Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

197. zk., 2014ko urriaren 16a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
4325

26/2014 EBAZPENA, irailaren 8koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Eusko Jaurlaritzak egindako hitzarmenak, beherago zehaztutakoak, argitaratzea xedatzen duena.

Eusko Jaurlaritzak zenbait hitzarmen sinatu dituenez gero, zabalkunde egokia izan dezaten, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Honako hitzarmen hauen testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea:

– Bavierako Estatu Librearekin elkar ulertzeko memoranduma, bi aldeentzat interesa duten zenbait alorretan lankidetzarako oinarriak jartzekoa (I. eranskina).

– Eusko Legebiltzarrarekin lankidetza-hitzarmena, gardentasuna eta herritarren informazioa sustatzeari begira multimedia euskarriak eta informazioa trukatzekoa (II. eranskina).

– Euskal Herriko Unibertsitatearekin, Deustuko Unibertsitatearekin eta Mondragon Unibertsitatearekin indarreko kartzela-legediaren testuinguruan gizarteratzeko neurriei buruzko ikerketa akademikoa garatzeko esparru-hitzarmena (III. eranskina).

– Lankidetza-hitzarmena, Bizkaiko Foru Aldundiarekin sentsibilizazio-kanpaina hedatzekoa eta familia-harrera sustatzekoa (IV. eranskina).

Vitoria-Gasteiz, 2014o irailaren 8a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.

I. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN IRAILAREN 8KO 26/2014 EBAZPENARENA

Munich, 2014ko uztailaren 2an.

Euskadiko Autonomia Erkidegoak, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Maria Angeles Elorza andreak ordezkatuta,

Bavierako Estatu Libreak, Europako Gaietarako eta Nazioarteko Harremanetarako ministro Beate MERK andreak ordezkatuta,

Aurrerantzean «aldeak» deituko zaie,

KONTUAN HARTUTA

Bi aldeek

Orain arteko harremanei eutsi eta harreman horiek sendotzeko interesa dutela,

Askatasunaren, demokraziaren, justiziaren eta elkartasunaren balioak partekatzen dituztela,

Elkarrenganako konfiantzan oinarrituta, adiskidetasun eta lankidetzazko loturak indartu nahi dituztela,

Bi aldeek 1994an izenpetutako adierazpenean oinarrituta, orain arte izandako lankidetzaren emaitzak oso egokiak izan direla uste dutela,

Bi gizarteak eta bi gizarteon ahalmenak hobeto ezagututa eta bi gizarteon artean denboran zehar ekonomiaren, gizartearen eta kulturaren arloetan ezarri diren harremanen bitartez, harreman horiei eutsi eta sendotzeko interesa dutela

ADIERAZTEN DUTE:

Asmoa dutela alde bien arteko harremanetan sakondu eta interes komuneko zenbait arlotan lankidetzan aritzeko.

Lehenengoa.– Hasteko, interes komuneko alor hauetan bilduko da lankidetza:

● Ikerketa, Garapen eta berrikuntzan.

● Industria Politikan eta horren sektore nabarmenetan, hala nola, automobilgintzan, manufakturan edota makina-herremintan.

● Ingurumen eta Energian.

● Lanbide Heziketan.

● Barne Segurtasunean eta polizia-lankidetzan.

Bi aldeek elkarrekin balioetsiko dute interes komuneko beste zenbait arlotara ere zabaltzea lankidetza.

Bigarrena.– Elkar Ulertzeko Memorandum honek ez die parte hartzaileei bestelako finantza konpromisorik ezartzen, alde bakoitzak, hala badagokio, idatziz eta berezita onar ditzakeenak ez badira.

Lankidetza hau alde bakoitzaren aurrekontu baliabideen eta nahitaez egin beharreko izapideen menpe egongo da.

Beharrezkoa balitz, berariazko proiektuetan oinarritutako lan taldeak sortuko lirateke.

Etengabeko harremanetan oinarrituko da lankidetza. Beharrezkoa denean, berariazko proiektuetan oinarritutako lan taldeak sortuko dira. Proiektua aurkezten duen aldea arduratuko da proiektu horren antolaketaren zuzendaritza eta buruzagitzaz.

Lankidetza gauzatzeko ekimenen etengabeko jarraipena egingo da eta egoki diren neurri eta programak abiaraziko dira horretarako.

Hirugarrena.– Erakunde gaietarako eta Europar Batasunarekiko gaietarako mintzakide gisa, Euskadiko Autonomia Erkidegoaren aldetik Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak eta Bavierako Estatu Librearen aldetik Bayerische Staatskanzlei-k burutuko dituzte Elkar ulertzeko Memorandum honen koordinazio eta jarraipen zereginak.

Laugarrena.– Lankidetza tresna hau elkarrekin adostuta baino ezin izango da aldatu, eta idatziz adierazi beharko da hori. Aldaketak jasotzen dituzten agiriak eranskin gisa gehituko zaizkio Elkar ulertzeko Memorandum honi, eta bere zati izango dira.

Elkar Ulertzeko Memorandum honek 2 urteko indarraldia izango du izenpetzen denetik aurrera.

Elkar Ulertzeko Memorandum hau alde biek adostuta amaitu ahal izango da, edota alde batek bukatu ahal izango du besteari jakinarazpen idatzia eginez gero; gutxienez hiru hilabete lehenago egin beharko du jakinarazpen hori. Horrelakoetan, egiteko bidean edo hirugarrenekin konprometituta dauden jarduerak bukatzera behartuta egongo dira aldeak.

Eusko Jaurlaritzaren izenean,

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,

MARIA ANGELES ELORZA.

Bavierako Gobernuaren izenean,

Europako Gaietarako eta Nazioarteko Harremanetarako ministro,

BEATE MERK.

II. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN IRAILAREN 8KO 26/2014 EBAZPENARENA
LANKIDETZA HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA EUSKO LEGEBILTZARRAREN ARTEKOA, EUSKARRIAK ETA INFORMAZIOA TRUKATZEKO GARDENTASUNA ETA HERRITARREN PARTE HARTZEA SUSTATZE ALDERA
PARTE HARTZEN DUTE:

Alde batetik, Jesús Peña Martinez jauna, Lehendakaritzako idazkari nagusia, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean eta ordezkaritzan, 2014ko uztailaren 22ko Gobernu Kontseiluak onetsitako baimenari jarraiki.

Beste aldetik, Eduardo Mancisidor, Eusko Legebiltzarreko legelari nagusia den aldetik.

Alde biek, dagozkien erakundeak ordezkatzeko gaitasun nahikoaz jardunez, honako lankidetza-hitzarmen hau sinatzea erabaki dute.

ADIERAZTEN DUTE:

irekia.euskadi.net (aurrerantzean Irekia) ataria Lehendakaritzaren ekimen bat da, eta bere oinarrian daude Gobernu Irekia (eGov) eta herritarrak euskal Administraziora hurbiltzeko asmoa. Partaidetzarako web batean gauzatzen da atari hori eta Jaurlaritzaren ekintzak kontrolatzeko eta horietan parte hartzeko aukera ematen die herritarrei.

Eusko Legebiltzarra herritarren sarbidea eta partaidetza sustatzen ari da, erakundea irekitzeko programen bidez. Horrela, bada, duela zenbait urtetik hona Legebiltzarraren web-orriaren bidez osoko bilkurak eta batzordeen bilkurak zuzenean ematen dira eta herritarrentzat eskuragarri daude. Horrez gain, erakundeak «Zabalik» informazio-zerbitzua dauka, bai eta partaidetzarako zenbait kanal ere, esate baterako, «Parte Hartu» eta «ADI!»; eta horiek garatzen jarraituko du herritarrek informazioa zuzenean eskuratzeko eta beren proposamen eta iritziekin Legebiltzarraren jardunean eragiteko aukera izan dezaten.

Hortaz, funtsezkoa da aurrera egiten jarraitzea gardentasunerako eta herritarren partaidetzarako bideak sustatuz, eta hitzarmen honetan jasotzen den ekimena lotuta dago helburu horrekin, izan ere, erakundeen eta Legebiltzarraren jarduna eta egunerokoa herritarrengana hurbiltzea bilatzen du. Eusko Jaurlaritzaren eta Eusko Legebiltzarraren arteko beste elkarrekintza-alor bat da hau, non bi erakundeok dituzten tresnei probetxurik handiena ateratzeko lanean sakondu daitekeen.

Hitzarmen honen helburua da lankidetza hori zabaltzea herritarren mesederako.

Lankidetza ez da orain hasi, izan ere, 2010eko uztailaren 27an eta irailaren 13an Eusko Legebiltzarreko Mahaiak hartutako bi erabakiren ondorioz, Eusko Legebiltzarra eta Lehendakaritza elkarlanean ari dira, bilkura parlamentarioen ikus-entzunezko seinalearen lagapena egin eta seinalea aipatutako Irekia ataritik hedatzeko baimena eman baita.

Geroztik, ekimen hori sendotu egin da eta alde biek egiaztatu dute behar berriek berresten dutela lankidetza honen jarraipenaren komenigarritasuna, eta beraz, lankidetza hori formalizatu beharra dago. Horretarako alde biek hitzarmen bat sinatuko dute, honako klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehena.– Xedea.

1.– Hitzarmen honen helburua da Eusko Jaurlaritza, Lehendakaritzaren bidez, eta Eusko Legebiltzarra elkarlanean aritzea zertarako eta, gardentasun handiagoa lortze aldera, erakunde arteko truke- eta lankidetza-dinamikak inplementatzeko, eta, hala badagokio, erakunde bi horien ikus-entzunezko produktuen errealizazioa egitea, bai eta produktuok Irekia atariko erabiltzaileen artean publikoki zabaltzeko baldintzak zehaztea ere.

2.– Elkarlan honek interes orokorrekoak izan daitezkeen edo gardentasun handiagoa susta dezaketen erakunde bien ikus-entzunezko baliabideen eta baliabide grafikoen elkartrukea dakar.

Bigarrena. Eusko Legebiltzarraren konpromisoa.

1.– Hitzarmen honen bidez, Eusko Legebiltzarrak Irekiari ondorengoa emateko konpromisoa hartzen du:

a) osoko bilkuren eta batzordeen jendaurreko bilkuren ikus-entzunezko seinalea Irekiari emateko, irekia.euskadi.net atariak denbora errealean hedatzeko, bai eta ondoren argitaratu eta artxibatzeko ere.

b) Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzako goi-kargudunen agerraldien fitxategi grafikoak.

2.– Hori guztia, ondoko baldintza hauetan:

a) Bilkura parlamentario eta batzorde-bilkura guztien emanaldiak osoak izango dira, edota, kasuan kasuko gai-zerrendako puntuaren emankizun osoak.

b) Berariaz salbuetsita geratzen dira legebiltzar-etxean egiten diren prentsa-agerraldi eta prentsaurrekoak.

c) Fitxategi eta ikus-entzunezko seinale horiek ematea, kasu guztietan, Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren mende geratzen da, organo horrek ahalmena baitauka legebiltzar-organo guztien jarduerei buruzko informazioa eskuratzeko arauak erabakitzeko.

Hirugarrena.– Jaurlaritzako Lehendakaritzaren konpromisoa.

