Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

154. zk., 2014ko abuztuaren 18a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3551

AGINDUA, 2014ko uztailaren 30ekoa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, gizarte-ekonomiako enpresa-lankidetzarako laguntzak arautzen dituena eta laguntzetarako deialdia egiten duena.

Enpresa-lankidetza, gizarte-ekonomiako enpresen nortasunaren funtsezko printzipio nazioartean aintzatetsia ez ezik, behar-beharrezkoa ere bada enpresa-krisiko garai hauetan, batez ere enpresa txikientzat.

Hori sustatu eta bultzatzea beraren elkarte-egiturei dagokie lehenik, eta Administrazioaren zeregina hori ahalbidetzen laguntzea da, gizarte-ekonomiako enpresak sustatzeko, suspertzeko eta garatzeko bere gain hartzen dituen legezko aginduak, estatutu-arauak eta politika publikoak bete daitezen.

Horren ondorioz, egonkortasun-politikek eta defizit publikoak eragindako aurrekontu-murrizketak gora-behera, ekitaldi honetarako beharrezkotzat jo da lankidetza sustatzeko diru-laguntzen lerro bat irekitzea, diru-laguntzen objektua eta subjektuak eta oinarrizko parametroak zehaztuz.

Horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko 2014. urteko Aurrekontu Orokorrak Onartzen dituen abenduaren 23ko 4/2012 Legea onartu denez, eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak azaldutakoa entzunda, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Gizarte Ekonomiako entitateek enpresa-lankidetzarako ekintzak burutu ditzaten Eusko Jaurlaritzak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren bitartez, 2014ko ekitaldian eman ahal izango dituen laguntzak arautzea eta laguntzetarako deialdia egitea da Agindu honen xedea.

2. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

Agindu honetan barne hartzen diren laguntzak jaso ahal izango dituzte jarraian aipatzen diren jardueretatik zuzenean eratorritako gastuek:

a) Lankidetza-proiektu bat lantzeak eta ezartzeak eragindako gastuak, ordezkaritza duten gizarte-ekonomiako elkarte-entitateek elkartekide dituzten enpresentzat egindakoak.

Lankidetza-akordioak egiteko aukeraren eta bideragarritasunaren inguruan egindakoak hartuko dira lankidetza-proiektutzat eta, besteak beste, gai hauei buruzkoak izango dira: ondasun eta zerbitzuen salerosketari buruzko lankidetza-tresnak ezartzea, berrikuntzarako estrategiak elkarrekin diseinatzea, kostua murriztea eta kalitatea hobetzea, teknologia elkarrekin erostea, baterako finantzaketa-tresnak erabiltzea, eta, oro har, zerbitzuak batera kontratatzea.

Gastu horiek kanpokoak izan beharko dute, eta honako hauei dagozkienak: lege-aholkularitza edo/eta aholkularitza ekonomikoaren kontuari eta eratorritako notario- edo/eta erregistro-kostuei.

b) Akordioak landu eta formalizatzeko eta enpresa-lankidetzako enpresak edo egiturak sortzeko beharrezkoak diren kanpoko gastuak, gizarte-ekonomiako enpresek bat-egiteko beharrezkoak direnak barne.

Kanpoko gastutzat hartuko ditugu lege-aholkularitza edo/eta aholkularitza ekonomikoaren kontuari dagozkienak, eta akordioak formalizatzeko notario- eta erregistro-kostuak.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta diru-laguntzaren muga.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, ehun eta hirurogeita hamaika mila zazpiehun eta berrogeita hamar (171.750) euroko gehienezko kopurua erabiliko da guztira, honela banatuta: ehun eta hiru mila eta berrogeita hamar (103.050) euroko ordainketa-kreditua 2014ko ekitaldirako, eta hirurogeita zortzi mila eta zazpiehun (68.700) euroko konpromiso-kreditua 2015eko ekitaldirako. Aurreko paragrafoetan aipatutako kopuruak gehitu ahal izango dira, indarreko legeriaren arabera aurrekontuen aldaketaren bat onartzen baldin bada. Aldaketa horiek egon baleude, gertaera hori argitara emango litzateke, Enplegu eta Laneko sailburuordearen ebazpen baten bidez.

2.– Agindu honetan ezarritako baldintzak eta irizpideak betetzen dituzten eskabideek diru-laguntza jasoko dute. Agindu honetan zehaztutako irizpideak erabiliz kalkulatutako diru-laguntza guztiak batuta, xede honetarako baimendutako aurrekontu-atala gainditzen bada, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, kalkulatutako diru-laguntzei hainbanaketa bakarra aplikatuz.

4. artikulua.– Bitarteko elektronikoak erabiltzea.

