hartu behar du, lehendakariak proposatuta, edo, bestela, bi batzarkide taldek, kideen seienak edo Bozeramaileen Batzordeak eskatuta».

Hamabost.– 63. artikuluko laugarren apartatua honela geratuko da idatzia:

«4.– Ganberako Mahaiko lehendakariordeek edo idazkariek edo batzorde bateko lehendakariak eztabaidetan parte hartu nahi dutenean bere aulkia utzi behar dute, eta eztabaida bukatutakoan aulkira itzuli.

Ganberako lehendakariak Araudiak aurreikusitako eztabaidetan bakarrik hartu ahal izango du parte, eta kasu horietan aurreko paragrafoan ezarritakoa bete beharko da».

Hamasei.– 71. artikuluko lehenengo apartatua honela geratuko da idatzia:

«1.– Batzarkideen botoa pertsonala da, eta ezin da eskuordetu, kasu hauetan izan ezik:

a) Haurdunaldian zehar arriskuan egoteagatik batzarkide emakumezkoak ezin duenean bilkuretara joateko betebeharra bete, eta bilkura horretan ezin denean ordezkapena egin, bozeramaileari edo beste batzarkide bati eskuordetu diezaioke botoa.

b) Amatasunagatik sei aste arteko atsedenaldia dute batzarkide emakumezkoek erditzea eta gero. Denboraldi horretan, bozeramaileari edo beste batzarkide bati eskuordetu diezaiokete botoa. Eskubide bera dute adopzio eta harrera kasuetan batzarkide emakumezko zein gizonezkoek.

c) Amatasunagatik edo aitatasunagatik batzarkideak ezin duenean eztabaida eta bozketetara joateko betebeharra bete, eta bilkura horretan ezin denean bere ordezkapena egin, bozeramaileari edo beste batzarkide bati eskuordetu diezaioke botoa.

d) Batzarkideak ezin duenean bilkurara joan ospitalean dagoelako edo gaixotasun larri batengatik, behar bezala egiaztatuz gero, eta bilkura horretan ezin denean bere ordezkapena egin, beste batzarkide bati eskuordetu diezaioke botoa.

Botoa eskuordetzeko, Batzar Nagusietako Mahaiari idatzia zuzendu behar zaio, eta botoa eskuordetzen duen pertsonaren nahiz eskuordetzan hartzen duen pertsonaren izenak jarri behar dira, bai eta botoa zer eztabaida eta zer bozketetarako eskuordetzen den ere, edo, dagokionean, eskuordetzaren iraupena. Mahaiak, eskaera izapidetzeko onartzerakoan, eskuordetutako botoa erabiltzeko prozedura eta gehienezko iraupena ezarriko ditu».

Hamazazpi.– 75. artikulua honela geratuko da idatzia:

«Batzar Nagusiek erabakiak hartzeko modu hauek dituzte:

a) Lehendakariaren proposamena baiestea.

b) Bozketa arrunta egitea.

c) Jendaurrean bozkatzea, izen-abizenez deituta.

d) Isilpean bozkatzea.

e) Mahaiaren iritzia entzun ondoren, lehendakariak kasu bakoitzean egoki irizten dion beste eraren bati jarraitzea».

Hemezortzi.– 77. artikuluko a) apartatua honela geratuko da idatzia:

«a) Eskua jasoz. Lehenik, alde daudenek jasoko dute eskua, gero, aurka daudenek, eta, azkenik, abstenitzen direnek. Lehendakariak emaitzaren gainean zalantza badu, edo, emaitza aldarrikatu eta gero batzarkide talde batek kontaketa berriro egiteko eskatzen badu, lehendakariak berriro kontatzeko aginduko dio idazkariari. Hurrengo eztabaida hasitakoan ezingo da ezer erreklamatu».

Hemeretzi.– Araudiko 80. artikulua ezabatuko da.

Hogei.– 89. artikuluko bigarren apartatua honela geratuko da idatzia:

«2.– Batzar Nagusietako Mahaiak arautuko du komunikabideetako profesionalak Ganberan esleituta dituzten lokaletara nola sartu, eta joatea daukaten bilkuretara nola sartu.

Grabazio grafiko eta soinudunak ere Ganberako Mahaiak baimendu behar ditu, eta, horretarako, egokitzat dituen arauak emango ditu».

Hogeita bat.– 89 bis zenbakiko artikulu berria erantsiko da, eta honela geratuko da idatzia:

«1.– Batzar Nagusiek bere jarduera publikoen gardentasun ahalik eta handiena bermatuko dute.

2.– Mahaiak neurri egokiak hartuko ditu herritarrek web-orriaren bidez parlamentu-izaerako dokumentaziorako sarbidea izan dezaten, eta dokumentazioaren izapideen jarraipena egiteko aukera izan dezaten.

Halaber, Mahaiak arautuko du Batzar Nagusien web-orriaren barruko gardentasunaren atarian jarriko den informazioaren edukia».

Hogeita bi.– 102. artikuluko lehen eta bigarren apartatuak honela geratuko dira idatziak:

«1.– Foru Aldundiak bidalitako foru-arauen proiektuek zioen adierazpena eta artikuluen testua izan beharko dituzte.