1.– Hitzarmen honen bidez, Lehendakaritzak, Irekiaren bitartez, Eusko Legebiltzarraren esku jarriko ditu Jaurlaritzak ekoitzitako ikus-entzunezko materialak, Legebiltzarreko lehendakaria, mahaikideak edo legebiltzarkideak ekitaldietara bertaratzen direnean edo horietan parte hartzen dutenean Legebiltzarreko organoen ordezkari gisa.

2.– Bestalde, Irekiak bideo eta argazki horiek emango dizkio Legebiltzarrari, Legebiltzarrak hala eskatzen duenean, eta behar den fitxategi-mota zein den zehaztuta, ekitaldiaren izaeraren arabera eta legebiltzarkideen parte-hartzearen edo presentziaren arabera. Bideoen kasuan, oro har, ekitaldiaren laburpen bat bidaliko da, non Legebiltzarreko ordezkariak agertzen diren tarteak barne izango baitira.

Laugarrena.– Baliabideak lagatzeko lizentzia.

Elkarrekin partekatutako baliabideek, ondorio guztietarako, «CC By» (Creative Commons) erabilera-lizentzia dutela ulertuko da. Lizentzia horretan oinarrituta, espazio honetan sortzen den informazio-ondarea, ikus-entzunezko materiala eta multimedia-materiala eskuratu ahal izango da, bai eta edozein helburutarako libreki erabili ere, baldin eta iturria eta egilea aipatzen badira.

Bosgarrena. Hitzarmena kudeatzea.

1.– Hitzarmen honen kudeaketa egiteko, koordinatuta egongo dira ondoko bi jarduketa-maila hauek:

1.1.– Maila Operatiboa:

a) Lehendakaritzaren aldetik: Gobernu Irekiaren Zuzendaritza, Lehendakaritzako Idazkaritza Nagusiari atxikita.

b) Eusko Legebiltzarraren aldetik: Prentsa eta Komunikazio Atala.

1.2.– Azpiegituraren maila teknikoa:

a) Eusko Jaurlaritzaren aldetik: Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritza.

b) Eusko Legebiltzarraren aldetik: Mantentze-lanen atala.

2.– Klausula honetan aurreikusitako instantzia guztiek beren erakundeetako dagozkien goragoko organoetara jo ahal izango dute, hitzarmen honen interpretazioarekin, aplikazioarekin edo hobetzearekin lotutako gaiak beren erantzukizun-eremutik harago doazenean.

Seigarrena.– Azpiegitura teknologikoa eta baliabideen formatua.

1.– Azpiegitura teknologikoa eta erabilitako baliabideen formatua hitzarmen honen eranskinean xedatutakoak dira.

2.– Hitzarmenari eraginkortasun handiagoa emateko, azpiegituran zein formatuan jasotako osagaiak, eranskinean zehaztuta daudenak, eskakizun tekniko berrietara egokitzeko aldatu ahal izango dira, Lehendakaritzako Gobernu Irekiko Zuzendaritzak eta Eusko Legebiltzarreko Prentsa eta Komunikazio Atalak adostuta.

Zazpigarrena.– Ezartze-kostuak.

Beharrezko azpiegitura teknologikoaren ezartze- eta mantentze-kostuak erakunde arduradunaren kontura izango dira, hitzarmen honen eranskinean zehazten den banaketaren arabera.

Zortzigarrena.– Hitzarmenaren indarraldia, luzapena eta salatzea.

Hitzarmen hau indarrean sartuko da sinatzen den egunean bertan eta bere indarraldia 2014ko abenduaren 31n amaituko da; halaber, luzagarria izango da, automatikoki, jarraian aipatzen diren suntsiarazte-arrazoirik tartean ez bada:

a) Aldeetako batek idatziz salatzea, bi hilabete lehenago.

b) Hitzarmen honetako klausulak ez betetzea.

c) Alderdiek euren artean hala adostea.

Bederatzigarrena. Hitzarmenaren izaera eta jurisdikzio eskuduna.

Hitzarmen honek izaera administratiboa du eta Sektore Publikoko Kontratuei buruzko urriaren 30eko 30/2007 Legearen aplikazio-eremutik kanpo geratzen da, lege horren 4.1. c) artikuluaren babesean.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko uztailaren 28an.

Eusko Legebiltzarreko legelari nagusia,

EDUARDO MANCISIDOR ARTARAZ.

Lehendakaritzako idazkari nagusia,

JESÚS PEÑA MARTÍNEZ.

ERANSKINA

I.– Azpiegitura teknologikoa.

Ondoko hauek dira tartean izango diren azpiegitura teknologikoak:

A) Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzaren aldetik:

i. Eusko Legebiltzarra Eusko Jaurlaritzaren sare korporatibora lotzen duen komunikazio-linea.

Ii. Rourter-a

iii. Bi PC, hala badagokio, seinalea hartuko duten txartelak dituztenak.

A) Eusko Legebiltzarraren aldetik:

i. Beharrezko espazio fisikoa eta instalazio elektrikoa prestatzea.

Ii. Audio- eta bideo-seinaleak PCetara garraiatzeko linea jartzea.

II.– Baliabideen formatu eta ezaugarriak:

Baliabide materialen formatu eta ezaugarriak ondoko hauek izango dira:

a) Lineako streaming emanaldietarako: Irekian egun erabiltzen den formatu bakarra FLV formatua (bereizmen txikia) da, eta Legebiltzarraren logotipoa txertatuko zaio; deskargatzeko zein kapsulatzeko aukera ere egongo da.

b) Formatu hori, bai eta bereizmen-kalitateak ere, eguneratu ahal izango dira, alde biek adostuta, ikus-entzunezko teknologiaren eboluzioaren arabera.

c) Irekiak ekoizten dituen bideoetarako: MP4 (bereizmen handia).

d) Eusko Legebiltzarrak eta Irekiak ekoizten dituzten argazkietarako: JPG (bereizmen handia).

III. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN IRAILAREN 8KO 26/2014 EBAZPENARENA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN, EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN, DEUSTUKO UNIBERTSITATEAREN ETA MONDRAGON UNIBERTSITATEAREN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMENA, INDARREAN DAGOEN ESPETXE-LEGERIAREN TESTUINGURUAN BIRGIZARTERATZE-NEURRIEI BURUZKO IKERKETA AKADEMIKOA GARATZEKO

Vitoria-Gasteiz, 2014ko uztailaren 4an.

PARTE-HARTZAILEAK:

Jonan Fernandez Erdozia jauna, Lehendakaritzako Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusia, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean eta haren ordezkari.

Iñaki Goirizelaia Ordorika jauna, Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea, aipatutako unibertsitatearen izenean eta haren ordezkari, Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuek emandako eskumenen babesean (IFK: Q4818001B; egoitza: Sarriena auzoa, z.g. Leioa-Bizkaia).

José María Guibert Ucín jauna, Deustuko Unibertsitateko errektorea, aipatutako unibertsitatearen izenean eta haren ordezkari, Deustuko Unibertsitatearen Estatutuek emandako eskumenen babesean (IFK: R4868004E; egoitza: Unibertsitateen etorbidea, 24 Bilbo-Bizkaia).

Iosu Zabala Iturralde jauna, Mondragon Unibertsitateko errektorea, aipatutako unibertsitatearen izenean eta haren ordezkari, Mondragon Unibertsitatearen Estatutuek emandako eskumenen babesean (IFK: F20560991; egoitza: Goiru kalea, Arrasate-Gipuzkoa).

Alderdi guztiek hitzarmen hau sinatzeko behar besteko gaitasuna aitortzen diote elkarri, eta horretarako, honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

2014ko urtarrilaren 8an oinarrizko hitzarmen bat sinatu zela Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren, Euskal Herriko Unibertsitatearen, Deustuko Unibertsitatearen eta Mondragon Unibertsitatearen artean, Euskadiko 2013-2016ko Bake eta Bizikidetza Planari euskal unibertsitateek egin diezaioketen ekarpen partekatua diseinatu, garatu eta gauzatzeko.

Oinarrizko hitzarmenaren helburua da Unibertsitate sinatzaileen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren artean lankidetzarako eremua zehaztea; horrez gain, alderdi bakoitzak xede horretara bideratuko dituen baliabideak behar bezala koordinatzeko oinarriak zehaztuko dira.

2013-2016ko Bake eta Bizikidetza Planeko ekimenen artean, euskal unibertsitateei eragiten dien ekimen bat dago: 11. ekimena. Euskal unibertsitateen lankidetzak eta laguntzak berekin ekarri behar du oinarri zientifikoa eta akademikoa duen proiektu bat , bakearen eta bizikidetzaren arloan aurreratzea ahalbidetzeko bokazio praktikoa eta zehatza duena.

Aipatu oinarrizko hitzarmenaren hirugarren klausulan («Proiektuak gauzatzea») ezarritakoaren arabera, proiektuak abian jartzeko, eta hala behar balitz, tresna juridikoak bideratuko dira kasu bakoitzean, betiere aurrekontuetan horretarako dirurik badago.

Zentzu horretan, ikerketa-jarduera eta -lan zientifikoak eta akademikoak egiteko lankidetza-hitzarmen bat sinatuko da, indarrean dagoen espetxe-legeriaren testuinguruan birgizarteratze-neurriei buruz.

Horregatik guztiagatik, alderdiek erabaki dute Berariazko Lankidetza-Hitzarmen hau izenpetzea. Hona hemen hitzarmena arautuko duten

KLAUSULAK:

Lehenengoa.– Helburua.

1.– Lankidetza-hitzarmen honen helburua da ikerketa-jarduera eta -lan zientifikoak eta akademikoak egitea indarrean dagoen espetxe-legeriaren testuinguruan birgizarteratze-neurriei buruz.

2.– Xede horrekin, hitzarmen hau sinatu duten unibertsitateek ikerketa-taldeak osatuko dituzte, ikerketa-jarduerak garatzeko eta aipatutako lanak egiten dituzten langileen artean ezagutzen transferentzia egiteko. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak bere aldetik, beharrezko lankidetza-ekintzak burutuko ditu, eta aipatutako jarduerak garatzeko beharrezko baliabide materialen ekarpena egingo du.

3.– Aurreko puntuetan aipatutako jardueren sistematika eta garapena hitzarmen honen eranskinean zehaztu bezala egingo dira.

Bigarrena.– Jardunak.

Ikerketa- eta transferentzia-jarduera garatzeko, jardun hauek sustatuko dira, besteak beste:

a) Unibertsitate sinatzaileen arteko trukea, bateratze-lana eta lankidetza akademikoa, bai eta unibertsitate horien eta gai horretako nazioarteko adituen artekoa ere.

b) Hainbat mintegi eta topaketa, aukera emango dutenak eztabaida akademikoa sortzeko eta ezagutza gizarteari transferitzeko, landutako lanak, ikerketak eta proposamenak aurkezteko, trukatzeko, aztertzeko eta hedatzeko agertokia den aldetik.

c) Hari lotutako gaiei buruzko ikerketak, espetxe-birgizarteratzearen ereduen aplikazioa aztertuz; bereziki, euskal eredua.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren konpromisoak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak konpromiso hauek hartuko ditu bere gain, hitzarmen honen garapenean aurreikusitako ekintzak burutzeko eta abian jartzeko:

1.– Hitzarmen honen xede diren ekintzetarako behar den dokumentazio, datu-base, eta oro har, informazio oro jarriko du unibertsitateen eskura.

