Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

177. zk., 2014ko irailaren 18a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
3890

EBAZPENA, 2014ko uztailaren 17koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Donostian Martutene auzoaren parean Urumea ibaia uholdeen aurka babesteko proiektuaren I. faseak ingurumenean duen eraginaren adierazpena egiteko dena.

Otsailaren 27ko 3/1998 Legeak, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko orokorrak, xedatzen duenez, I. eranskineko B) ataleko proiektuak egiteko, proiektu bakoitzak ingurumenean duen eragina ebaluatu behar da, eta, azkenean, ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpena egin, betiere, proiektuak egiteko edo baimentzeko administrazio-ebazpenaren aurretik.

Donostian Martutene auzoaren parean Urumea ibaia uholdeen aurka babesteko proiektua onartzeko prozedura hasita, honakoak aplikatu behar dira: otsailaren 27ko Legea, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko orokorra; eta urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretua, Proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena. Horrenbestez, izapide hauek egin dira, besteak beste:

– Ingurumenaren gaineko eraginaren azterketaren norainokoa zehaztea. Ura Uraren Euskal Agentziak eskatuta, 2012ko apirilaren 23an, kontsulta egiteko izapidea hasi zuen Ingurumen Sailburuordetzak, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuak, Proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, 8.1. artikuluan arautzen duena betetze aldera, eta, azkenean, 2012ko uztailaren 10ean, ingurumen-organoak txosten bat eman zuen ingurumenaren gaineko eraginaren azterketaren norainokoari eta xehetasun-mailari buruz.

– Proiektua jendaurrean jartzea. Organo eskudunak jendaurrean jarri zituen Donostian Martutene auzoaren parean Urumea ibaia uholdeen aurka babesteko proiektuaren I. eta II. faseak eta ingurumenaren gaineko eraginaren azterketak [Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 3, 2014ko urtarrilaren 7koa].

– Entzunaldiaren izapidea egitea. 2013ko abenduaren 27an, zegozkion administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egin zien organo eskudunak, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuko 9.3. artikuluarekin bat.

– 2014ko apirilaren 4an, zera eskatu zuen Ura Uraren Euskal Agentziak: Donostian Martutene auzoaren parean Urumea ibaia uholdeen aurka babesteko proiektu osoak ingurumenean duen eraginaren adierazpena egiteko.

– 2014ko apirilaren 23an, ingurumen-organoak jakinarazi zion Uraren Euskal Agentziari eskabideak ez zituela betetzen izapidetzeko onartzeko eskakizun guztiak, azaldu zion zer egin behar zuen eskabidea osatzeko, 15 eguneko epea eman zion akatsak zuzentzeko eta ohartarazi zion akatsak zuzentzen ez bazituen eskabideari uko egiten ziola joko zuela.

– Epea amaitu, eta Uraren Euskal Agentziak ez zuen zuzendu eskabidea. Horrenbestez, 2014ko maiatzaren 26an, Ingurumen Administrazioaren zuzendariak ebatzi zuen Uraren Euskal Agentziak uko egin ziola Donostian Martutene auzoaren parean Urumea ibaia uholdeen aurka babesteko proiektuak ingurumenean duen eraginaren adierazpena egiteko eskabideari.

– Espedientea bidaltzea eta ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpena eskatzea. 2014ko ekainaren 20an, zera eskatu zuen Ura Uraren Euskal Agentziak: Donostian Martutene auzoaren parean Urumea ibaia uholdeen aurka babesteko proiektuaren I. faseak ingurumenean duen eraginaren adierazpena egiteko. Ildo horretan, fase horretako espedientea bidali zion Ingurumen Sailburuordetzari, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuak, Proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, 8.1. artikuluan arautzen duenarekin bat.

Dokumentu teknikoak eta proiektuaren espedienteko txostenak aztertu, eta ikusi da ingurumenaren gaineko eraginaren azterketa egokia dela eta bat datorrela indarrean dagoen araudiarekin. Horrenbestez, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpen hau egiteko organo eskuduna denez gero otsailaren 27ko 3/1998 Legeak, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko orokorrak, eta apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuak, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko denak, xedatzen dutenarekin bat, honakoa

EBAZTEN DU:

1.– Donostian Martutene auzoaren parean Urumea ibaia uholdeen aurka babesteko proiektuaren I. faseak ingurumenean duen eraginaren adierazpena egitea eta adierazpena aldekoa izatea.

2.– Baldintza hauek jartzea proiektua gauzatzeko –lotesleak dira, otsailaren 27ko 3/1998 Legeak, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko orokorrak, 47.2. artikuluan xedatzen duenaren arabera–:

2.A.– Proiektua gauzatzeko, honakoei jarraituko zaie: Ingurumen Sailburuordetzan ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko aurkeztutako dokumentuei eta, zehazki, ebazpen honetako zehaztapenei.

Ebazpen honek arautzen duen proiektua bi faseko proiektu baten lehenengo fasea da.

Oro har, ingurumenaren gaineko eraginaren azterketak kontuan hartu ditu proiektuaren bi faseek ingurumenean dituzten ondorio nagusiak, eta, horrenbestez, kontuan hartu ditu bi faseen arteko interakzioak ingurumenean dituen ondorioak.

Edonola ere, proiektuaren I. faseari bakarrik dagozkie xehetasunezko babes- eta zuzenketa-neurriak, hari buruzkoa baita ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpen hau. Alegia, ez ditu kontuan hartzen bideratze-proiektuaren II. faseko xehetasunak, ez fase horretan hartu beharreko babes- eta zuzenketa-neurriak –proiektuaren fase horrek ingurumenean duen eragina ebaluatzeko prozeduraren barruan aztertuko dira xeheki–.

2.B.– Proiektua aldatzeko eta handitzeko, honakoa aplikatuko da: urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuak, Proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, 16. artikuluan xedatzen duena, II. eranskineko 9.k) epigrafearekin bat.

Proiektuaren aldaketa txikiak (aurreko paragrafokoak bezain garrantzitsuak ez direnak baina lanak egiteko gainerako izapideen esparruan sortzen direnak) ingurumenaren ikuspegitik ere justifikatuko dira, eta babes- eta zuzenketa-neurrietan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintza-agirietan egiten diren aldaketak proiektuari erantsiko zaizkio.

2.C.– Babes- eta zuzenketa-neurriak.

Proiektuaren sustatzaileak ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko aurkeztutako dokumentuen araberakoak izango dira babes- eta zuzenketa-neurriak, eta ebazpen honek ezartzen dituenak erantsiko zaizkie. Bestalde, neurrien izaria eta kontrolerako langile kopurua nahikoak izango dira azterketak finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpen honek finkatzen dituenak bermatzeko.

Lanak kontratatzeko baldintza-agiriei erantsiko zaizkie neurri guztiak, eta aurrekontua izango dute, bete egiten direla bermatzeko.

2.c.1.– Natura-ondarea babesteko neurriak.

Urriaren 20ko 7/2006 Foru Arauak, Gipuzkoako mendienak, eta urtarrilaren 16ko 4/1990 Foru Dekretuak, Gipuzkoa Lurralde Historikoko zenbait flora-espezieren babesa finkatzen duenak, xedatzen dutena aplikatzeaz gain, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartuko dira:

2.c.1.1.– Ezinbesteko eremu gutxienekoan egingo dira lanak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako jarduketa osagarriak; betiere, proiektuko planoek ezartzen dituzten mugen barruan. Aipatutako mugetatik kanpo, ezingo da izan eraginik sarbideak egin, materialak bildu, instalazioak kokatu edo beste edozein jarduketa osagarri egin behar izateagatik, eta ahal bezainbat mugatuko da lanak egiteko makina eta ibilgailuen zirkulazioa.

Ustekabeko kalterik egiten bada aipatutako eremutik kanpo, zuzenketa- eta lehengoratze-neurriak hartuko dira. Aurrez, txostena egingo du ebazpen honetako 2.C.9. atalak aipatzen duen ingurumen-aholkularitzak.

2.c.1.2.– Oro har, zuzenean okupatzea aurreikusten ez den eremuetan, ez da kenduko bertako landaredi naturala. Lanak mugakide dituzten natura-interes handiko eremuetan (91E0* «Alubioi-haltzadi eta -lizardiak» Batasunaren lehentasunezko intereseko habitatetan) , berriz, kontu handiz ibiliko da, proiektua gauzatzeko ezinbesteko eremuan bakarrik izateko eragina.

Horretarako, lanak hasi aurretik, zehatz-mehatz mugatuko dira, eta in situ balizatuko, lanak egiteko nahitaez moztu behar ez diren bertako zuhaitz eta zuhaitz-unadak. Gainera, kontserbatu beharreko zuhaitzak behar bezala babestuko dira, sustrai-sistemak kolpe eta kalterik ez izateko. Bestalde, zuinketa eta lanak egiteko fasean, aipatutako eremuetan (bereziki, Pilar auzunetik ibaian gora lanak hasten diren tokian, bi bazterretan), ebazpen honetako 2.C.9. atalak aipatzen duen ingurumen-aholkularitzako botanika-espezialista bat izango da lanetan bertan, Lanen Zuzendaritzari laguntzeko.

2.c.1.3.– Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoko fauna-espezie hauen intereseko eremua da jarduera-esparrua: ferra-saguzar mediterraneoarena eta kolakarena (hurrenez hurren, (Rhinolophus euryale eta Alosa alosa espezieena).

Espezie horietako aleengan eragina izan dezakeen ezer egin aurretik, kontuan hartuko dira honakoak: ekainaren 30eko 16/1994 Legea, Euskal Herriko natura babestekoa; uztailaren 9ko 167/1996 Dekretua, Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrenda arautzeko dena; eta, dagokionean, foru-organo eskudunak xedatzen duena.

Bestalde, ingurumenaren gaineko eraginaren azterketaren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak programa bat jarri du martxan azken urteetan, Urumea ibaian izokin arrunta berriro sartzeko, eta, haren ondorioz, espezie horretako kolonia berri bat sortu da ibai-arroan. Ez da pentsatzekoa lanek eraginik izango dutenik espezie honek arrautzak erruten dituen lekuetan, lanak egiteko eremutik ibaian gora baitaude. Hala ere, denboran programatuko dira lanak eta, bereziki, espeziearen migrazioa oztopa dezaketen jarduketak, ibai-tarteak konektore-funtzioa betetzen jarraitzeko espeziearen garai kritikoetan.

2.c.1.4.– Kontratistaren instalazioen eremuak (ingurumenaren gaineko eraginaren azterketak mugatzen dituenak) egokituko ditu lanen esleipendunak, egitekoak diren jarduketek ahalik eta eragin txikiena izateko ingurumenean.

2.c.2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Organo eskudunak kasuan-kasuan uraren, bazterren eta saneamendu-kolektorearen kudeaketaren alorrean ezartzen dituen baldintzak betetzeaz gain, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartuko dira aplikatu beharreko prozeduren esparruan:

2.c.2.1.– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.

2.c.2.2.– Lanak ibilgutik kanpo egiteko eremuetan, lanen eta jarduketa osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatuko eta eraikiko dira, eta, haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoak ahalik eta hobekien atxikitzeko eta isuriak lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen parametro fisiko kimikoen araberakoak direla bermatzeko.

Hormak, zimenduak, uharren tanga eta ponpatze-estazioa kokatzeko hondeatu beharreko eremuak ponpatzeagatik sortzen diren efluenteak tratatzeko, berriz, dekantazio-putzuak edo orrizko dekantazio-tangak izango dira, eta pH-a zuzentzeko sistema bat izango dute.

Tratamendu-sistemak aldian-aldian ikuskatuko dira, edukiera erabilgarria nahikoa izateko une oro eta, hartara, tratamendu-sistemaren errendimendua ahalik eta hoberena izateko.

Dekantatzen diren jalkinak aldian-aldian jasoko dira, eta, haiek kudeatzeko, ebazpen honetako 2.C.5. atala aplikatuko da.

2.c.2.3.– Ibaian edo ibaira isurtzen diren errekastoetan isuri barreiatuak izango direla aurreikusten den eremuetan, ura iragazteko gailuz eratutako hesiak instalatuko dira (ingurumenaren gaineko eraginaren azterketak xedatzen dituenak).

2.c.2.4.– Ibilgu barruko lanak egiteko, kontuan hartuko da ingurumenaren gaineko eraginaren azterketaren eranskina, berezko ibilgua ahalik eta gutxien okupatzeko eta ura ahalik eta gutxien uhertzeko okupazioa dela eta.

Hornikuntza-hoditeria berritzeko lanak programatzeko, kontuan hartuko dira berezko ibilguaren barruko gainerako jarduketak, ahalik eta denbora gutxienean izateko zuzeneko eragina han.

Ur-agorrak kendu edo beste hondeatze-lan batzuk egin bitartean uraren mailatik behera hondeatzen diren materialak ibilguaren zati lehorrean edo berariaz diseinatutako instalazioetan utziko dira aldi baterako, helmugara garraiatzeko eta han onartzeko hezetasun-mailara iritsi arte.

2.c.2.5.– Lanak egiteko makinak uzteko eta haiek mantentzeko lanak egiteko eremua drainatze-sare naturaletik isolatuko da, eta zolata iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olio eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Aipatutako eremutik kanpo, ezingo da erregairik zamatu, oliorik aldatu eta, oro har, lantegiko lanik egin.

2.c.2.6.– Lanak egiteko eremuetan, hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa izango da, berehala erabili ahal izateko ustekabeko isuri edo ihesik badago: biribilkiak, material pikortatua, etab.

2.c.2.7.– Hormigoi-upelak berariaz egokitutako eremuetan garbituko dira, eta hormigoi-esnea inola ere ezingo da isuri ibilgura. Hormigoi-hondakinak kudeatzeko, ebazpen honetako 2.C.6. atalak ezartzen dituen baldintzak beteko dira.

2.c.3.– Atmosfera ez kutsatzeko eta hauts gutxiago isurtzeko neurriak.

2.c.3.1. Lanek irauten duten bitartean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak, bai lanek eragina duten ingurunean, bai lanak egiteko eremuetara sartzeko lekuetan, eta ureztapen- eta garbiketa-sistema bat izango da, aldi baterako estali gabe dauden eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulatua isur daitekeenetarako. Gainera, lehorraldietan, hautsa duten lur- eta material-pilak ureztatuko dira.

2.c.3.2.– Lanak egiteko eremuen irteeran, ibilgailuak garbitzeko gailuak izango dira, solidoak atxikitzeko sistema bati konektatuta, aurkeztutako dokumentuen arabera, eta gailuok egoera onean mantenduko dira lanak egiteko fasean.

2.c.3.3.– Hondeatzen den materiala hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.

2.c.4.– Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

2.c.4.1.– Lanek irauten duten bitartean, zarata gutxiago egiteko jardunbide egokiak aplikatuko dira lanean; bereziki, honakoak egitean: hondeatze- eta eraispen-lanak, paldoak eta mikropaldoak egiteko lanak, ainguratze-lanak, zamalanak, garraio-lanak eta makineria mantentzeko lan orokorrak.

2.c.4.2.– Urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuak, azaroaren 17ko 37/2003 Legea (zaratari buruzkoa) zonifikazio akustikoari, kalitate-helburuei eta isuri akustikoei dagokienez garatzen duenak, 22. artikuluan xedatzen duenez, lanak egiteko fasean erabiltzen diren makinak bat etorriko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen legediarekin; bereziki, dagokionean, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuak, kanpoan erabiltzeko makina jakin batzuen soinu-isuriak arautzen dituenak, eta arau osagarriek xedatzen dutenarekin.

2.c.4.3.– Soinu-isurien fokuek bete egingo dituzte urriaren 16ko 213/2012 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzkoak, ezartzen dituen muga-balioak. Era berean, aipatutako dekretuko 35 bis artikulua aplikatuko da.

Ildo horretan, sustatzaileak azterketa bat erantsi dio espedienteari, lanek soinuaren ikuspegitik duten eraginari buruzkoa. Identifikatu du proiektuaren zer fasetan izango den zarata handiena eta zer immisio-maila aurreikusten diren soinu-isurien fokuen eraginaren pean dauden eraikinen fatxadetan baldintzarik okerrenetan, eta, horretarako, honakoak hartu ditu kontuan: lanak egiteko fase bakoitzeko berezko makina estandar motak eta haien isuri-mailak –datu-baseetatik eta bere datuetatik atera ditu–. Bada, eragin akustikoaren azterketak ondorioztatu du lanak egiteko fase jakin batzuetan isuri-mailak handiagoak izan daitezkeela 213/2012 Dekretuak nagusiki bizitegitarako erabiltzen diren lurralde-sektoreetarako ezartzen dituenak (kalitate-helburuak) baino.

Ebazpen honetako 2.c.4.2. atala eta organo eskudunak ezohiko baimena (urriaren 16ko 213/2012 Dekretuko 35 bis artikuluak aipatzen duena) ematean xedatzen duena betetzeaz gain, proiektuaren sustatzaileak zera eskatuko dio enpresa esleipendunari: eragin akustikoaren azterketak aipatzen dituenen adinakoak edo txikiagoak izatea lanak egiteko erabiltzen diren makinen isuri-mailak. Era berean, lanen esleipendunak erabiltzekoa den makineriaren gaineko babes- eta zuzenketa-neurri jakinak aurkeztuko dizkio sustatzaileari, baita beste neurri batzuk ere, soinu-isurien fokuen eraginaren pean dauden eraikinetara bidean soinua indargabetzeko eta isuri- eta immisio-mailak txikitzeko; adibidez, aldi baterako pantaila akustikoak.

2.c.4.4.– Egunez bakarrik lan egingo da.

2.c.4.5.– Lanek irauten duten bitartean, informazio pertsonalizatua emateko sistema bat jarriko da martxan, soinu-isurien ikuspegitik okerrenak diren faseetan fokuen eraginaren pean dauden eraikinetako biztanleei xehetasunak emateko lanak egiteko planari buruz eta zarataren eta bibrazioen ondorioak txikitzeko eta kontrolatzeko neurriei buruz. Sistemak informazio hau emango du gutxienez: lanen iraupena, sarbideetan ibiliko diren makina motak, haiek erabiltzeko araubidea, ordutegia, abiadura-mugak eta segurtasun-baldintzak.

2.c.5.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

2.c.5.1. Sortzen diren hondakinak (hala nola, hondeatze-lanetan, lanak egiteko lekuak prestatzeko lanetan eta garbiketa-lanetan sortzen direnak; bilgarriak; eta baztertzen diren lehengaiak) kudeatzeko, uztailaren 28ko 22/2011 Legea, hondakinei eta lur kutsatuei buruzkoa, eta berariazko araudiak aplikatuko dira, eta, dagokionean, hondakinen ezaugarriak zehaztuko dira, nolakoak diren eta nora bidali behar diren zehazteko.

Hondakinak kudeatzeko printzipio hierarkikoekin bat, lehentasuna izango da hondakin orok behar bezala baimendutako balorizazio-prozesu bati jarraitzea, eta, hurrenkera honetan, zera lehenetsiko da: hondakinak berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, eta beste nolabait balorizatzea, alde energetikotik barne.

Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da behar bezala justifikatu izana balorizazioa bideraezina dela alde tekniko edo ekonomikotik edo ingurumenaren aldetik.

Berariaz debekatuta dago hondakin motak nahastea eta sortzen diren hondakinak beste hondakin eta efluente batzuekin nahastea. Aitzitik, jatorrian bereizi behar dira, eta haiek biltzeko eta biltegiratzeko beharrezko bitartekoak jarri, ez nahasteko.

2.c.5.2.– Eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinak kudeatzeko, honakoak aplikatuko dira: otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretua, eraikuntza- eta eraispen-lanen hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duena; eta ekainaren 26ko 112/2012 Dekretua, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena.

Proiektuak badakar eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinak kudeatzeari buruzko azterlan bat, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren araberakoa. Bada, beharrezkoa bada, ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren I. eranskinera egokituko da haren edukia.

Bestalde, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuko betebeharrak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakin eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko. Lanak egiteko kontratuko dokumentuei erantsiko zaie plana, eta ebazpen honetako 2.C.11 atalak aipatzen duen lan-programaren parte izango da.

Amiantoa duen hondakinik antzematen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak, amiantoak ingurumena ez kutsatzeko eta amiantoaren ondoriozko kutsadura txikitzekoak, ezartzen dituen eskakizunak beteko ditu sustatzaileak, eta, horrelako hondakinak eskuztatzeko, berriz, eskakizun hauek beteko dira: martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuak, amiantoaren eraginaren pean egoteko arriskua dagoen lanetan bete beharreko gutxieneko segurtasun- eta osasun-baldintzak ezartzen dituenak, xedatzen dituenak.

2.c.5.3.– Zabortegira eramaten diren hondakinak kudeatzeko, honakoak aplikatuko dira: abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretua, hondakinak zabortegietan deuseztatzea arautzen duena; otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua, hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena; eta haien aldaketak.

2.c.5.4.– Soberakinak betelanetarako erabili nahi badira, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak ezartzen dituen baldintzak beteko dira.

Alde horretatik, soberakinak betelanetan eta lurrak prestatzeko lanetan erabiltzeko, ezinbestekoa izango da materialen kutsatzaile-edukia txikiagoa izatea A ebaluazioko balio adierazleak baino –otsailaren 4ko 1/2005 Legeak, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzekoak, aipatzen ditu, I. eranskinean–.

2.c.5.5.– Hondakin arriskutsuen ontziak kudeatzeko, bete egingo dira uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak, maiatzaren 14ko 20/1986 Legea (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko oinarrizkoa) betearazteko araudia onartzen duenak, 13. artikuluan ezartzen dituen segurtasun-arauak, eta, kudeatzaileak bildu arte, itxita egongo dira ontziak, hondakinik ez isurtzeko eta lurruntzeko.

Horrelako ontziak etiketatuta egongo dira, eta etiketa argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izango da, eta uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuko 14. artikuluko jarraibideen araberakoa.

2.c.5.6.– Olio erabiliak kudeatzeko, ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua, industria-olio erabilien kudeaketa arautzen duena, aplikatuko da.

Baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira, behar bezala etiketatutako ontzi estankoetan, zolata iragazgaitz baten gainean, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.

2.c.5.7.– Araudia errazago betetzeko, lan bakoitzean sortzen diren hondakinak kudeatzeko sistemak izango dira. Lanen arduradunek kudeatuko dituzte, eta haien ardura izango da langileek behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da sortuko kontrolatu gabeko efluenterik erregai eta produktuak biltegiratzeagatik eta makineria mantentzeagatik, ez hondakinak erretzeagatik.

2.c.5.8.– Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da, hondakin arriskutsuak aldi baterako pilatzeko, hala nola, olio-poteak, iragazkiak, olioak eta margoak. Gainera, arriskutsuak ez diren hondakinentzako eta hondakin geldoentzako edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen eremutik bereiz. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, etab.). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira, aipatutako garbigunean.

2.c.5.9.– Txosten bat egingo da lanetan sortzen diren hondakinen jarraipenari buruz, ingurumenaren ikuspegitik, eta hondakinak kontrolatzeko eta onartzeko eta haien jarraipena egiteko dokumentuak erantsiko zaizkio, indarrean dagoen legediari jarraituz.

2.c.5.10.– Otsailaren 4ko 1/2005 Legeak, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzekoak, 10.2. artikuluan xedatzen duenez, baldin eta lanak egiteko edozein eremutan lurzorua kutsatuta dagoen zantzurik antzematen bada lurrak hondeatu eta mugitu bitartean, sustatzaileak Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinaraziko die, beharrezko neurriak hartzeko, 1/2005 Legeko 17.6. artikuluaren arabera.

2.c.6.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Uztailaren 3ko 7/1990 Legeak, euskal kultura-ondareari buruzkoak, xedatzen duena betetzeaz gain, baldin eta aztarna arkeologikoen zantzurik aurkitzen bada lanek irauten duten bitartean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari jakinaraziko zaio berehala, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.

2.c.7.– Paisaia babesteko eta lehengoratzeko neurriak.

2.c.7.1.– Lanek eragina duten eremu guztietan (tartean, kontratistaren instalazioen eremuetan eta ingurumenaren gaineko eraginaren azterketan agertu ez baina aldatu egiten direnetan), lanak paisaian integratuko dira, eta ingurunea lehengoratzeko lanek honakoak hartuko dituzte barnean: urbanizatu gabeko lekuetan, lurra alde geomorfologiko eta edafikotik lehengoratzea eta landare-estalki bati euts diezaioketen eremuak landareztatzea; eta, hiriguneetan, lorategiko elementuak berriro jartzea.

2.c.7.2.– Lurrak mugitu bitartean, landare-lurra bereiz kenduko eta pilatuko da, lanek eragina duten eremuak errazago lehengoratzeko eta landareztatzeko.

2.c.7.3.– Ibaiertzak lehengoratzeko, proiektuak ingurumenean duen eragina ebaluatzeko aurkeztutako dokumentuei jarraituko zaie, eta, ibilguaren ertzak lehengoratzeko prozesuaren barruan, baldin eta aukeratzen den konponbideak bide ematen badu, landaredia (zuhaixkak zein zuhaitzak) egokiro hazteko moduan finkatuko da, beharrezkoa da-eta ibaiaren funtzio ekologikoari eusteko.

2.c.7.4.– Landare inbaditzaileak ez hedatzeko jarduketak egingo dira. Alde horretatik, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik.

2.c.7.5.– Lehengoratze-lanak egin ondoko bi urteetan, mantentze-lanak egingo dira: lurra urratu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak bete.

2.c.8.– Amaierako garbiketa.

Lanak bukatutakoan, eremua arretaz garbituko da, eta proiektuak eragina duen eremuko hondakin guztiak kenduko dira. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, ebazpen honetako 2.C.5. atalak xedatzen duena aplikatuko da.

2.c.9.– Ingurumen-aholkularitza.

Lanak amaitu bitartean eta bermealdian, ingurumen-gaietan eta babes- eta zuzenketa-neurrietan adituak diren aholkulariak izango ditu Lanen Zuzendaritzak, ingurumenaren gaineko eraginaren azterketak zehazten duenari jarraituz. Lanen Zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz, aholkulariek txosten bat egingo dute aurrez.

2.c.10.– Lanak egiteko programaren diseinua.

Lanak hasi aurretik, kontratistak proposamen zehatzak egingo ditu ondoko gaiei buruz, gutxienez.

Lanak egiteko programari erantsiko zaizkie, eta lanen zuzendariak berariaz onartuko ditu –aurrez, txosten bat egingo du aurreko atalean aipatutako ingurumen-aholkularitzak–. Dokumentu hauek bilduko ditu lanak egiteko programak:

– Kontratistaren instalazioen eremuen kokalekuari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak.

– Lanen ondorioz kutsatzen den ura biltzeko eta tratatzeko gailuei buruzko xehetasunak.

– Eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinak kudeatzeko plana, honakoak errespetatuta: otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuak, eraikuntza- eta eraispen-lanen hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duenak, 5.1. artikuluan xedatzen duena; eta ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuak, eta ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuak, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko denak, 7. artikuluan xedatzen duena.

2.D.– Ingurumena Zaintzeko Programa.

Sustatzaileak proiektuak ingurumenean duen eragina ebaluatzeko aurkeztutako dokumentuen eta ebazpen honen arabera gauzatuko da Ingurumena Zaintzeko Programa.

Lanak kontratatzeko baldintza-agiriei erantsiko zaie, eta aurrekontu bat izango du, bete egiten dela bermatzeko.

2.d.1.– Gorabeheren erregistroa.

Lanak amaitutakoan, lanen amaierako txostena egingo du sustatzaileak, eta lanak egin bitartean izandako gorabeherak adieraziko ditu han, besteak beste. Era berean, adieraziko du zenbateraino bete diren babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzekoak. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren eskura egongo da erregistroa, hark ikuskatzeko, eta, nolanahi ere, lanak amaitutakoan, bidali egingo zaio. Aldaketarik egiten bada proiektua gauzatu bitartean, xehetasunez dokumentatuko da, eta ingurumenean duen eraginaren ikuspegitik justifikatuko.

2.d.2.– Zarataren kontrola.

Lanek eragina duten eremuan, kutsadura akustikoa kontrolatuko da. Neurketa-puntuen eta maiztasunaren aldetik, kontrola bat etorriko da eragin akustikoaren azterketaren (ingurumenaren gaineko eraginaren azterketaren eranskinari gehitutakoaren) ondorioekin. Era berean, soinu-isurien arabera, lanak egiteko faseak eta jarduketa motak sailkatuko ditu. Sustatzaileak proposamen zehatz bat egingo du aipatutako gaiei buruz.

2.d.3.– Lehengoratze-jarduketen arrakastaren kontrola.

Bermealdian, jarraipena egingo da aldian-aldian, ikusteko ea ondo doan proiektuak eragina izan duen eremuak lehengoratzeko prozesua eta, batez ere, ea egokiro hazten den ur-bazterreko habitata lehengoratzeko landaredia. Era berean, zainduko da ea ondo funtzionatzen duten gainerako zuzenketa-neurriek.

Proiektu honetatik kanpo aurreikusten diren jarduketei dagokienez ere egingo da lehengoratze-prozesuaren jarraipena.

2.d.4.– Ingurumena Zaintzeko Programaren dokumentu bateratua.

Ingurumena Zaintzeko Programaren testu bateratu bat prestatuko du sustatzaileak, ingurumenaren gaineko eraginaren azterketak eta ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpen honek proposatzen dituzten betebehar guztiak biltzen dituena.

Kontrolatu beharreko parametroak zehaztuko ditu programak, eta parametro bakoitzaren erreferentziazko balioak adieraziko ditu, baita honakoak ere: laginketa eta analisia egiteko metodologia; kontrol-puntuen kokalekua, xehetasunezko mapetan; kontrolen maiztasuna; eta kontrol-lanetarako aurrekontu zehatza.

2.d.5.– Ingurumena Zaintzeko Programaren emaitzen bidalketa.

Ingurumena Zaintzeko Programaren barruko txosten eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu, eta Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari bidaliko zaizkio, urtean behin, ingurumen-gaietan aditua den erakunde batek egindako txosten batekin batera. Ingurumena Zaintzeko Programaren emaitzak aztertuko ditu txostenak, eta, bereziki, honakoak aipatuko ditu: Programa indarrean zegoen bitartean izandako gertakari nagusiak, haien balizko arrazoiak eta emandako konponbideak.

Kasuan-kasuan aplikatu beharreko araudia betetzeaz gain, sustatzaileak euskarri egoki batean bilduko ditu datuak, bi urtez gutxienez, eta administrazio publikoetako ikuskaritza-zerbitzuen esku utziko ditu.

2.E.– Komenigarria bada arau berriak indarrean sartu direlako edo sistemen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezaupide berri esanguratsuetara egokitu beharra dagoelako, babes- eta zuzenketa-neurriak eta Ingurumena Zaintzeko Programa aldatu egin daitezke; tartean, kontrolatu beharreko parametroak, kontrolen maiztasuna eta parametroen muga-balioak. Era berean, jardueraren sustatzaileak eskatuta edo ofizioz, ingurumen-organoak ere alda ditzake babes- eta zuzenketa-neurriak eta Ingurumena Zaintzeko Programa, haien emaitzak ikusirik, edo ikusirik ingurumenaren gainean eraginik ez izateko eta ingurumenaren gaineko eragina zuzentzeko eta berdintzeko neurriak eskasak direla.

2.F.– Ebazpen honetako aurreko atalak betetzeaz gain, ondoko agiriak helaraziko zaizkio ingurumen-organo honi, espedienteari eransteko:

2.f.1.– Lanak hasi baino lehen, Ingurumena Zaintzeko Programaren dokumentu bateratua –ebazpen honetako 2.D.4. atalak arautzen du–.

2.f.2.– Lanak amaitutakoan, lanak egin bitartean izandako gorabeheren erregistroa eta babes- eta zuzenketa-neurrien eta ingurumena zaintzekoen betetze-mailarena –ebazpen honetako 2.D.1. atalak arautzen du–.

2.f.3.– Urtean behin, lanak hasten direnetik bermealdia amaitzen den arte, Ingurumena Zaintzeko Programaren dokumentua eta egindako kontrolen emaitzak ebazpen honetako 2.D.5. atalak arautzen ditu.

3.– Otsailaren 27ko 3/1998 Legeak, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko orokorrak, 47.8. artikuluan xedatzen duenez, bi urteko epea ematea proiektua gauzatzen hasteko, ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik. Baldin eta epea amaitzerako proiektua ez bada gauzatzen hasia sustatzaileari egotz dakizkiokeen arrazoiak direla-eta, ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpen honek eraginkor izateari utziko dio. Hala ere, behar bezala justifikatutako arrazoirik badago, organo eskudunak proiektua gauzatzen hasteko epea luza dezake.

4.– Urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuak, Proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, 14.3. artikuluan xedatzen duenez, zera jakinaraztea: behar adina aurretiaz, proiektuaren sustatzaileak jakinarazi behar dio ingurumen-organoari zer egunetan hasiko den proiektua gauzatzen.

5.– Ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko uztailaren 17a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

ALEJANDRA ITURRIOZ UNZUETA.


Azterketa dokumentala