Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

173. zk., 2014ko irailaren 12a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
3840

EBAZPENA, 2014ko abuztuaren 25ekoa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez onura publikokoa deklaratzen baita honako proiektu hau: Hernani TA-Azpeitia TA (1 eta 2) 132 kV-ko aireko linea elektrikoaren eta haren deribazioen babes-eremuko zortasun-zerrenda zabaltzea, Hernani, Urnieta, Donostia, Lasarte-Oria, Usurbil, Orio, Aia, Zarautz, Zestoa, Azpeitia, Aizarnazabal eta Zumaiako udalerrietan. Erref.: 24040/AT-H-2012-161.

GERTAKARIAK

1.– 2012ko azaroaren 12an, Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. enpresak (jakinarazpenetarako helbidea: Axpeko Erribera 5, 2. solairua, Erandio), eskatu zuen honako proiektu hau onura publikoko deklaratzeko eta Ingurumen-inpaktuaren Deklarazioa egiteko: Hernani TA-Azpeitia TA (1 eta 2) 132 kV-ko aireko linea elektrikoaren eta haren deribazioen babes-eremuko zortasun-zerrenda zabaltzea, Gipuzkoa Lurralde Historikoan, Hernani, Urnieta, Donostia, Lasarte-Oria, Usurbil, Orio, Aia, Zarautz, Zestoa, Azpeitia, Aizarnazabal eta Zumaiako udalerrietan. Eskaerarekin batera, proiektu teknikoa, haren separatak eta ingurumen-inpaktuari buruzko azterlana ere aurkeztu zituen.

2.– Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 144. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, iragarki bat argitaratu zen 2013-05-30eko EHAAn, 2013-05-21eko GAOn eta 2013-05-23ko El Diario Vascon, hain zuzen ere jendaurrean erakusteko Iberdrola Distribución Eléctrica, SAUren eskaera hori eta enpresak desjabetu beharrekotzat jotzen dituen ondasun eta eskubideen zerrenda.

3.– 2013ko maiatzaren 14an, ofizio bat helarazi zitzaien Hernani, Urnieta, Donostia, Lasarte-Oria, Usurbil, Orio, Aia, Zarautz, Zestoa, Azpeitia, Aizarnazabal eta Zumaiako udalei, aipatutako iragarkia ediktuen iragarki-taulan erakuts zezaten.

4.– 2013ko maiatzaren 14an, halaber, separata bat helarazi zitzaien Hernani, Urnieta, Donostia, Lasarte-Oria, Usurbil, Orio, Aia, Zarautz, Zestoa, Azpeitia eta Aizarnazabalgo udalei, eskatutako baimena ematearen alde edo kontra ager zitezen.

5.– Hernani, Donostia eta Azpeitiko udalak proiektuaren alde agertu ziren, zenbait baldintza ezarrita.

6.– Aizarnazabal eta Zestoako udalek adierazi zuten proiektuarekin ados zeudela.

7.– Ofizioa jaso zuten gainerako udalek ez zuten erantzun, nahiz eta berriro egin zitzaien horretarako eskaera.

8.– 2013ko maiatzaren 14an, separata bana helarazi zitzaien Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako Departamentuari eta Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritzari, bai eta URA-Uraren Euskal Agentziari ere, gaiaren inguruko txostena eman zezaten.

9.– Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritzak eta URA-Uraren Euskal Agentziak ez zuten erantzun, nahiz eta berriro egin zitzaien horretarako eskaera.

10.– Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako Departamentuak dokumentazioa osatzeko eskatu zuen, eta enpresa eskatzaileak erantzun egin zion eskaera horri. Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako Departamentuak, dokumentazio berria jaso ondoren, ez zuen horri buruzko iritzirik eman.

11.– Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. enpresa eskatzaileari helarazi egin zitzaizkion Hernani, Donostia eta Azpeitiko udalek ezarritako baldintzak, eta enpresak onartu egin zituen Azpeitiko Udalarenak. Hernani eta Donostiako udalen baldintza-txostenei dagokienez, berriz, erantzuna prestatu zuen eta udal horiei jakinarazi zien, baina udalek ez zuten erantzun.

12.– Proiektua jendaurrean jartzeko epean, proiektuko bi finkari dagokienez –69. finka (5. poligonoa, 160. lursaila) eta 75. finka (5. poligonoa, 209. lursaila), alegazio bat aurkeztu zuten batera honako hauek: M.ª Olivia Ibarguren Basurto andreak (gozamenduna), Margarita Bengoechea Otegui andreak (jabea), José Goenaga Marticorena jaunak (jabea) eta Napoleón Lerchundi Ibarguren jaunak, Sidras Saizar, SLren ahaldun gisa jardun zuenak (errentaria). Alegazio-egileek adierazi zutenez, sagardorako sagarra ekoizteko nekazaritza-jarduera dago eremu horretan, produkzio handiko lur-sail bat, kontrol tekniko erabatekoa eta arbola-ekoizlearen gaineko kontrola ezarria duena, eta, gainera, azken 5 urteetan eraldaketa handia egin da ekoizpena areagotzeko; hori dela-eta, alegazioan eskatzen zutenez, proiektuak ahalik eta eragin txikiena izan beharko luke, lur-saila oso-osorik haren eraginpean gera ez dadin eta eragin kaltegarriak murriztu daitezen.

13.– Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. enpresa eskatzaileak, alegazio horren berri jaso ondoren, erantzun zuen eragindako sagarrondoak eta linea elektrikoaren segurtasuna bateragarriak direla baina hamaika metrotik gorako arbolak inausi egin beharko liratekeela instalazio elektrikoaren segurtasun-mugaraino.

14.– Ingurumen Administrazioaren zuzendariak, 2014ko martxoaren 17an, ebazpen bat eman zuen honako proiektu honen Ingurumen Inpaktuaren aldeko Adierazpena biltzen zuena: Hernani TA-Azpeitia TA (1 eta 2) 132 kV-ko aireko linea elektrikoaren eta haren deribazioen zortasunak egokitzeko eta arbolak mozteko proiektua, Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U.k sustatua. Ebazpen horretan, halaber, proiektua egiteko baldintzak finkatzen ziren, eta horiek lotesleak dira, hala zehaztuta baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena babesteko azaroaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluan.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Ezarritako arauzko-izapideak bete dira espedientean, honako arauetan ezarritakoaren arabera: Sektore Elektrikoari buruzko azaroaren 27ko 54/1997 Legea; abenduaren 1eko 1995/2000 Errege Dekretua, Instalazio elektrikoen garraioa, banaketa, merkaturatzea, horniketa eta energia elektrikoaren instalazioen baimen-prozedurak arautzen dituena; Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legea, Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 3ko 282/2002 Dekretua; Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariaren 2011ko martxoaren 8ko Ebazpena, Goi-tentsioko linea elektrikoak zuhaiztietatik igarotzeko berariazko baldintzak ezartzen dituena; Proiektuek ingurumenean duten inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretua (2008-01-26ko BOE); Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legea (1998-03-27ko EHAA); eta horiekin bat datorren gainerako legedia.

2.– Aztertuta geratu dira zuzenean eragindakoek aurkeztutako alegazioak eta eraginpeko udalek eta erakundeek aurkeztutako baldintzak, bai eta enpresa eskatzaileak horiei emandako erantzuna ere, eta onartu egiten da Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U.k horiei guztiei behar bezala erantzun diela, hau da, indarreko xedapenetan araututako moduan.

3.– Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariak, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 190/2013 Dekretuak ematen dizkion eskumenak baliatuz (2013-04-24ko EHAA), honako hau

EBAZTEN DU:

Baimentzen diren instalazio elektrikoetan arboladi-zerrenda zabaltzea onura publikokoa dela deklaratzea, eta deklarazioak, azaroaren 27ko 54/1997 Legearen 54. artikuluan xedatutakoaren indarrez, honako hauek dakartza berekin: ondasunak okupatu eta eraginpeko eskubideak hartu beharra, eta okupazioa, gainera, lehenbailehen egin behar dela. Deklarazioak, halaber, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan presaz okupatzeko deklarazioari dagokionez ezartzen diren ondorioak dakartza, 53. artikuluan zehaztutako erregistro-ondorioekin.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Industriako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera, 4/1999 Legean ezarritakoa betez. Lege horren bidez, azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu zen, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko abuztuaren 25a.

Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaria,

JAVIER ZARRAONANDIA ZULOAGA.


Azterketa dokumentala