2.– Ikerketa-taldeen lanak sustatuko eta babestuko ditu, Jarraipen Batzordearen bitartez.

3.– Ikerketa-taldeen lanak zabalduko ditu, hitzarmen honetan ezarritako bideen bidez.

4.– Hitzarmen honetako seigarren klausulan adierazitako diru-kopuruaren ekarpena egingo du, zehaztutako xedeetarako.

Laugarrena.– Unibertsitateen konpromisoak.

Aipatu unibertsitateen ikerketa-taldeek konpromiso hauek hartuko dituzte bere gain:

1.– Beharrezko ezagutza zientifikoen ekarpena egingo dute, lankidetza-hitzarmen honi lotutako ikerketak egiteko.

2.– Jarraipen Batzordearen arabera interesekoak diren lanak, txostenak, mahai-inguruak eta abar aztertzeko eta zabaltzeko ekitaldien antolakuntzan lagunduko eta parte hartuko dute, hitzarmenaren emaitzaren bukaera onerako.

3.– Dagokien irakas-eremuetan, hainbat jarduera sustatuko dituzte, hitzarmen honen xedearekin bat etorriz.

4.– ETArekin zerikusia duten presoen egoera legalari eta administratiboari buruzko agiri bat egingo dute, eranskinean zehaztutako moduan.

Bosgarrena.– Unibertsitateetako ikerketa-taldeen osaera.

1.– Proiektu honetan, unibertsitate sinatzaileetako ikertzaileek kolaboratuko dute, bai eta itzal handiko nazioarteko adituek ere.

2.– Ikerketa-taldea EHUko bi kidek, Deustuko Unibertsitateko bi kidek, eta Jarraipen Batzordeak egoki baderitzo, Mondragon Unibertsitateko kide batek osatuko dute; unibertsitate bakoitzak aukeratuko ditu kide horiek.

3.– Ikerketa-taldeen koordinatzailea Joxerramón Bengoetxea jauna izango da, proiektuaren ikertzaile nagusi den aldetik. Bestalde, Frieder Dünkel jauna izango da jarduera horietako kanpo-kolaboratzailea, nazioarteko aditua den aldetik.

Seigarrena.– Aurrekontua.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak beharrezko baliabideak jarriko ditu unibertsitateetako ikerketa-taldeen eskura, lankidetza-hitzarmen honen ondorio diren ikerketak egiteko. Hain zuzen ere, Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak hogeita hamar mila (30.000) euroren ekarpena egingo du, deskribatutako jarduerak ordaintzeko. Kopuru hori aurrekontuko partida honen kargura egingo da: 14.0.1.01.31.0000.1238.99.46210.006/l.

2.– Ordainketa Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak egingo du, EHUk izendatutako kontura banku-transferentzia eginez. Diru-ekarpena hiru alditan ordainduko da, honela:

– Lehen ordainketa, 15.000 eurokoa, hitzarmena formalizatu ondoren.

– Bigarren ordainketa, 10.000 eurokoa, eranskinean adierazitako 1. fasea amaitu ondoren.

– Hirugarren eta azken ordainketa, 5.000 eurokoa, eranskineko 7. fasearen amaieran.

3.– EHUk berariazko kontabilitateko kontu independente batean erregistratuko ditu jarduerarekin zerikusia duten diru-sarreren eta gastuen eragiketa guztiak. Proiektuaren amaieran, diru-sarreren eta gastuen likidazioa aurkeztuko da, eta lankidetza-hitzarmen honetako batzordekideek onartu beharko dute.

4.– Edozein arrazoi dela eta, proiektuaren gainfinantzaketa gertatuko balitz, ekarpena proportzionalki murriztuko da dagokion partidan eta kopuruan, gainfinantzaketa hori gerta ez dadin.

Kopurua dagoeneko ordainduta egongo balitz eta gainfinantzaketa gertatuko balitz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari itzuliko zaio dagokion soberakina, aurrez Jarraipen Batzordeak egiaztatu eta ziurtatu ondoren.

Zazpigarrena.– Lankidetzaren ikusgaitasuna.

Sinatzaileek lankidetza-hitzarmen honen xede den lankidetza nabarmentzeko konpromisoa hartzen dute. Horretarako, hitzarmen honen alorreko jarduera guztietan eta haren ondoriozko ekintza guztietan berariaz jasota geratuko da alderdien arteko lankidetza, eta bermatuta egongo da sinatzaile guztien irudi korporatiboaren ikusgaitasuna, ordezkagarritasun- eta neurri-ezaugarri berberekin, eta egokiak izan daitezkeen beste ezaugarri batzuei kalte egin gabe.

Zortzigarrena.– Konfidentzialtasuna.

1.– Sinatzaileek lankidetza-hitzarmen hau gauzatzearen ondorioz pertsonei, taldeei eta materialei buruz eskura dezaketen informazioa gordetzeko eta ez zabaltzeko konpromisoa hartzen dute, ez haren indarraldian ez hura amaitu ondoren, beste alderdien berariazko baimenik gabe, betiere informazio horiek publikoak ez badira.

2.– Sinatzaileek konpromisoa hartzen dute proiektuan parte hartuko duten langile guztiei klausula honetan araututako konfidentzialtasun-konpromisoaren berri emateko eta betearazteko.

Bederatzigarrena.– Lanen titulartasuna.

1.– Erakunde sinatzaileek hitzarmen honen baitan egindako ekintzen eta ikerketa-proiektuen ondorio diren datuak eta ezagutzak erabili ahal izango dituzte.

2.– Hitzarmen honen xede diren jardueren ondorioz argitaratutako lanen jabetza intelektualari datxezkion ustiapen-eskubideak haren sinatzaile guztienak izango dira, neurri berean.

Hamargarrena.– Jarraipen Batzordea.

1.– Hitzarmenaren jarraipena egiteko eta hura sustatzeko, bai eta hura behar bezala interpretatzeko eta izan daitezkeen zalantzak argitzeko ere, Jarraipen Batzorde bat zehaztuko da. Honako hauek osatuko dute batzordea:

– Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Jonan Fernández Erdozia jauna eta Aintzane Ezenarro Egurbide andrea.

– Agertutako unibertsitateen aldetik, ikerketa-taldeko kideetako bat eta ikerketa-taldearen koordinatzailea.

Batzordeak zehaztuko du hitzarmen honen garapenean elkarrekin jarduteko mekanismoa, hitzarmen honetako eranskineko sistematika betetzeari kalte egin gabe.

2.– Batzordea hitzarmen honetako eranskinean zehaztutako fase bakoitzarekin bat etorriz bilduko da, behar duten kontu guztietarako aldizka harremanetan jartzeari kalte egin gabe.

Saio bakoitzean, akta bat idatziko du idazkari-funtzioak dituen pertsonak. Pertsona hori batzordea osatzen duten kideek adostasunez izendatuko dute.

3.– Batzordeak oniritzia emango du eranskinean aipatutako lan-fase bakoitzaren amaieran. Baldintza hori ezinbestekoa izango da hitzarmen honetako seigarren klausulan aipatutako ordainketa partzialak egiteko.

4.– Batzordearen erregimen juridikoa kide anitzeko organoei buruzko arauei lotuko zaie, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. Tituluaren II. Kapituluan bildutakoaren arabera.

Hamaikagarrena.– Indarraldia eta iraungitzea.

1.– Izenpetzen den egunetik 2014ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean hitzarmen hau.

2.– Bukatutzat eman daiteke aurreko zenbakian ezarritako epea igaro delako, bai eta alderdi guztiek idatziz hala adostu dutelako.

3.– Edozein alderdik amaitutzat eman dezake hitzarmena, alde bakarretik. Horretarako, amaiera hiru hilabete lehenago jakinarazi behar du gutxienez, idatziz. Amaiera gainerako alderdiei jakinaraziko zaie.

4.– Nolanahi ere, aribidean dauden jarduerak edo hirugarrenekin lotuta daudenek horiek bukatu arte lotuko dituzte alderdiak.

Eta adostasunaren lekuko, hitzarmen hau izenpetu dute hitzarmenkideek lau aletan, orri guztietan, idazpuruan adierazitako tokian eta egunean.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorratik,

Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusia,

JONAN FERNÁNDEZ ERDOZIA.

Euskal Herriko Unibertsitatetik,

Errektorea,

IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.

Deustuko Unibertsitatetik,

Errektorea,

JOSÉ MARÍA GUIBERT UCÍN.

Mondragon Unibertsitatetik,

Errektorea,

IOSU ZABALA ITURRALDE.

ERANSKINA

Proiektua aurreikuspen, fase eta orientazio hauen arabera egingo da; dena den, baliteke horietakoren bat aldatzea epeen eta baliabideen arabera:

1. fasea: Txostenaren lehen zirriborroa egitea.

Zuzenbide penalean aditu diren lau irakaslez/ikertzailez osatutako talde batek egingo du txostenaren lehen zirriborroa. Aditu horietako bi EHUk izendatuko ditu eta beste bi Deustuko Unibertsitateak.

Joxerramon Bengoetxea izango da taldeburua.

Beharrezkoa bada, Mondragón Unibertsitateak izendatuko pertsona batek ere hartuko du parte.

Txostenean Espainiako presondegietan nahiz Frantziakoetan zigorra betetzen ari diren ETArekin erlazionatutako presoak zer lege- eta administrazio-egoeratan (espetxe-egoera) dauden jasoko da. Txostenean, testuinguru juridikoaren eta Estatuko Gobernua aplikatzen ari den espetxe-politikaren laburpena egingo da, eta tipologia nagusiak eta horrekin erlazionatutako arazoak nabarmenduko dira. Helburu nagusia da gizarteratzeko aukerak aztertzea.

2. fasea: Nazioarteko adituei kontsulta.

Txostenaren zirriborroa nazioarteko adituen batzordeari helaraziko zaio –ad hoc sortuko da batzorde hori–, eta eskatuko zaie haien irizpena emateko, zirriborroa aberasteko, eta, hala badagokio, sinesgarritasuna emateko Europako estandar penalei jarraikiz.

Adituen talde hauta Frieder Dünkel irakasleak gidatuko du.

3. fasea: Txostenaren bigarren zirriborroa.

Nazioarteko adituen irizpena jasotakoan, txostenaren bigarren zirriborroa egingo du lan-taldeak. Beharrezkoa bada, nazioarteko adituen batzordearen eta lan-taldearen edo haren ordezkaritza baten arteko aurrez aurreko bilera bat egin daiteke.

4. fasea: Beste aditu batzuei kontsulta egitea.

Bigarren zirriborroa ere beste aditu batzuen esku jar daiteke (espainiarrak edo/eta frantziarrak), zer ikuspegi duten jakiteko eta haien ekarpena jasotzeko.

5. fasea: Behin-behineko txostena.

Lan-taldeak, jasotako ekarpenak kontuan hartuz, behin-behineko txostena egingo du, zeina geroko kontsulta eta ekarpenen mende geratuko den.

6. fasea: Nazioarteko mintegia.