1.– Agindu honetako laguntzak jasotzeko eskabideak modu presentzialean zein bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahal izango dira.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak modu presentzialean zein bide elektronikoa erabiliz izapidetzeko jarraibideak egoitza elektronikoan daude, helbide honetan:

– http://www.gizartelan.ejgv.euskadi.net/r45-econosoc/eu/

3.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak ez du behartzen aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabiltzera, eta aukeratutako bidea edozein momentutan alda daiteke.

4.– Eskaeraren ondoko izapideak, bide elektronikoaren bitartez, honako helbide honetan egingo dira: https://euskadi.net/nirekudeaketak

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Sozietatearen egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan dutela eratutako kooperatiba sozietateek, lan-sozietateek, eta gizarte-ekonomiako enpresa lankidetzako sozietate-erakundeek eta egiturek jaso ahal izango dituzte agindu honetan jasotzen diren laguntzak.

Jarduera aholkularitza-erakunde batekin lankidetzan egiten baldin bada, erakunde horrek agindu honen 6. artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko ditu.

6. artikulua.– Aholkularitza-erakundeak.

Aurreko artikuluan aipatu diren aholkularitza-erakundeek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea edo lantokiren bat bertan edukitzea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan dituen lantokietan goi-mailako tituludunak edukitzea, eta tituludun haiek enpresa-kudeaketako lankidetza-sistemen gaineko azterlanetan eta ezarpenean esperientzia egiaztatua izatea.

c) Lanaren gaineko ardura duen aholkulariak aholkularitza-enpresan gutxienez hiru urteko esperientzia edukitzea ziurtatu beharko du.

7. artikulua.– Erakunde onuradunen baldintzak.

Agindu honetako laguntzak lortu ahal izateko, erakunde onuradunek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Legez eratuta egotea eta dagokien erregistroetan behar bezala inskribatuta egotea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan lantokia(k) eta egoitza soziala edukitzea.

c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordainduta izatea, betiere Ogasun eta Finantza Sailak horiei dagokienez ezarritakoaren arabera.

d) Gainera, alta emanda egon beharko dute Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan. Erregistratuta egon ezean, edo Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi izanez gero, helbide hauetara jo ahal izango da alta emateko edo aldaketa egiteko:

– Aurrez aurreko bidea erabiliz:

http://www.ogasun.ejgv.euskadi.net/r51-341/eu/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/hirugarrenaren_alta.html, helbidean jasotako ereduaren araberako formularioa.

– Bide elektronikoa erabiliz:

http://www.ogasun.ejgv.euskadi.net/r51-341/eu/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/hirugarrenaren_alta.html, helbidean jasotako ereduaren araberako formularioa.

e) Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo ez egotea horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean. Orobat, agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman, eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak amaituta eduki beharko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi diren itzultze- edo zehapen-prozedura guztiak, prozedura horiek oraindik izapidetze-aldian badaude behintzat.

f) Lan-segurtasun eta -osasunari buruzko arauek ezarritako baldintzak betetzea, urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak, Prebentzio Zerbitzuen Arautegia onartzen duenak, ezarritakoaren arabera.

g) Entitate eskatzailearen erantzukizunez deklaratzea zein egoeratan dagoen administrazio honi edo beste administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza (emanda, eskatuta nahiz izapideak egiten).

8. artikulua.– Entitate onuradunek baldintzak egiaztatzea.

1.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatzeko, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatu beharko dira aurreko artikuluko baldintzak. Adierazpen hori eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.

2.– Herri-administrazioen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak gorabehera, eskabideek aukera emango dute laguntza jasotzen duen erakundeek idatziz onar dezaten organo kudeatzaileek datuak lortu edo egiaztatu ahal izango dituela.

3.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa egiaztatu egingo du organo kudeatzaileak, behar beste aldiz, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatuz.

4.– Halaber, erakunde eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

9. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa eta zenbateko hori erabakitzeko irizpideak.

1.– Diru-laguntzaren xede diren jarduerak gauzatzeari lotutako kanpo-kostu garbien % 50era arte emango du Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak, muga hauekin:

a) 2. a artikuluko jarduerak: hamabi mila eurora arte (12.000).

b) 2. b artikuluko jarduerak: hogeita hamar mila eurora arte (30.000).

2.– Diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, hauek izango dira irizpideak, emandako puntuen arabera:

a) Tamaina, bazkideen eta esku hartzen duten sozietateen kopuruaren arabera; tamaina txikienekoei emango zaie lehentasuna. Esku hartzen duten sozietateetako bazkideen kopurua 15 baino txikiagoa baldin bada, 2 puntu emango zaizkie; bestela, puntu 1.

Proiektuan bigarren mailako kooperatiba-sozietate batek edo elkarte batek esku hartzen badu, irizpidea beste bat izango da; proiektuak eragiten dituen pertsona fisikoekiko batez bestekoa.

b) Esku hartzen duten sozietateen kopurua; parte hartzaile gisa enpresa gehien dutenek izango dute lehentasuna. Esku hartzen duten sozietateetako bazkideen kopurua 2 baino handiagoa baldin bada, 2 puntu emango zaizkie; bestela, puntu 1.

c) Esku-hartzaileen inplikazio-maila, parte-hartzaile bakoitzak egin beharko duen ekarpenaren muntaren arabera. Ezarri nahi den interkooperazio-mekanismoa autofinantzatzen bada % 50tik gora parte-hartzaile bakoitzaren ekarpenekin, bi puntu; bestela, puntu 1.

d) Proiektuaren iraupena; iraupen luzeena duten proiektuek izango dute lehentasuna. Proiektuaren iraupena datarik gabekoa baldin bada, 2 puntu emango zaizkie; bestela, puntu 1.

e) Lankidetzaren nolakotasuna; integrazio-maila handiena duten proiektuek izango dute lehentasuna. Interkooperazioa enpresak edo egiturak sortzean baldin badatza, 2 puntu emango zaizkie; bestela puntu 1.

10 puntuko puntuazio handiena lortzeak, aurreko baremazioari lotuta, ekarriko du berarekin lortzea artikulu honen 1. zenbakian jasotako zenbateko handiena; lortutako puntuen arabera jaitsiko da, proportzionalki.

3.– Agindu honen arabera onuradun bakoitzak lortu ditzakeen kopuruaren muga orokorra hogeita hamar mila eurokoa izango da (30.000).

10. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak dira arrazoi eta xede beragatik beste edozein administraziok edo erakunde publikok ematen dituen bestelako laguntzekin. Nolanahi ere, diru-laguntzen zenbatekoak ezin izango du diruz lagundutako jardueraren kostu osoa gainditu, ezta agindu honetako 9.3. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa ere.

2.– Agindu honetako laguntzak eta erakunde onuradunak beste administrazio edo erakunde publiko batzuetatik arrazoi eta xede beregatik jasotzen dituen bestelako laguntzak pilatzen badira, eta laguntza horien baturak laguntza-gai den jardueraren kostua edo agindu honetako 9.3 artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen badu, orduan soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da.

11. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunetik aurrera.

2.– Lankidetza-jardueretan parte hartzen duten entitateek ordezkari bakarra izendatuko dute. Ordezkariak aurkeztuko du eskabidea, Administrazioarekiko solaskidea izango da, eta berak izango du proiektuaren garapenaren eta kudeaketaren erantzukizuna, agindu honen 7. artikuluan entitate onuradunei ezartzen zaizkien betebeharrak alde batera utzi gabe.

Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak enpresa-lankidetzako elkarteek eta egiturek sustatzen eta bultzatzen badituzte, beraiek izango da gainerako onuradunen ordezkariak.

3.– Diru-laguntzen eskabideak agindu honetako I. eranskinean jasotako inprimaki normalizatuan aurkeztuko dira. Inprimaki hori euskadi.net helbide elektronikoan ere eskura daiteke.

4.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, pertsonak edo erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

5.– Eskaerak modu presentzialean aurkeztu ahal izango dira Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren lurralde-ordezkaritzetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan, behar bezala betetako eskabide normalizatuaren bidez. Bide elektronikoa erabiliz egiten diren eskabideak https://euskadi.net/nirekudeaketak helbidean aurkeztuko dira. Eskabideari erantsita, dagokion artikuluan zehazten diren dokumentuak aurkeztu beharko dira.

12. artikulua.– Nahitaezko dokumentazioa.

Agindu honetan jasotako onurak bereganatu nahi dituzten erakundeek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eskabide sinatua, datu hauekin:

– Jarduera-mota: azterlana, akordioak formalizatzea, enpresa-lankidetzako egiturak sortzea eta bat-egitea.

– Parte hartzen duten enpresak, eta horietako bakoitzaren bazkide kopurua.

– Kalkulatutako aurrekontua.

– Entitate bakoitzak kostuetan dituen partaidetza-portzentajeak.

b) Proiektuaren edo lankidetza-jardueraren azalpen-memoria, hauek adierazita: faseak, iraupena, metodologia eta, bat-egiteen kasuan, bat-egindako entitateen xedea betetzeko lankidetza-era horrek duen egokitasun handiagoaren azalpena.

c) Aholkularitza-erakunde batek parte hartzen badu:

– Erakundearen datuak.

– Azterlana gauzatzerakoan lankidetzan jarduteko akordioa.

– Zinpeko aitorpena, Agindu honetako 4. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzen direla adierazten duena.

13. artikulua.– Eskabidean egindako hutsak zuzentzea.

Eskabideak oso-osorik betetzen ez badira edo derrigor aurkeztu beharreko agiriekin aurkezten ez badira, eskatzaileari hamar eguneko epea emango zaio, akatsa zuzendu dezan edo falta diren agiriak aurkez ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, agindutakoa bete ezean, eskariari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, Administrazioak eskariari buruzko ebazpena espresuki eman beharra dauka, baita jakinarazi beharra ere, hala xedatuta baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71.1 eta 42.1 artikuluetan.

14. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publizitate-prozedura.

1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza izango da agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Gizarte Ekonomiaren zuzendariak berariaz emandako ebazpenaren bidez emango edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak.

Ebazpen horrek administrazioarekiko bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Enplegu eta Laneko sailburuordeari, hilabeteko epean jakinarazpen-egunaren biharamunetik kontatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraiki.

3.– Agindu hau indarrean sartzen den unetik zenbatzen hasi eta sei hilabete igaro ondoren berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, eskabideei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, Administrazioak berariaz ebazteko duen obligazioaren kaltetan izan gabe.

4.– Publizitate-printzipioa betetzeko, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpenaren bidez honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, agindu honen babesean diru-laguntza zein entitatek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zeini emandako diru-laguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinarazi ahal izango da.

15. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Deialdi honen babesean emandako diru-laguntzak honela ordainduko dira:

a) Lehenengo zatia, hau da, guztirako diru-laguntzaren % 60, diru-laguntza ematea erabakitzen denean.

b) Bigarren ordainketa, gainerako kopurua, diruz lagundutako jarduera amaitzen denean.

2.– Diru-laguntzaren bigarren ordainketa gauzatu ahal izateko, entitate onuradunek, jarduera amaitu eta ondorengo hiru hilabeteko epearen barruan, eta beti ere 2015eko abenduaren 31 baino lehen, ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Diruz lagundutako jarduera egin izana egiaztatzen duen memoria eta jardueren egiazko kostua egiaztatzen duen dokumentazioa (jatorrizko fakturak edo fotokopia erkatuak).

b) Foru Ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren ziurtagiri eguneratuak, bigarren zatia ordaintzeko eskatzen denean erakunde horiekin dituzten betebeharrak beteta dauzkatela egiaztatzeko.

16. artikulua.– Diru-laguntzen baldintzak aldatzea.

Diru-laguntzaren helburua betetzat jota, diru-laguntza hori emateko kontuan izandako baldintzak aldatuz gero, edo administrazio honek zein beste edozein administrazio publiko edo erakunde publikok emandako beste diru-laguntza batzuk lortuz gero, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak aldaketa-ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokitu egingo dira, eta erakunde onuradunek itzuli beharko dituzte soberakinak.

17. artikulua.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.

Diru-laguntza jaso duen erakunde onuraduna Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan aipatzen diren kasuetako batean badago, edo agindu honetan, edo aplikatu beharreko gainerako arauetan, edo diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak, ebazpen baten bidez, ordaintzeko dauden kopuruak jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko du, eta, hala badagokio, jasotako laguntza eta diru-laguntza ordaindu zaionetik aplikatu beharreko legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Orokorrari itzuli behar dizkiola, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera dagozkion gainerako ekintzak aparte utzi gabe. Dekretu horren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren. Diru-kopuru horiek sarrera publikotzat hartuko dira, dagozkien legezko ondorioetarako, eta erantzukizunen erregimena hauxe izango da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 64. artikuluan ezarritakoa.

18. artikulua.– Itzulketa-prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, honako hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Ebazpen baten bidez, dirua itzultzeko prozedura hasi dela, eta prozedura hori zergatik hasi den, jakinaraziko dio Gizarte Ekonomiaren zuzendariak interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio, bidezko iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jasotakoan, edo epea igaro eta batere aurkeztu ez bada, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpena emango du, zeinean, beharrezkoa bada, EAEko Diruzaintza Nagusiari zenbat itzuli behar dion xedatuko den; horretarako epea bi hilabetekoa izango da, ebazpena jakinarazten denetik hasita. Epe hori izango da borondatezko aldiaren epea.

Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

c) Kopuru horiek borondatezko epean itzultzen ez badira, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Ogasun eta Finantzetako Sailburuordetzari, hark, aplikatu beharreko lege-araudian xedatutakoa betez, premiamendu-bideari ekin diezaion.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Erregimen osagarria.

Dekretu honetan aurreikusita ez dagoenerako, honako hauek aplikatuko dira: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. tituluaren aurreikuspenak, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta interesdunek beronen aurkako aukerako berraztertzeko errekurtsoa ezarri ahal izango diote Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, agindua argitaratu eta biharamunetik hasita, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Salan, agindua argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita, bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA.– Ondorioak izatea.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko uztailaren 30a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala