Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

165. zk., 2014ko irailaren 2a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Izendapenak, egoerak eta gorabeherak

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
3710

EBAZPENA, 2014ko abuztuaren 20koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko gerentearena. Honen bidez, UPV/EHUko administrazio eta zerbitzuetako karrerako funtzionarioen lanpostuak betetzeko lehiaketaren lehenengo fasearen ondorioz deitutako lanpostuen behin betiko esleipena onartu eta argitara ematen da, eta lehiaketaren fase bietan esleitutako lanpostuak hartzeko data eta eragin-datak zehazten dira.

2011ko abenduaren 22an UPV/EHUko gerenteak lekualdatze-lehiaketa deitu zuen. Lehiaketa hori UPV/EHUko administrazio eta zerbitzuetako karrerako funtzionarioentzat gordetako lanpostuak betetzeko zen.

Gerora, UPV/EHUko gerenteak 2012ko irailaren 11n emandako ebazpen biren bidez, lehiaketaren lehenengo fasean eskainitako lanpostuak behin betiko esleitu ziren, eta horren ondorioz libre geratu ziren lanpostuak betetzeko fasea deitu zen.

Azkenik, 2013ko otsailaren 5eko Ebazpenak, UPV/EHUko gerentearenak, bigarren fase horretan deitutako lanpostuak behin betiko adjudikatu zituen, eta lehiaketan esleitutako lanpostu guztiak hartzeko eguna 2013ko maiatzaren 1a zehaztu zuen.

Lehengo hau hala izanik ere, 2013ko abenduaren 12ko dataz, UPV/EHUko gerenteak zenbait neurri hartu zituen Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren administrazioarekiko auzien aretoaren urriaren 4ko 519/2013 eta urriaren 23ko 549/2013 epaiak betetzeko, lekualdatze-lehiaketari buruzkoak biak.

Neurri horien artean, bat zen prozedura lehiaketaren lehenengo faseko merezimenduen balioesteko momentura atzeratzea, egindako lanaren atala berriro ere balioetsi ahal izateko. Honetara, lehiakideek edozein administrazio publikotan aldi baterako pertsonal gisa egindako zerbitzuak balioetsiko ahal ziren, 2.4.2 oinarrian aurreikusitako puntuazioari jarraituz, hau da, jatorrizko kidego edo eskalan oinarrizko mailan eginda bezala.

Lehenengo fasean deitutako lanpostuak behin betiko esleitu zituen berriro UPV/EHUko gerenteak, 2014ko apirilaren 1eko ebazpenaren bidez. Ebazpenok lanpostuen jabetza hartzeko data atzeratu zuen, lehenengo fasearen ondorioz libre geratutako lanpostuak behin betiko esleitzen dituen ebazpenak zehaztu arte.

Jarraian, UPV/EHUko gerenteak 2014ko apirilaren 3ko Ebazpenak eman zuen. Horren bidez lehiaketaren lehenengo fasearen ondorioz libre geratu ziren lanpostuak betetzeko fasera deitu zuen, goian aipatutako epaiak kontuan harturik, eta eskatzeko epe berria zabaldu zuen.

Fase horretan langile onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda 2014ko ekainaren 11n UPV/EHUko gerenteak emandako ebazpenak argitaratu zuen. Beste alde batetik, parte-hartzaileen merezimenduei emandako behin betiko puntuak Lehiaketako Balorazio batzordeak onartu zituen, 2014ko uztailaren 2ko Akordioaren bidez.

Azkenean, 2014ko uztailaren 3ko Ebazpenak, UPV/EHUko gerentearenak, lehenengo fasearen ondorioz libre geratu ziren lanpostuak behin-behinean esleitu zituen, eta erreklamazioak aurkezteko epea zabaldu zuen.

Behin epe hori amaituta, lehiaketaren fase honetan eskaini ziren lanpostuen esleipena behin betikoz onartu eta argitara eman behar da. Era berean, prozesuaren fase bietan esleitutako lanpostuak hartzeko data eta eragin-datak zehaztu behar dira.

Ildo horretan, bidezkoa da zenbait neurri hartzea, lekualdatze-lehiaketaren behin betiko emaitza aurretik argitaratu ziren esleipenekin adostu ahal izateko, kontuan izanda esleipen horien eraginkortasuna epai aitatuak betetzeko prozesuari baldintzatuta geratu zela.

Horrela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak xedatzen duena ikusita, jatorrizko esleipenak baliozkotuko dira epaiak betetzeko prozesuan lanpostua langile berdinari esleitu zaion kasuetan. Esleipen horien eraginak ere baliozkotuko dira; beraz, egoera horretan daudenek ez dute berriro lanpostuaz jabetu beharko.

Aitzitik, lanpostua azkenean beste pertsona bati esleitu zaion kasuei dagokienez, lehiaketaren jatorrizko esleipena berariaz baliogabetzen da.