Nazioarteko mintegi bat antolatuko da; hor izango dira lan-taldeko kideak eta kontsultatutako adituak, bai eta mintegian parte hartzea onartu duten beste aditu batzuk ere. Era beran, giza eskubideetan aritzen diren GKEen ordezkari batzuk ere gonbida daitezke parte hartzera; gehienez ere, 16.

7. fasea: Behin betiko amaierako txostena.

Nazioarteko mintegian izandako ekarpenak kontuan hartuz behin betiko txostena egingo da 2014ko abendurako.

IV. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN IRAILAREN 8KO 26/2014 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, BIZKAIKO FORU ALDUNDIAREN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ARTEAN, FAMILIA-HARRERAREN GARRANTZIAZ JABETZEKO ETA FAMILIA-HARRERA SUSTATZEKO KANPAINAREN BERRI EMATEKO.

Bilbon, 2014ko uztailaren 16.

HAUEK BILDU DIRA:

Alde batetik, M.ª Pilar Ardanza Uribarren andrea, Gizarte Ekintzako foru-diputatua, Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean eta ordezko gisa.

Bestetik, Cristina Uriarte Toledo andrea, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorraren izenean eta ordezko gisa.

Bi alderdiek dokumentu hau sinatzeko beharrezko ahalmen juridikoa aitortzen diote batak besteari eta, horretan aritzeko eman zaien ordezkaritza batak besteari onartuta, honako hau

HAU ADIERAZI DUTE:

Lehena.– Lehenagotik onartuta dago adingabekoak babesteko, tutelatzeko eta gizarteratzeko zerbitzuak Bizkaira eramatea, autonomia-erkidegoko erakunde erkideetatik. Hala erabaki zen ekainaren 25eko 63/1985 Foru Dekretu bidez eta uztailaren 2ko 211/1985 Dekretu bidez.

Bigarrena.– Familia-harrera delakoa umeak babesteko neurri bat da. Arrisku larrian edo babesik gabe dagoen umea edo nerabea familia batera eramaten da, dauzkan premiei erantzuna eman diezaieten, garapen psikosoziala berma diezaioten, eta, ahal den neurrian, babesgabeziak eragin dizkion arazoak leuntzen lagun dezaten.

Bizkaiko Foru Aldundiko umeen zerbitzuak uste du funtsezkoa dela familia-harrera sustatzea, berdin dio familiako beste etxe batzuetan edo beste familia batzuetan; eta halaxe ageri da, behin eta berriz, umeentzat egiten dituen plan guztietan.

Umea edo nerabea beste familiaren batean hartzea baldin bada asmoa, kontuan izan behar da familiak ez duela ezagutuko, ez duela harekiko harremanik. Ezinbestekoa da horretarako prest dagoen ahalik eta familiarik gehien edukitzea.

Hirugarrena.– Bizkaiko Foru Aldundiak, Umeen Zerbitzuaren bitartez, urtero-urtero egiten du kanpaina bat, gizartea gai honetaz jabetu dadin eta ikusteko –eta baita biltzeko ere– ea zein familia dagoen prest arrisku larrian edo babesgabe dagoen ume edo nerabe bat etxean hartzeko.

Eta ahalegin horretan, eskoletan zer edo zer egiteari ere interesgarria iritzi diogu, bai ikasleak bai familiak gogoan hartuta.

Irudi- eta kontaketa-lehiaketa bat egingo dugu, Bizkaiko ikastetxe publikoetan eta itunpekoetan, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetan matrikulaturik dauden ikasleen artean. Bi gauza lortu nahi dira: familia-harrera zer den lantzea, familian bizitzeko modu bat dela erakutsiz; eta jabetu daitezela zein garrantzitsua den norberaren eta familiaren elkartasuna, beharrean diren umeei laguntzeko.

Eta etxeetara ere iritsi nahi dugu. Ikasleekin lan eginez, etxeetan beste bi helburu lortu nahi ditugu: jabetu daitezela hainbeste adigabeko dagoela etxeko giroaren faltan; eta gurasoek ikus dezatela zer den familia-harrera eta balora dezatela ea prest dauden eta ahalmenik baduten foru-programa honetan parte hartzeko eta laguntzeko.

Laugarrena.– Proiektu hau martxan jartzeko –eta, esan dugunez, jendea familia-harrerarako kanpainaz jabetu dadila eta kanpaina bera sustatzea da helburua–, lankidetza behar da, aipatu ditugun bi erakunde horien artean: Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Departamentua eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila.

Eta proiektu hori martxan jartzeko eta proiektuaren kontrolerako eta jarraipenerako prozedurak zehazteko, lankidetza-hitzarmen bat sinatu beharra dago, Bizkaiko Foru Aldundiaren –Gizarte Ekintza Sailak sinatuko du– eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorraren artean –Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak sinatuko du–.

Hauek izango dira hitzarmen honen:

ESTIPULAZIOAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren Xedea.

Lankidetzaren nondik norakoak zehazteko da hitzarmen hau. Lankidetza hori izango da Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorreko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren artean, irudi- eta kontaketa-lehiaketa bat egiteko, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. ikasturteetan matrikulaturiko ikasleen artean, Bizkaiko ikastetxe publikoetan eta itunpekoetan. Helburua da ikasleekin familia-harrera zer den lantzea, behar horretaz jabetu daitezen, eta, aldi berean, gurasoek ikus dezaten zer den familia-harrera eta balora dezaten ea prest dauden eta ahalmenik baduten foru-programa honetan parte hartzeko eta laguntzeko, eta, hartara, ahalik eta familiarik gehien erakartzeko eta biltzeko.

Bigarrena.– Lankidetzaren edukia.

Hitzarmen honen helburua betetzearren, sinatzaileek ekarpen eta konpromiso hauek adostu dituzte:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorreko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak:

● Proiektuaren aurkezpen publikoan parte hartuko du, proiektuaren logoa eta goiburua eta guzti, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailarekin batera. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburuak parte hartuko du, edo haren ordezkoak.

● Kanpainarako egiten diren unitate didaktikoak eta materiala ikasleen artean zabaltzen lagunduko du. Bizkaiko ikastetxe publiko eta itunpekoetan zabalduko da, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6.eko ikasleen artean.

● Lehiaketa amaitzen denean, sari-banaketan eta amaierako ekitaldian ere parte hartuko du. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak edo ordezkoak parte hartuko du.

● Marrazki- eta kontaketa-lehiaketako epaimahairako bi ordezkari izendatuko ditu. Epaimahai horrek erabakiko du nori eman sariak.

● Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Departamentuari ikastetxeen kanpoko aldean kartel handi bat jartzeko baimena emango dio, euskarri eta guzti. Kartelak kanpainaren irudia erakutsiko du, eta informazioa zabaltzeko hainbat material izango du.

b) Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailak:

● Proiektuaren aurkezpen publikoan parte hartuko du, proiektuaren logoa eta goiburua eta guzti, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarekin batera. Gizartekitzako foru-diputatuak parte hartuko du, edo haren ordezkoak.

● Lehiaketa amaitzen denean, sari-banaketan eta amaierako ekitaldian ere parte hartuko du. Gizartekintzako foru-diputatuak parte hartuko du.

● Marrazki- eta kontaketa-lehiaketako epaimahairako bi ordezkari izendatuko ditu. Epaimahai horrek erabakiko du nori eman sariak.

● Informazioa zabaltzeko materiala sortuko du, umeen egoerari, eskubideei eta babesari buruz, eta, batez ere, familia-harrerari buruz. Irakasleek, gelan, agiri horiek teoriarako eta praktikarako gida modura erabiliko dituzte, ikasleei umeen babesgabezia zer den azaltzeko eta familia-harrera babes-neurri modura aurkezteko. Unitate didaktiko baten antzera erabiliko dute.

● Proiektuan parte hartzen duten ikasleen gurasoentzat, familia-harrera zer den azaltzeko liburuxka moduko batzuk prestatuko ditu, Bizkaiko Foru Aldundiaren familia-harrerako programara hurbiltzen laguntzearren.

● Kartel handi bat ere egingo du, euskarri eta guzti. Familia-harrerako kanpainaren irudia eta kanpainari buruzko informazio-materiala erakutsiko du, eta Proiektuan parte hartzen duten ikastetxeen kanpo aldean jarriko dute, txandaka. Ikastetxe batetik bestera eramateko ardura ere hartuko du.

Hirugarrena.– Lehiaketa.

Bi lehiaketa-mota egingo dira:

a) Kontaketak: Bakoitzak berea (indibiduala), gehienez ere hiru orrialdekoa, eta estilo librekoa. Gaia: «badira ume batzuk beste familia batean bizi direnak, ezin direlako berean bizi».

b) Irudiak: Hainbat formatu erabil daiteke: marrazkiak, argazkiak, bideoak eta abar; baina, proposatutako gaia jorratu behar da; horixe muga bakarra.

Gizarte Ekintzako foru-diputatuaren foru-agindu bidez arautuko dira lehiaketaren oinarriak (oinarrietan egongo dira zehaztuta bi lehiaketa-motak), faseak, norentzat den, epaimahaiaren osaera, sariak eta abar.

Laugarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.

Lankidetza-hitzarmen hau irailaren 1ean sartuko da indarrean, eta 2014-2015 ikasturteak irauten duena iraungo du.

Bosgarrena.– Jarraipen Batzordea.

Hitzarmen honetan zehaztu ditugun jarduerak garatzeko, jarraipen-batzorde bat osatuko da. Bi erakunde laguntzaileek hiruna ordezkari izango dituzte.

Lehiaketaren prestaketa nola doan balioetsiko du, eta, hitzarmen hau ulertzeko edo betetzeko orduan alderdien artean inolako desadostasunik-edo sortzen bada, ebazteko gaitasuna ere izango du.

Seigarrena.– Hitzarmena desegitea.

Hauek izango dira hitzarmen hau desegiteko arrazoiak:

1.– Hitzarmenaren salaketa. Berariaz salatu beharko da, iraungi baino gutxienez hilabete lehenago.

2.– Sinatzaileek, ados jarrita, desegitea erabakitzea. Idatziz adierazita utzi beharko dute.

3.– Halako batean, legez edo materialki xede-jarduerak garatu ezinik geratzea.

4.– Klausulak larriki edo garbi-garbi ez betetzea.

Zazpigarrena.– Arau aplikagarriak.

Hitzarmen hau administrazio-arlokoa da. Hitzarmen hau betetzeko orduan, bere barruan dituen xedapenak eta administrazio-zuzenbideko arau aplikagarriak bete beharko dira (zuzenean edo analogiaz aplikagarriak).

Zortzigarrena.– Jurisdikzioa.

Hitzarmen hau ulertzeko edo betetzeko orduan inolako auzirik pizten bada eta alderdiek ezin badute lagun-antzean ebatzi, administrazioarekiko auzietarako epaitegi eta auzitegiek diotena beteko dute.

Irakurri dute agiri hau, eta ados daudela erakusteko, alderdi biek hitzarmen hau sinatu dute, adierazitako lekuan eta egunean. Hiru ale sinatu dituzte, baina xedea bakarra da.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

Gizarte Ekintzako foru diputatua,

M.ª PILAR ARDANZA URIBARREN.


Azterketa dokumentala