2.– Halaber, aurrekariak ere izan behar dituzte, proiektuari buruz iritzia eman ahal izateko beharrezko aurrekariak. Horretarako, dokumentu hauek erantsi behar zaizkio, gutxienez: hastapen-agindua; memoria orokorra, non entzunaldi, kontsulta edo informazio publikoko izapideetan izan diren alegazioak –halakorik izan bada– jaso behar diren eranskin bezala; Departamentuak eginiko txosten juridikoa; genero-eraginaren ebaluazio-txostena, eta eragin txarrak arintzeko neurri zuzentzaileak, halakorik badenean; aurrekontu-eraginari buruzko txostena, zeinak, aurrekontuentzako karga bat bada, finantzaketari buruzko txostena ere jaso behar duen. Lege Aholkularitzako Batzordeak irizpena eman duen kasuetan irizpena ere bidali behar da».

Hogeita hiru.– 151. artikulua honela geratuko da idatzia:

«Batzarkide taldeek ebazpen-proposamenak aurkez ditzakete, Batzar Nagusiek gai jakin baten gainean eztabaida dezaten eta erabaki bat har dezaten».

Hogeita lau.– 154. artikulua honela geratuko da idatzia:

«Mahaiak ebazpen-proposamen bat presaka izapidetzeko kalifikatzen duenean, ebazpen-proposamena proposatu duen taldeak hala eskatu duelako, hurrengo Osoko Bilkurako edo batzordeko gai-zerrendan sartuko da automatikoki.

Zuzenketak aurkezteko epea Osoko Bilkura edo batzordea hasi baino hogeita lau ordu lehenago amaituko da.

Ganberako lehendakariak edo dagokion batzordeko lehendakariak zuzenketei bide eman diezaioke, salbuespen batekin: dagokion organoaren mahaiko kideren batek zalantzak baditu izapidetzeko onartzeari buruz. Orduan, Ganberako edo batzordeko mahaia biltzeko deialdia egin behar da zuzenketa kalifikatu eta izapidetzeko onartzeko».

Hogeita bost.– 162. artikulua honela geratuko da idatzia:

«1.– Batzar Nagusiek onartutako eta Foru Aldundiari zuzendutako mozioak eta ebazpenak nola betetzen diren azaldu behar dio Foru Aldundiak batzorde eskudunari. Foru Aldundiak hamabost eguneko epea dauka horretarako, mozio edo ebazpenak ezarritako epea amaitzen denetik, eta, eperik jarri ezean, onartu zirenetik hiru hilabetera.

2.– Mozioak eta ebazpenak nola betetzen diren azaltzeko, Foru Aldundiak komunikazioa bidal diezaieke Batzar Nagusiei, edo batzordearen aurrean agertu nahi duela adieraz dezake.

3.– Eskumena duen batzordearen bilera prozedura honen arabera egingo da:

1) Batzarkide taldeek duten jarrera adierazteko aukera izango dute, hamar minutuz.

2) Txanda horren ondoren, ekimenaren betetzeari buruzko bozketa egingo da.

Foru Aldundiak batzordearen aurrean agertzea aukeratu badu, batzordeak ekimenaren betetzeari buruzko bozketa beste bilera batera atzeratuko du, baldin eta batzarkide talde batek hala eskatzen badu.

4.– Foru Aldundiak aurreikusitako epea luzatzeko eskatuko balu, Mahaiak erabaki beharko du luzatu edo ez, beti ere, Araudiko 83. artikuluaren arabera.

5.– Aurreikusitako epea igaro eta Foru Aldundiak ez badu komunikazioa bidali, edozein batzarkide taldek eskatu ahal izango du gaia automatikoki hurrengo Osoko Bilkurako gai-zerrendan sartzeko».

Hogeita sei.– Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketari, Gobernuari eta Administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Araua aldatzen duen uztailaren 3ko 3/2013 Foru Arauak eginiko aldaketen ondorioz, egokitzapenak egingo dira Araudiaren gaztelaniazko testuan. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiko organo kolegiatu gorenaren gaztelaniazko izena aldatu zen.

«Araudiaren gaztelaniazko testuan Consejo de Diputados dioen bakoitzean Consejo de Gobierno Foral jartzen duela ulertuko da».

XEDAPEN GEHIGARRIA

Artikulu bakarraren hamargarren atalean eginiko aldaketaren ondorioz, Araudiko 28.4, 181.1, 188.3, 195.2 artikuluak eta lehenengo xedapen gehigarria aldatzen dira, Araudirako, Erakundeetarako eta Gobernurako Batzordea aipatzen den bakoitzean uler dadin izen berria aipatzen dutela, hau da, «Erakundeetarako, Gobernurako eta Araudirako Batzordea».

AZKEN XEDAPENA

Araudiaren aldaketa hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da.

Donostia, 2014ko uztailaren 2a.

Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria,

LOHITZUNE TXAROLA GURRUTXAGA.


Azterketa dokumentala