Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

176. zk., 2014ko irailaren 17a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3879

EBAZPENA, 2014ko abuztuaren 8koa, Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita Haurreskolak Partzuergoaren II. Hitzarmen Kolektiboaren 13. artikulua aldatzeko akordioa erregistratu, argitaratu eta gordailatzea (hitzarmenaren kode-zenbakia: 86002535012006).

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2014ko uztailaren 4an, Regcon Erregistroan aurkeztu zen goian aipatutako hitzarmenaren 13. artikulua aldatzeko akordioaren inguruko derrigorrezko dokumentazioa, negoziazio-batzordeko ordezkariek sinatuta.

Bigarrena.– Hitzarmena gordailatu, erregistratu eta argitaratu behar duen pertsona izendatu dute akordio hori sinatzen dutenek.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Lan-agintaritza honi dagokio Langileen Estatutuaren Legearen 90.2 artikuluak (martxoaren 24ko 1/1995 Errege Dekretu Legegilea, 1995-03-29ko BOE) aurreikusten duen eskumena, betiere Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 191/2013 Dekretuaren 11.i) artikuluak (2013-04-24ko EHAA), hitzarmen kolektiboen erregistroari buruzko urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretuari (2011-02-15eko EHAA) eta maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuari (2010-06-12ko BOE) dagokienez ezarritakoaren arabera.

Bigarrena.– Sinatutako akordioak Langileen Estatutuari buruzko Legearen 85, 88, 89 eta 90. artikuluek xedatutako eskakizunak betetzen ditu.

Horren ondorioz,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hitzarmena Euskadiko Hitzarmen Kolektiboen Erregistroan inskribatu eta gordailutzeko agintzea, eta aldeei jakinaraztea.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko abuztuaren 8a.

Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria,

JOSÉ JAVIER LOSANTOS OMAR.

AKORDIOA, HAURRESKOLAK PARTZUERGOAREN II. HITZARMEN KOLEKTIBOAREN 13. ARTIKULUARI IDAZKERA BERRIA EMATEKOA (HITZARMEN-KODEA: 8602535 ZK.).

Eibarren, 2014ko ekainaren 3an.

BILDUTA:

Haurreskolak Partzuergoaren aldetik:

Maite Larrañaga Orbea, Haurreskolak Partzuergoaren gerente gisa.

Langileen aldetik:

Eider Casanova Alonso, Haurreskolak Partzuergoan ordezkaritzaren % 68,08 duen LAB sindikatuaren ordezkari gisa.

Sonia Perez Arce, Haurreskolak Partzuergoan ordezkaritzaren % 21,28 duen STEE-EILAS sindikatuaren ordezkari gisa.

ADIERAZI DUTE:

2014ko urtarrilaren 15ean aurreakordio bat sinatu zutela Haurreskolak Partzuergoaren II. Hitzarmen Kolektiboaren 13. artikulua aldatzeko, Gobernu Kontseiluak onar zezan, abenduaren 20ko 4/2013 Legearen, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontuei buruzkoaren 22. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz.

Maiatzaren 21ean jakinarazi zaiela Gobernu Kontseiluak 2014ko apirilaren 29an egindako saioan adostutako akordioa, Haurreskolak Partzuergoaren II. Hitzarmen Kolektiboaren 13. artikulua aldatzea baimentzen duena.

Onarpen hori ikusirik eta bi aldeek Langileen Estatutuaren 87. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitako legitimazio-eskakizunak betetzen dituztenez

ERABAKI DUTE:

1.– Haurreskolak Partzuergoaren II. Hitzarmen Kolektiboaren 13. artikuluaren aldaketa onartzea. Aldaketa hori eranskin gisa erantsitako testu berriko baldintzetan zehaztu da eta artikulu hori ordeztuko du. Aldaketa hori aplikatzekoa izango da akordio hau sinatutakoan.

2.– Maite Larrañaga Orbea eskuordetzea haren tramitazioa egin dezan lan-agintaritzaren aurrean, akordio hau egoitza elektroniko bidez erregistratzeko eta gordailutzeko.

Eta jasota gera dadin eta ados daudela egiaztatzeko, bi aldeek sinatu dute.

Haurreskolak Partzuergoa.

Sindikatuak.

AKORDIOAREN ERANSKINA

Haurreskolak Partzuergoaren II. Hitzarmen Kolektiboaren 13. artikulua aldatu eta honela idatzita geratuko da:

13. artikulua.– Atxikipenak.

Ikastetxe zehatz bakoitzerako atxikipenak egiten dira, zenbait arrazoi edo premiarengatik atxikipen desberdina edo egindako atxikipenetan aldaketak egin behar izatea kaltetu gabe.

Antolakuntzarekin, premietara egokitzearekin edo zerbitzu-kalitatearekin zerikusia duten arrazoiengatik, atxikipena aldatzeko aukera du zuzendaritzak. Hilabeteko aurreabisu-epea ezarri da.

Premiazko arrazoiengatik edo zerbitzuaren ezinbesteko premiagatik denbora laburragoan egin behar bada, gutxienez 2 laneguneko aurrerapenez jakinaraziko zaie eraginpeko langileei, bai beren posta pertsonalera, Haurreskolak Partzuergoari eman bazaio, bai ikastetxeari nolanahi ere. Aurreabisu hori betetzen ez bada, 2 egun libre emanda konpentsatuko zaie, eta enpresarekin adostuta baliatuko dituzte.

Atxikipenaren behin-behineko aldaketa sortu zuen egoera aldatzen denean, jatorrizko ikastetxera itzultzea eskainiko zaie lehentasunez, bai lanpostu finkoa duten langileei, bai lanpostu hutsa bete arte bitartekotasun-kontratua dutenei. Ikasturtea amaitutakoan, jatorrizko ikastetxera itzuliko dira.

13.1.– Atxikipenak egiteko irizpide hauek ezarri dira.

Ikastetxe batetik zer pertsona mugituko den jakiteko, irizpide hauek erabiliko dira:

1.– Borondatezko eskaerak onartu egingo dira.

Borondatezko eskaera bat baino gehiago badaude, irizpide berak erabiliko dira, baina alderantziz, hots: lehenbizi lanpostu finkoa duten langileek izango dute lehentasuna; gero bitartekotasun-kontratua dutenek lanpostu hutsa bete arte, eta hirugarrenik, lan-metaketako eta ordezkapeneko kontratuak dituzten hezitzaileek.

2.– Lan-metaketako eta/edo ordezkapeneko kontratuak dituzten hezkuntza-langileak, baldin eta kontratu horiek joango diren ikastetxearen premietara egokitzen badira. Ikastetxe horretan horrelako kontratua duten pertsona bat baino gehiago badaude, ordezkapen-poltsaren hurrenkera errespetatuko da.

3.– Lanpostu hutsa bete arte bitartekotasun-kontratua duten hezkuntza-langileak. Ikastetxe horretan horrelako kontratu bat baino gehiago badaude, ordezkapen-poltsaren hurrenkera errespetatuko da. Horrelako kontratua duen pertsona ordezkapen-zerrendan ez badago, lehenengoa izango da mugitzen.

4.– Lanpostu finkoa duten langileak. Lanpostu finkoa duten langileak mugitu behar diren ikastetxean, lanpostua jabetzan esleitzeko hurrenkera erabiliko da.

Salbuespenezko kasuak:

– Lan-eskaintza publikoen aurretik adostutako akordioetara lotutako ikastetxeetako hezkuntza-langileak, «historikoak eta 55 urtetik gorakoak» izenekoak.

– Kontratazio-zerrendetan egoteko behar den profila ez duten hezkuntza-langile integratuak badaude, horien lanpostua ez da aterako lekualdatze-lehiaketara 3 urteko epean, integrazioa gertatu zenetik kontatzen hasita.

– Zerbitzu-eginkizunetan ari diren langileak, lanpostuaren egokitze hori sortu zuten kausak aldatu arte, ikastetxe horretan egongo dira ikasturtean zehar.

● Edozein arrazoirengatik lanpostu finkoa duen langile baten lanpostua behin betiko desagertzen bada, behin-behineko atxikipen bat izango du beste ikastetxe batean, jatorrizko lanpostuaren antzinatasuna galdu gabe eta, gainera, hurrengo lekualdatze-lehiaketan parte hartu beharko du nahitaez. Antzinatasun bera badute, lan-eskaintza publikoaren hurrenkerak eta, azkenik, puntuazioek desegingo dute berdinketa. Behin betiko atxikipen bat lortzeko, lekualdatze-lehiaketa batean parte hartu beharko dute nahitaez.

● Behin-behineko atxikipena beste ikastetxe batean duen langile finkoak lekualdatzeko irizpideak. Ikastetxe batean hezitzaile bat baino gehiago badaude egoera horretan, eta antolakuntzarengatik edo zerbitzu-kalitatearekin lotutako arrazoiengatik behin-behinean beste ikastetxe batera atxiki behar badira, jatorrizko ikastetxeko antzinatasuna hartuko zaie kontuan. Antzinatasun bera badute, lan-eskaintza publikoaren hurrenkerak eta, azkenik, puntuazioek desegingo dute berdinketa.

Hezitzaileen artean berariazko desadostasuna badago Partzuergoak egindako berratxikipenarekin, gaia Batzorde Paritarioan eztabaidatuko da.

13.2.– Hezkuntza-langileen egoerak.

1.– Lan-metaketako edo ordezkapeneko kontratua dutenak.

Kontratua amaitu arte beste ikastetxe batean egon daitezke, eta beste ikastetxe horretan dauden baldintzekin atxikiko dira.

2.– Lanpostu hutsa bete arte bitartekotasun-kontratua dutenak.

a) Horrelako kontratua duen langilea, ikasturtean zehar sor daitezkeen arrazoiengatik mugitu egin behar bada, behin-behinean mugituko da. Alegia, haren lekualdatzea sortu zuten kausak aldatzen direnean, haren ikastetxera itzul daiteke eta, nolanahi ere, ikasturtea amaitutakoan itzuliko da.

b) Ikasturtea hasi aurretik, lanpostu-zerrendaren arabera langile batek bitartekotasunez betetako lanpostu bat amortizatzen bada, langile hori beste ikastetxe batera atxikiko da mugarik gabe esleipen-prozesu publikoaren bidez.

3.– Kontratu finkoa dutenak.

a) Horrelako kontratua duen langilea, ikasturtean zehar sor daitezkeen arrazoiengatik mugitu egin behar bada, behin-behinean mugituko da. Alegia, haren lekualdatzea sortu zuten kausak aldatzen direnean, haren ikastetxera itzul daiteke eta, nolanahi ere, ikasturtea amaitutakoan itzuliko da.

b) Lanpostu finkoa duten langileek lekualdatze-lehiaketa bidez soilik alda dezakete beren atxikipena behin betiko.


Azterketa dokumentala