Amaitzeko, esleipen berriek eta lehiaketaren jatorrizko prozesuko berberak izan ez diren esleipenek izango duten eragin-data zehazten du ebazpen honek. Alde batetik, jabetza hartzeko eguna eta eragin ekonomikoak izango dituzten eguna, eta bestetik, eragin administratiboak izango dituzten eguna, azkenengo honek atzeraeraginezko izaera izango du, lehiaketan parte hartu duten guztiek data berbera eduki dezaten.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– UPV/EHUko administrazio eta zerbitzuetako karrerako funtzionarioen lanpostuak betetzeko lehiaketaren lehenengo fasearen ondorioz UPV/EHUko gerenteak 2014ko apirilaren 3ko Ebazpenaren bidez eskaini zituen lanpostuen behin betiko esleipena onartzea eta argitara ematea. Esleipenaren emaitza ebazpen honen eranskinean agertzen da. Bertan adierazten da zein parte-hartzailek lortu duen lanpostua, eta zein den lanpostu hori.

Bigarrena.– 2012ko irailaren 11ko eta 2013ko otsailaren 5eko ebazpenek argitara eman zituzten esleipenak eta horien eraginak baliozkotzea, beti ere ebazpen honek eta 2014ko apirilaren 1eko ebazpenak argitaratutako zerrendak kontuan hartuta, lanpostua langile berdinari esleitu zaionean.

Hirugarrena.– 2012ko irailaren 11ko eta 2013ko otsailaren 5eko ebazpenek argitara eman zituzten esleipenak baliogabetzea, beti ere ebazpen honek eta 2014ko apirilaren 1eko ebazpenak argitaratutako zerrendak kontuan hartuta, lanpostua beste langile bati esleitu zaionean.

Xedapen honek ukitzen dituen lanpostuak esleitu zitzaien langileak lanpostu horietan benetan aritzen direnean, langile horiek lanpostu berberetan jarraituko dute 2014ko urriaren 31ra arte.

Laugarrena.– Ebazpen honek eta 2014ko apirilaren 1eko ebazpenak argitaratutako zerrenden arabera lanpostua lortu dutenek 2014ko azaroaren 1etik aurrerako eragin datarekin hartuko dute esleitutako lanpostua jabetzan, beti ere bigarren xedapenak esleipen hori ez badu baliozkotu. Esleitutako lanpostuaren atxikipeneko eragin ekonomikoak data horretatik aurrerakoak izango dira. Atxikipeneko eragin administratiboak 2013ko maiatzaren 1etik aurrerakoak izango dira.

Aurreko paragrafoak xedatutakoari jarraituz lanpostuaren jabetza hartzen dutenek 2014ko urriaren 31n utziko dituzte egun dituzten lanpostuak.

Bosgarrena.– Lekualdatze-lehiaketan esleitutako lanpostuei ezin izango zaie uko egin. Salbuespena izango dira lanpostuaren jabetza hartzeko eguna baino lehen lehiaketa publikoaren bidez beste lanpostu bat lortzea, ustekabean sortutako ezintasuna, zerbitzu ez aktiboko egoerara pasatu izana edo deialdia egin duen organoak behar bezala arrazoitutako aparteko egoera bereziak. Lehiakideak horien berri eman beharko du.

Seigarrena.– Esleituko diren lanpostuak langileek eurek eskatutakoak izango dira eta, beraz, ez da egongo inolako kalte ordainik jasotzeko eskubiderik.

Zazpigarrena.– Lanpostua gordetzeko egoeraren batean egonda lehiaketa honetan parte hartu eta lanposturen bat lortu duten langileek, egoera administratibo horretan jarraituko dute baldin eta lanera itzultzeko eskaririk egiten ez badute, eta eskari hori egiteko bost egun balioduneko epea izango dute ebazpen hau argitaratzen diren egunetik kontatzen hasita.

Zortzigarrena.– Lizentzia edo baimenen bat daukatenek, lanpostua jabetzan hartu ondoren ere egoera horretan jarraituko dute lizentzia edo baimena bukatu arte; hala ere, langileen arloko organo eskudunak, ondo justifikatutako arrazoiak oinarri hartuta, lizentzia edo baimena bertan behera uztea erabaki dezake.

Bederatzigarrena.– Lekualdatze-lehiaketa honen bidez lanpostua lortu duen pertsonak ezin izango du parte hartu lanpostu berrian atxikipenak eragin administratiboak dauzkan egunetik bi urte igaro arteko epean deitutako beste lehiaketa batean. Epe hori ez da ezarriko, baldin eta epe horren barruan funtzionarioak galdu egin badu lehiaketa honen bidez lortutako lanpostuaren atxikipena, lanpostua desagertu delako edo lanpostutik mugiarazia izan delako.

ERREKURTSOAK

Ebazpen honen kontra, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio UPV/EHUko gerenteari hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian bi hilabeteko epean. Epe horiek ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasiko dira kontatzen.

Leioa, 2014ko abuztuaren 20a.

UPV/EHUko gerentea,

MIREN LOREA BILBAO ARTETXE.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala