Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

150. zk., 2014ko abuztuaren 11, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3521

EBAZPENA, 2014ko uztailaren 30ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena; honen bidez, gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko laguntzen deialdia argitaratzen da. Lehen Aukera programa.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2014ko uztailaren 30ean hartutako Erabakiaren bidez, gazte langabeak euskal enpresen kanpoko lantokietan praktiketan kontratatzeko laguntzen deialdia egitea onartu du. maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretu bidez onartutako Lanbideko Estatutuen 10.2 artikuluko p) idatzi-zatian xedatutakoaren arabera, erakunde autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio hori argitaratzea.

Azaldutako guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko laguntzen deialdia argitara ematea (Lehen Aukera programa). Deialdi hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabaki bidez onartu zen, 2014ko uztailaren 30ean, eta ebazpen honi erantsi zaio.

Bigarrena.– Laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko uztailaren 30a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

ADOLFO ALUSTIZA FERNÁNDEZ.

ERANSKINA
GAZTE LANGABEAK EUSKAL ENPRESETAN PRAKTIKAK EGITEKO KONTRATATZEKO LAGUNTZEN DEIALDIA. LEHEN AUKERA PROGRAMA.

2007an hasi zen enpleguaren egungo suntsitze-prozesua, eta eragin bereziki txarra izan du gazteen langabezia-tasan. Kolektibo horren arazoa egiturazkoa da, krisiarekin larriagotu egin da, eta eragina du gazteenen egoeran eta ekonomiaren epe luzeko hazkundean.

Krisi ekonomikoak eragin bereziki larria izan du zenbait biztanle-multzotan, eta haien artean daude gazteak. Beraz, gazteen langabezia murriztea gure gizartearen erronka nagusietako bat da, eta bai erakunde publikoek bai ekimen pribatuak aurre egin behar diote arazoari. Arazoa konpontzeko, neurri handi batean, ezinbestekoa izango da harekin zerikusia duten erakunde eta sektore guztiek laguntzea, koordinatuta aritzea, eta ekimen pribatuak neurri egokiak prestatzen, hartzen eta gauzatzen parte hartzea.

Ildo horretan, argi dago neurriak hartu behar direla lanik ez duten eta hezkuntza- edo prestakuntza-jardueretan parte hartzen ez duten gazteei begira, haiek laneratzea eta gizarteratzea lortzeko, eta lan-merkatuan kalitateko enpleguarekin iraun dezaten erdiesteko. Kolektibo horretan heterogeneotasun handia dago, egoera pertsonalak eta prestakuntza-mailak askotarikoak dira, eta, horrenbestez, neurrietan hezkuntzaren eta prestakuntzaren hobekuntza eta kontratazioaren eta autoenpleguaren sustapena kontuan hartu behar dira.

Gazte-enplegurako ekimena lanik ez duten eta hezkuntza- edo prestakuntza-sistemetan jarduerarik egiten ari ez diren gazte guztientzat izango da, haien prestakuntza-maila edozein dela ere, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko EB 1304/2013 Erregelamenduak arautzen du. Ekimen hori kolektibo horretan duten langabeziaren egiturazko arazoari aurre egiteko Europar Batasunaren ekimen adierazgarrienetako bat da, jarduteko hainbat ekimen eta gomendio babesten ditu, eta Gazte Bermeari buruzko Kontseiluaren Gomendioa betetzeko finantza-tresnetako bat da.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Europako Enplegu Estrategiaren alde dihardu. Hala, 2014-2016rako Eusko Jaurlaritzaren Enplegu Planaren esparruan (euskal gazteen laneratzea eta enplegua bultzatzea du helburuetako bat) eta 2013-2016rako Lanbideren Plan Estrategikoaren esparruan (pertsonentzako enplegu-aukerak hobetzea da horren helburuetako bat), komenigarria deritzo aipatutako printzipioekin bat datorren laguntza-programa bat bultzatzea gazteak kontratatzeko. Alde horretatik, deialdi honek 2013ko ekitaldian Eusko Jaurlaritzak Lehen Aukera izenarekin abian jarritako programa pilotuaren lekukoa hartu nahi du, lehen lan-aukera emateko ikasketak amaitu berri dituzten gazteei, hezkuntza-bizitzatik lanbide-bizitzara arteko aldaketa samurkiago egin dezaten.

Horrenbestez, titulua edo prestakuntza izanik ere beren tituluarekin lotutako lanetan esperientzia gutxi edo batere esperientziarik ez duten gazte langabeak kontratatzeko egiten da deialdi hau. Praktikaldiko lan-kontratua izango da emaitza, gazteen enplegagarritasuna sustatu eta laneratzea finkatzeko neurri gisa. Beraz, Lehen Aukera programaren xede nagusia da egungo egoera ekonomikoak gogor zigortutako euskal gizartearen parte horren lan-aukerak hobetzea eta bultzatzea, eta euskal ekonomiaren lehiakortasuna eta lan-merkatuaren kalitatea hobetzen laguntzea.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde autonomo honetako Administrazio Kontseiluak, 2014ko uztailaren 30ean, gazteak euskal enpresetan kontratatzeko laguntzen deialdia onartu zuen (Lehen Aukera programa). Hona hemen onartutakoa:

1. artikulua.– Xedea.

Deialdi honen xedea da titulua edo prestakuntza izanik ere beren tituluari lotutako lanetan esperientzia gutxi edo batere esperientziarik ez duten gazte langabeak euskal enpresek praktiketan kontratatzeko oinarriak ezartzea eta horretara bideratutako 2014ko laguntzak arautzea (4. artikuluan xedatu da zein enpresa izan daitezkeen laguntzen onuradunak), haien lan-esperientzia handitu, laneratzea finkatu eta, horrenbestez, enplegagarritasuna hobetzea lortzeko.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta Europako Gizarte Funtsaren baterako finantziazioa.

1.– Deialdi honek arautzen dituen laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrekontuko 4.999.276 eurokoa da. Kopuru horretatik, 2.819.276 euro 2014ko ordainketa-krediturako izango dira, eta 2.180.000 euro, berriz, 2015erako konpromiso-krediturako.

2.– Deialdia finantzatzeko baliabide ekonomikoak honela banatuko dira:

– 4.698.276 euro, praktikak egiteko kontratuak finantzatzeko. Aurrekontu horretatik, 2.518.276 euro 2014ko ordainketa-krediturako izango dira, eta 2.180.000 euro, berriz, 2015erako konpromiso-krediturako.

– 301.000 euro, 2014ko ordainketa-krediturako, 4.3 artikuluan adierazitako zentro laguntzaileek enplegu-eskaintzak bildu, erregistratu eta kudeatzea finantzatzeko.

3.– Deialdi honi esker diruz lagundutako lan-kontratuak eta eskaintza bildu, erregistratu eta kudeatzeko jarduerak Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatu ahal izango dira, 2014-2020rako Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren barruan.

4.– Emango diren laguntzen bolumen osoak ez du adierazitako diru-zenbateko hori gaindituko, ez eta hari egindako gehikuntzen ondorioz dagokion diru-zenbatekoa ere, baldin eta aurrekontuari aldaketaren bat egiten bazaio indarreko legediak araututako moduan, eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen. Azken kasu hori gertatzen bada, argitara eman beharko da gehikuntza hori, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Deialdi honen barruan, diruz lagundu ahal izango dira gutxienez 6 hilabete iraungo duten praktikaldiko kontratuak, baldin eta haien helburua bada EAEko lantokietan lanpostuak betetzea, kontratuak egiten dituzten gazteek 5. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen badituzte kontratuaren hasieran, eta gazteok deialdi honetako 9. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera aukeratu badira.

Kontratu horiek 2014ko azaroaren 21a baino lehen hasi beharko dira.

2.– Deialdi honetako lan-kontratuetarako laguntza jasotzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Kontratatutako pertsonaren ikasketa- edo prestakuntza-mailarako egokiak diren lanetarako egin beharko da kontratazioa.

b) Kontratuak idatziz formalizatu beharko dira, eta berariaz jaso beharko dituzte honako hauek: langilearen titulua, kontratua noiz hasi eta noiz amaituko den, zenbat iraungo duen, eta zein den bete beharreko lanpostua.

c) Urteko ordainsari gordina zenbatekoa den jaso beharko da kontratuan.

d) Kontratuak lanaldi osokoak edo lanaldi partzialekoak izan ahal izango dira; azken kasu horretan, inoiz ez dira izango erabakitako lanaldiaren % 70etik beherakoak.

e) Kontratuetan, arduradun bat izendatu beharko da, kontratatuak lanpostuan egiten duen lanaren gaineko jarraipena egiteko.

3.– Diruz lagungarriak izan ahal izateko, kontratazio horiek enplegu-sorrera garbia ekarri behar dute berekin; enplegu-sortze hori gertatzen den ikusteko, kontuan hartuko da diruz lagundutako kontratua daukaten pertsonak enpresan sartu aurreko sei hilabeteetan guztira batez beste zenbat langile egon diren enpresan. Batez besteko hori kalkulatzeko, diruz lagungarria den kontratazioa egin aurreko sei hilabeetetan enpresan egon den langile-kopurua batuko da (hilez hil), eta batuketa horren emaitza 6 zenbakiarekin zatituko da. Kontratazioaren hilean, batez besteko hori gainditzea ekarri behar du kontratu berriak (1 gehiago). Pertsona bat hil osoa kontratatuta egon ez bada, altan egon den egunen arabera zenbatuko da.

Betekizun hori ofizioz egiaztatuko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, diru-laguntzaren bigarren ordainketa egin aurretik.

4.– Edonola ere, praktikaldiko kontratuak bat etorri beharko du Langileen Estatutuaren 11.1 artikuluarekin eta estatutu hori garatzen duen martxoaren 27ko 488/98 Errege Dekretuarekin.

5.– Ez da diruz lagunduko honako hauek kontratatzea:

a) Ezkontidea, ondorengoak eta gainerako senideak, senidetasun-lotura badute odol- edo ezkontza-ahaidetasunagatik, bigarren mailara arte barne, enpresaburuarekin, edo enpresaren kontrola dutenekin, zuzendaritzako kargudunekin, edo sozietate-izaera juridikoa duten enpresetako administrazio-organoetako kideekin; ez eta azken horiek kontratatzea ere.

b) Era berean, ez dira diruz lagungarriak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren edozein deialditan diruz lagungarriak diren jarduerei lotuta gauza daitezkeen kontratuak, edo deialdien barruan diruz lagunduak izan direnak.

c) Hileko soldata gordina 1.051 eurotik beherakoa bada, lan-kontratuak ez dira diruz lagunduko 1. taldeko titulazioak dituzten pertsonen kasuan, eta hileko soldata gordina 872 eurotik beherakoa bada, 2. taldeko titulazioak dituztenen kasuan, 5. c) artikuluan adierazitakoaren arabera. Zenbateko horiek lanaldi osoko kontratuei dagozkiela ulertzen da. Lanaldi partzialeko kontratuen kasuan, muga horiek lanaldiaren iraupenaren arabera kalkulatuko dira.

6.– Era berean, 4.3 artikuluan araututako zentro laguntzaileek enplegu-eskaintzak bildu, erregistratu eta kudeatzea ere diruz lagungarria izango da, baldin eta amaieran deialdi honen babesean diruz lagundutako kontratuak gauzatzen badira.

Lan-eskaintzak jasotzeko prozesuaren bidez, lan-eskaintzaileetako batekin harremanetan jartzen da, lanpostu bat edo gehiago betetzeko beharra identifikatzen da, eta harengandik dagokion kudeaketa-eskaera lortzen da, eskatutako profila adierazita.

Lan-eskaintzak erregistratzeko prozesuaren bidez, eskaintzak jasotzeko prozesuan lortutako datuak kodetzen dira eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren informazio-sisteman sartzen dira, eta, horrela, sisteman lan-eskaintza berri bat sortzen da.

Lan-eskaintzak kudeatzeko ekintzaren bidez, honako prozesu hauek guztiak burutzen dira:

a) Aldez aurretik Lanbideren informazio-sisteman erregistratutako eskaintza aztertzea, eta, hala badagokio, osatzea.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emandakoen artean, une bakoitzean eskatutako lanpostuak betetzeko hautagai egokiak identifikatzea, eskaintza eta eskaera parekatzeko dauden moduen bitartez.

c) Eskainitako lanpostuetan sartzeko identifikatutako hautagaien prestasuna egiaztatzea.

d) Hautagai bakoitza enpresara bidaltzearen emaitza lortzea. Emaitza lortzea da, bete beharreko lanposturako egokitzapenari edo egokitzapen-ezari dagokionez, bidalitako hautagaiari buruz enpresak zein balorazio egiten duen eta horren arrazoia jakitea.

4. artikulua.– Enpresa eta entitate onuradunak.

1.– Honako hauek jaso ahal izango dituzte diru-laguntzak deialdi honetan aurreikusitako praktikaldiko kontratuak egiteagatik: enpresa pribatuek, haien forma juridikoa edozein izanda ere, banako enpresaburuek, ondasun-erkidegoek eta sozietate zibilek, hala nola elkarteek eta fundazioek, artikulu honetako 4. paragrafoan aurreikusitako baldintza orokorrak betetzen badituzte, honako hauek betetzeaz gain:

a) Helbide soziala edo fiskala EAEn izatea edo lan-zentroa EAEn egotea.

b) Administrazio publiko batek edo gehiagok % 50eko edo gehiagoko partaidetza zuzena edo zeharkakoa ez izatea.

c) Enplegurik suntsitu ez izana kontratazioaren bidez bete nahi den eta deialdi honetako diru-laguntza eskatzeko arrazoi den lanpostuan, kontratazio berria egin baino urtebete lehenagotik eta diruz lagundutako kontratazioak dirauen aldian.

d) Enpresako Langileen Legezko Ordezkaritzari (LLO) deialdi honen babesean kontratatzeko asmoa jakinarazi izana, kontratu-mota, kontratazio-aldia eta bete beharreko lanpostua zein diren adierazita. Enpresak LLOrik ez badu, horixe adierazi beharko du eskabidearekin batera, idatziz.

e) Laguntza ez-legezko edo ez-bateragarririk jaso ez izana, Estatuko laguntza-erregimen hauetako batetik: Araba I, Araba II eta Araba III (CR 48/99, CR 49/99 eta CR 58/99); Gipuzkoa I, Gipuzkoa II eta Gipuzkoa III (CR 50/99, CR 53/99 eta CR 59/00); eta Bizkaia I, Bizkaia II, Bizkaia III (CR 52/99, CR 54/99 eta CR 60/00), salbu eta itzuli egin badituzte edo kontu blokeatu batean gordailatu badituzte interes eta guzti.

2.– Honako hauek ezingo dira entitate onuradun izan, praktikaldiko lan-kontratuengatiko diru-laguntzei dagokienez: erakunde autonomoak eta sozietate publikoak, Administrazioaren edozein esparruri lotutako elkarteak edo entitateak, eta besteren zerbitzupean jartzeko enpleguetarako aldi baterako enpresak.

3.– Deialdi honen babesean diruz lagundutako kontratuak gauzatzearekin amaitzen diren enplegu-eskaintzak bildu, erregistratu eta kudeatzeagatik, onuradun izan ahal izango dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zentro laguntzaileak, jarduera horiek egiten dituztenak, honako dekretu honen arabera: 326/2003 Dekretua, abenduaren 23koa, Euskal Lan Zerbitzua izendapenaz, lan-agentziaren eginkizunetan Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak sustatzen dituen lan-merkatuko bitartekotza-ekintzen antolamendua eta garapena arautzen dituena.

Halaber, deialdi honi espezifikoki lotutako enplegu-eskaintzak bildu eta erregistratzeko zentro laguntzailearen izaera lor dezakete honako entitate hauek, betiere, EAEn kokatuta baldin badaude:

a) Unibertsitateak.

b) Itundutako lanbide-heziketako ikastetxe publikoak eta pribatuak.

c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren laguntzaile diren zentroak eta entitateak, baldin eta 2013ko ekitaldiko deialdietako enplegurako prestakuntza- eta enplegurako orientazio-laguntzen onuradun badira.

d) Udalak, mankomunitateak, kuadrillak, tokiko garapen-agentziak eta Behargintzak.

«Lehen Aukera» programari lotutako eskaintzak biltzen eta erregistratzen laguntzeko zentroaren izaera lortzeko eskaera deialdi honen I. eranskinari gehitutako inprimakia erabiliz bete beharko da.

Eskaera hori egiteko azken eguna 2014ko irailaren 12a izango da.

Gehienez ere hiru pertsona baimenduko dira entitate berean eskaintzen biltze- eta erregistratze-lanak egiteko.

Zentro laguntzaile izatea lortzea eraginkorra izan dadin, nahitaezkoa izango da entitateak baimendun bihurtu nahi dituen pertsona guztiek parte hartzea Lanbideko langileek emango duten prestakuntza-ekintza batean, bai eta hura aprobetxatzea ere; ekitaldi hori 2014ko irailaren bigarren hamabostaldian egingo da. Aurrez, prestakuntza-ekintzak non eta zer ordutan izango diren argitaratuko da www.lanbide.net gunean, eta haietako bakoitzean zer erakundek parte hartuko duten adieraziko da.

Prestakuntza-ekintzak amaituta, aipatutako baldintzak betetzen dituzten entitateei zentro laguntzailearen izaera aitortzeko ebazpena emango du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak.

4.– Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzen enpresa eta entitate onuradunek baldintza orokor hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan eguneratuta egotea.

Diru-laguntzak eskatzen dituzten enpresek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela ziurtatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du, organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.3 artikuluak xedatzen duenari jarraikiz.

b) Zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorrik jaso ez izana, eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik jaso ez izana, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.

5.– Enpresa eta entitate onuradunei diru-laguntzak onartzeko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbesteko baldintza izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko diru-laguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik bideratzen ari diren itzultze- edo zigor-prozedura guztiak amaituta egotea.

5. artikulua.– Deialdi honen baitan kontratatuko diren gazteen betekizunak.

Gazteak kontratatzeko da deialdi hau (16 urtetik gorakoak, eta 30 urtetik beherakoak), baldin eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan izatea bizilekua.

b) Langabea izatea eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa izena emanda egotea.

c) Honako multzo hauetakoren batean zehaztutako titulu bat izatea:

1. multzoa:

– Unibertsitateko lizentziatua, ingeniaria, arkitektoa.

– Unibertsitateko diplomatua, ingeniari teknikoa, arkitekto teknikoa.

2. multzoa:

– Lanbide Heziketa arautuko eta berariazko lanbide-heziketako goi-mailako edo erdi-mailako teknikaria; teknikari laguntzailearen (LH1) eta teknikari espezialistaren (LH2) tituluak horien baliokideak izango dira.

– Ofizialki aurrekoen baliokidetzat hartutako beste titulu batzuk.

– Profesionaltasun-ziurtagiria.

d) Identifikatuta egotea Gazte Bermearen Sistemaren datu-basean, eta aurrez egiaztatu izana beteta dauzkatela sistema horretara sartzeko baldintzak, uztailaren 4ko 8/2014 Errege Lege Dekretuak, hazkunderako, lehiakortasunerako eta eraginkortasunerako presako neurriak onesten dituenak, hala nola hartan geroago egin daitezkeen aldaketek xedatutakoaren arabera.

Baldintza hori bete beharrik ez dute izango, adina dela-eta Gazte Bermearen Sisteman identifikatu ezin duten gazteek.

e) Praktikaldiko kontratua hasi aurreko 30 egun naturaletan lan egin ez izana; hori lan-bizitzaren ziurtagiri bidez egiaztatuko dute, eskaintzaren kudeaketa zentro laguntzaile batek egiten badu. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren enplegu-bulego batek kudeatzen badu, ofizioz egiaztatuko da.

6. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1.– Kontratu bakoitzean diruz lagunduko den zenbatekoa honela zehaztuko da kontratu bakoitzeko soldata gordinaren arabera:

(Ikus .PDF)

Aipatutako diru-laguntza horiek lanaldi osoko kontratuei dagozkie. Lanaldi partzialeko kontratuen kasuan, zenbatekoak lanaldiaren araberakoak izango dira.

Zenbateko horiek % 10 handituko dira, kontratuak, gutxienez, 12 hilabetekoak badira.

2.– Era berean, 4.3 artikuluan aipatzen diren zentro laguntzaileek honako hau jasoko dute deialdi honen barruan diruz lagundutako kontratu bakoitzeko, kasuan kasuko eskaintza bildu, erregistratu eta kudeatzearen ondorioz:

– 120 euro, eskaintza bildu eta erregistratu duen zentro laguntzaileak.

– 80 euro, eskaintza kudeatu duen zentro laguntzaileak.

7. artikulua.– Eskabideak eta dokumentazioa aurkeztea.

1.– Deialdi honetako diru-laguntzak jasotzeko eskabideak eredu ofizialetan aurkeztu beharko dira (II. eta III. eranskinak), eta honako toki hauetan eskuratu ahal izango dira: http://lanbide.net web-orrian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerbitzu zentraletan edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lurraldeetako enplegu-bulegoetan.

Horretaz gain, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskaerak.

2.– Praktikak egiteko kontratuetarako diru-laguntzaren eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Eskabidea sinatzen duenaren NANaren fotokopia, edo haren nortasun-datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena; eta pertsona juridiko eskatzailearen ordez beste batek sinatzen badu eskabidea, sinatzen duen pertsona horren legezko ordezkaritzaren egiaztagiria.

b) Enpresaren identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.

c) Enpresaren eratze-eskrituren fotokopia.

d) Langileen Legezko Ordezkaritzari (LLO) egindako jakinarazpena, eta, LLOrik ez badago, enpresan LLOrik ez dagoelako berariazko adierazpena.

e) Enpresaren legezko ordezkariaren erantzukizunpeko aitorpena, aditzera ematen duena egingo diren kontratazioek enplegu-sorrera garbia ekarriko dutela berekin; sorrera hori gertatuko den ikusteko, diruz lagundutako kontratua egingo duten pertsonak enpresan sartu aurreko sei hilabeteetan hartan guztira batez beste zenbat langile zeuden kontuan hartuko da.

f) Enpresaren legezko ordezkariaren erantzukizunpeko aitorpena, adieraziz kontratazioaren eta deialdi honetako diru-laguntzen xede den lanpostua dela-eta ez dela enplegurik suntsitu, kontratazio berria egin baino urtebete lehenagotik eta diruz-lagundutako kontratazioak dirauen aldian.

g) Uneko ekitaldian zehar eta aurreko bietan jasotako «minimis» laguntzei buruzko aitorpena, enpresa eskatzaileak egina, deialdi honetako 19. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

3.– Praktikaldiko kontratuak egiteko diru-laguntzaren eskaerarekin batera, gainera, txosten deskribatzaile bat aurkeztu beharko da, barruan honako hauek jasoko dituena:

a) Diru-laguntza jaso nahi duen enpresaren deskribapen-memoria. Gutxienez honako hauek zehaztuko dira bertan:

– EAEko enpresa eskatzailearen deskribapena: Enpresaren jarduera, zer sektoretan diharduen, eskaeraren aurreko sei hilabeteetan batez beste zenbat langile izan dituen guztira, eta langile-kopurua zenbat handitu den kontratazio berrien ondoren.

b) Kontratazio-plana; hauek zehaztuko dira, gutxienez:

– Praktikaldiko kontratuen bidez beteko diren lanpostuei buruzko aurreikuspena, honako hauek zehaztuta: kontratuen iraupena, lanpostuak, zenbat pertsona kontratatuko diren, eginkizunak eta garatu beharreko lanak.

– Haiek betetzeko behar diren titulua eta profila, eskatutako titulazioaren eta bete beharreko eginkizunen arteko koherentzia kontuan hartuta.

– EAEn lan egingo duten lantokia.

– Nork izango duen praktikak egiteko kontratatutako pertsonaren edo pertsonen jarraipena egiteko ardura EAEko lantokian, 3.2 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

– Kontratatu beharreko pertsona bakoitzak jasoko duen urteko ordainsari gordina, zenbat ordainketatan banatuko den hura, eta zer diru-laguntza eskatu den egin beharreko kontratu bakoitzeko.

4.– Deialdi honen babesean diruz lagundutako kontratuak gauzatuta amaitu diren lan-eskaintzak kudeatu dituzten zentro laguntzaileek, diru-laguntza jasotzeko eskaerarekin batera, erregistratu eta/edo kudeatu dituzten enplegu-eskaintzen zerrenda aurkeztu beharko dute, haietako bakoitzean deialdi honen babesean kontratatutako pertsonekin.

5.– Eskabideak guztiz beteta ez badaude, edo 2. eta 3. idatzi-zatietan adierazitako derrigorrezko agiriak aurkezten ez badira, erakunde interesdunari 10 eguneko epearen barruan okerra konpon dezan edo aurkeztu beharreko agiriak aurkez ditzan eskatuko zaio; eta, hala egiten ez badu, eskaerari uko egin diola ulertuko da, eta horrek Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluan aurreikusitako ondorioak izango ditu.

6.– Eskabideak aurkezteko epea hau izango da:

– Praktikaldiko kontratuak diruz laguntzeko: deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu osteko lehen egunetik 2014ko urriaren 3ra arte.

– Lan-eskaintzak bildu, erregistratu eta kudeatzea diruz laguntzeko: 2014ko abenduaren 1era arte.

8. artikulua.– Ebazpena emateko prozedura, emate-prozedura eta ebazpena.

1.– Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak du prozedura izapidetzeko eskumena, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak, berriz, ebaztekoa.

2.– Eskabideak aurkezten diren hurrenkeran aztertuko dira, eta deialdiko baldintzak eta betekizunak betetzen dituzten guztiei hurrenkera horretan emango zaizkie diru-laguntzak, harik eta finantzaketarako funtsak amaitu arte. Kreditua zabaltzen ez bada, behin aurrekontu-zuzkidura amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuko da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

3.– Eskabideak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren esanbidezko ebazpen bidez onartu edo ukatuko dira.

Praktikaldiko kontratuak egiteagatik diru-laguntzak emateko ebazpenetan, enpresa bakoitzari ematen zaion kontratazio-plana jasoko da, hala nola diru-laguntzaren zenbatekoa, ordaintzeko era eta justifikazioa.

4.– Eskabideak ebazteko eta ebatzitakoa jakinarazteko, gehienez lau hilabeteko epea izango da, eskabidea aurkezten den egunetik zenbatzen hasita, eta epe hori amaitutakoan diru-laguntzaren eskabidea onartutzat hartuko da, baldin eta esanbidezko ebazpena ematen ez bada.

5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.

6.– Publizitate-printzipioa betetzeko, Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpenaz honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, deialdi honen babesean diru-laguntza zein enpresak jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zein enpresari emandako diru-laguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, ebazpena berariaz eta banan-banan ere jakinaraziko da.

9. artikulua.– Programan parte hartuko duten gazteak hautatzeko prozedura.

1.– Hautaketa-prozesua Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bidez egingo da.

2.– Enpresak, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta gehienez ere zazpi eguneko epean, eskaintza kudeatzeko eskaerak aurkeztuko ditu Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulego batean, edo Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuaren zentro laguntzaile batean, eskaintzak bildu eta erregistratzeko eta/edo eskaintzak kudeatzeko.

3.– Eskaintza kudeatzeko eskaera bat aurkeztu beharko da bete beharreko lanpostu-profil bakoitzeko. Eskaera inprimaki normalizatuan aurkeztuko da, IV. eranskinean adierazitako ereduaren arabera. Eskaera horretan, gutxienez, honako datu hauek adierazi beharko dira: izen-abizenak edo enpresaren izen soziala, IFK/IFZ, enplegatzailearen kotizazio-kontuaren kodea (baldin badago), lantokia dagoen udalerria, lanpostuaren izena, lanpostu-kopurua, lanpostuaren deskribapena, eta enpresaburuaren, legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren sinadura.

4.– Jasotzen duen bulegoak edo zentro laguntzaileak erregistratuko du deialdi honen babesean eskaintza kudeatzeko egindako eskaera bakoitza, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartekotza-sisteman identifikatuta geldituko da. Eskaintza erregistratu ondoren, haren erreferentzia jakinaraziko zaio enpresari.

5.– Eskaintzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak erabakitako prozedurak kontuan hartuta kudeatuko dira, eta eskatutako lanbide-profila eta baldintzak betetzen dituzten hautagaiak bidaliko zaizkio enpresari, haien geroko kontratazioa diruz lagundua izan dadin deialdi honen babesean.

6.– Eskaintza bat kudeatu ondoren hautagai gisa bidalitako pertsonei egindako kontratuak soilik izango dira diruz lagungarriak.

7.– Kontratu bakoitza jakinarazteko prozesuan, enpresak nahitaez adierazi beharko du kontratu horri lotutako eskaintzaren erreferentzia.

Deialdi honen ondorioetarako, 4.3 artikuluan aurreikusitakoak izango dira eskaintzak bildu eta erregistratzeko eta/edo eskaintzak kudeatzeko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zentro laguntzaileak; haien zerrenda hemen argitaratuko da: www.lanbide.net

10. artikulua.– Kontratatutako gazteak ordeztea.

1.– Behin kontratazioa egindakoan, honako kausaren bat dela-eta bakarrik ordeztu ahal izango du enpresak kontratatutako gaztea: probaldia ez gainditzeagatik lan-kontratua amaitzea, kontratatutakoak lana borondatez uztea, edo kontratatutako pertsonaren baliaezintasuna edo heriotza. Kontratatutako gazteak ordezteagatik ez da, inolaz ere, emandako diru-laguntza handituko.

2.– Kontratatutako gaztea ordezteko, enpresak horren berri eman beharko dio Lanbideri idatziz, eta beste hautagai bat kontratatu nahi duela ere jakinarazi beharko dio. Enpresak kontratatu beharreko pertsona berria identifikatu beharko du (hark, betiere, 5. artikuluan jasotako baldintzak bete beharko ditu), honako hauek erantsita: pertsona horren titulu akademikoaren fotokopia konpultsatua; kontratuaren kopia; gizarte-segurantzako alta; ahaidetasunik ez dagoelako erantzunkizunpeko adierazpena, 3.5 a) aurreikusitako moduan.

3.– Formalizatzen den lan-kontratu berriak deialdi honetako 3. artikuluan eskatutako betekizun guztiak bete beharko ditu.

11. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

1.– Diru-laguntza honela ordainduko zaie enpresa kontratatzaileei:

– Lehendabizi, emandako diru-laguntzaren % 53,60 ordainduko da, enpresaren kontratazio-planean aurreikusitako kontratuak formalizatu ostean; aurretik, ordea, hauek egin beharko dira: alde batetik, kontratuen kopia eta, deialdi honetako 3.5 a) artikuluan aurreikusitako moduan, senidetasunik ez dagoelako erantzunkizunpeko aitorpena aurkeztea (kontratuak formalizatu eta 10 egun balioduneko epean); bestetik, Lanbidek egiaztatzea langilea alta emanda dagoela Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean, eta 5 e) artikuluan aurreikusitako baldintza betetzen dela.

– Bigarren ordainketan, gainerakoa ordainduko da, % 46,40, edo justifikazioaren ondorioz dagokion kopurua, eta betiere diruz laguntzekoak diren jarduketak justifikatuta, 12. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.– Zentro laguntzaileek ordainketa bakar batean jasoko dute diru-laguntza, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak laguntza ematea ebatzi ondoren.

12. artikulua. – Diru-laguntzaren justifikazioa praktikaldiko kontratuak egiteagatik, eta epea.

Kontratuak justifikatzeko, enpresa onuradunak, haiek amaitu eta gehienez ere hilabeteko epean, eta betiere 2015eko uztailaren 31 baino lehen sei hileko iraupeneko kontratuetan, eta 2015eko abenduaren 15a baino lehen iraupen handiagoko kontratuetan, Azken Memoria aurkeztuko du, honako dokumentazio hau barne:

a) Praktikaldiko kontratu bidez kontratutako gazteen zerrenda, eta kontratu horien benetako iraupena.

b) Nominak eta enpresak –nomina bakoitzaren zenbatekoaren arabera– egindako banku-transferentzien justifikagiriak.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ofizioz egiaztatuko du diruz lagundutako kontratuen benetako iraupena eta 3.3 artikuluan aurreikusitako baldintza betetzen dela.

13. artikulua.– Enpresa onuradunen betebeharrak.

1.– Erakunde onuradunaren betebehar izango dira azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2. artikuluan jasotakoak, eta, bereziki, honako hauek:

a) Diru-laguntza ematea eragin zuen jarduera gauzatzea.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrean justifikatu beharko da bete direla diru-laguntza jasotzeko betebeharrak eta baldintzak.

c) Honako hauen egiaztatze-jarduketei baiezkoa ematea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila, Ogasun eta Finantza Saileko Ekonomi Kontrolerako Bulegoa, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, eta Europako funtsen kontrol-instantziak.

Diruz lagun daitezkeen gastuek Europako Gizarte Funtserako hautatuak izateko baldintzak bete ditzaten, gastuaren kontabilitate-erregistroa izan behar dute entitate onuradunean, kontabilitate-identifikazio bereiziarekin.

d) Helburu berberarekin beste edozein administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatutatik diru-laguntzak edo laguntzak jasoz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

e) Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea, baita diruz lagundutako jardueren izaerari edo xedeari funtsean eragiten dion beste edozein gertakizun ere.

f) Jarduera horiek egiaztatzeko eta kontrolatzeko eta haien jarraipena egiteko prozeduretan laguntzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

g) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea zer itzultze-edo zehapen-prozedura izapidetzen ari diren oraindik, abiatuta egon arren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako izaera bereko diru-laguntzen edo laguntzen barruan.

h) Deialdi honen babesean diruz lagundutako jarduerak jakinarazteko, zabaltzeko edo argitaratzeko material eta ekintza guztietan, espresuki adieraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Europako Gizarte Funtsaren artean finantzatu direla laguntzak, 2014-2020 Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren barruan.

2.– Orobat, diru-laguntza jasotzen duten enpresen betebeharrak dira honako hauek ere:

a) Kontratatutako gazteari bere lanpostuan egiten duen lanaren jarraipena egiteko arduradun bat ipintzea, kontratua amaitzean gaitasunetan zer aurrerabide izan duen balora dadin, eta horrela, enplegu-politika aktiboen zerbitzurako tresnak izan daitezen, gaztearen enplegagarritasuna hobetze aldera.

b) Kontratua amaitzean, enpresak ziurtagiri bat egin behar dio langileari. Hor, honako hauek jaso behar dira, gutxienez:

– Praktikaldiko kontratuaren iraupena.

– Betetako lanpostuak, eta bakoitzean egindako zeregin nagusiak.

14. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere esku izango du ikuskapen- eta kontrol-jarduerak egitea, deialdi honen helburuak betetzen direla bermatzeko.

15. artikulua.– Diru-laguntza aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako diru-laguntza aldatu ahal izango da, betiere deialdi honetan diru-laguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eutsiz. Baldintzen aldaketa horren ondorioz diru-laguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.

16. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak ezin bateratuzkoak dira beste edonolako diru-laguntza, laguntza edo sarrera lortzearekin, baldin eta beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuek ematen badituzte kontzeptua eta helburua bera izanik, praktikaldiko kontratuetako gizarte-segurantzako kuotetan aurreikusitako hobariekin izan ezik.

Bateraezintasun-kasuen artean, eta enplegu eskaintzak biltzeko eta erregistratzeko jarduerengatik bezala haiek kudeatzeko jarduerengatik ere aurreikusitako diru-laguntzei dagokienez, abenduaren 23ko 326/2003 Dekretuaren babesean jarduera horiek egiteko Lanbideren laguntzaile diren zentroei emandako laguntzak daude (aipatu dekretu horrek, Euskal Lan Zerbitzua izendapenaz, lan-agentziaren eginkizunetan Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak sustatzen dituen lan-merkatuko bitartekotza-ekintzen antolamendua eta garapena arautzen ditu).

17. artikulua.– Ez betetzeak eta emandako diru-laguntzak itzultzea.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntza jaso duten erakundeak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan aipatzen diren kasuetako batean badaude, edo deialdi honetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badute, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpen bat emango du; ebazpen horren bitartez, jasotako kopuruak osorik edo zati batean itzuli behar dituztela adieraziko du, eta kopuru horiei diru-laguntza ordaintzen den unetik aurrerako legezko interesak erantsi beharko zaizkie, dagozkion gainerako ekintzak aparte utzi gabe, hala xedatuta baitago abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, horrek arautzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntza jaso duen erakundeari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela ere jakinaraziko dio. Prozedura hori hasten denean, eten egingo dira egiteko dauden ordainketak, halakorik egonez gero.

3.– Alegazioak aurkezteko epea igarotakoan halakorik aurkeztu ez bada, edo onartu ez badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena emango du. Diru-laguntzak itzultzeko prozedura ebazteko epea gehienez 12 hilabetekoa izango da.

4.– Ebazpenak arauren bat bete gabe utzi dela iritziz gero, eta diru-laguntza osorik edo zati bat jasotzeko eskubidea galdutzat ematen badu, interesdunak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharko dizkio dagozkion diru-kopuruak; horretarako, bi hilabeteko epea izango du, ebazpena jakinarazten denetik hasita. Epe hori borondatezko epetzat joko da.

5.– Borondatezko epe horretan diru-laguntza itzultzen ez bada, diru-laguntza berreskuratzeko premiamendu bidera jotzeko izapideei ekingo zaie.

18. artikulua.– Izaera pertsonaleko datuen tratamendu automatizatua.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betetzeko, deialdi honetan araututako laguntza-eskaerak betetzearen bidez lortutako datu pertsonalak bere titulartasuneko fitxategia batean («Enplegurako eta prestakuntzarako diru-laguntzak») sartuko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak; fitxategi hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoak datu pertsonalak biltzeko dauzkan fitxategiak arautzen dituen Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko urriaren 10eko aginduan dago araututa.

Halaber, pertsona interesdunek datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haiei aurka egiteko eskubideak izango dituzte, legeak onartzen duen eran; horretarako, hori adierazten duen idazki bat igorri beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009, 01009 Gasteiz).

19. artikulua.– Eskumenari buruzko Europako araudia.

1.– Deialdi honetan zehaztutako laguntzek «minimis» araua bete beharko dute; arau hori 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduan xedatu zen (2013ko abenduaren 24ko L352 DOUE), eta aipatu erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamendu Itunaren 107. eta 108. artikuluak «minimis» laguntzei aplikatzeari buruzkoa zen. Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakar bati «minimis» laguntzetan emandako zenbatekoak ezin izango du gainditu 200.000 euroko kopurua hiru ekitaldi fiskaleko edozein alditan.

Muga hori aplikatzeko, kontuan hartu beharko da nola definitzen den «enpresa bakarra» erregelamendu horren 2.2 artikuluan.

2.– Dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bietan jasotako «minimis» laguntza horiei buruzko aitorpena egin beharko du laguntza-eskatzen duenak, honako hau frogatzeko: «minimis» laguntza berriarekin ez dela gainditzen Erregelamenduan ezarritako gehieneko muga.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala