Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

201. zk., 2014ko urriaren 22a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
4449

AGINDUA, 2014ko abuztuaren 20koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Consejo Vasco de Odontólogos y Estomatólogos - Odontologo eta Estomatologoen Euskal Kontseiluaren estatutuak onartzen dituena.

Ikusi eta aztertu da Consejo Vasco de Odontólogos y Estomatólogos - Odontologo eta Estomatologoen Euskal Kontseiluaren estatutuak onartzeko eskabide-espedientea, eta kontuan hartu dira honako aurrekari hauek:

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Otsailaren 19ko 165/2013 Dekretuaren bidez Consejo Vasco de Odontólogos y Estomatólogos - Odontologo eta Estomatologoen Euskal Kontseilua sortu zen.

Bigarrena.– Herri Administrazio eta Justizia Sailean Consejo Vasco de Odontólogos y Estomatólogos-Odontologo eta Estomatologoen Euskal Kontseiluaren estatutuak onartzeko eskabidea eta dagokion dokumentazioa sartu ondoren, txostenak eskatu zitzaizkien Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari, Lehiaren Euskal Agintaritzari eta Odontologo eta Estomatologoen Euskal Kontseiluari.

Hirugarrena.– Aipatutako txostenak jaso ondoren, Consejo Vasco de Odontólogos y Estomatólogos-Odontologo eta Estomatologoen Euskal Kontseiluari eskatu zitzaion aurkeztutako dokumentazioan aurkitutako akatsak zuzentzeko, eta 2014ko ekainaren 19an berriro hartu ziren Kontseiluaren estatutuak Herri Administrazio eta Justizia Sailean, aipatutako txostenetan adierazitakoaren arabera zuzenduta.

Laugarrena.– Herri Administrazio eta Justizia Saileko Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.22 artikuluan ezartzen denez (abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartua), profesionalen elkargo eta kontseiluen alorreko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoari baino ez dagokio, hargatik eragotzi gabe Espainiako Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan xedatutakoa.

Bigarrena.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio estatutuak onartzeko espediente hau agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuaren 2.1.2 eta 8.1.d) artikuluetan.

Hirugarrena.– Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 33. artikulua betetzen da, bai eta profesionalen elkargoei eta kontseiluei eta Tituludun Lanbideen Erregistroaren Araudiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 35. artikulua ere.

Aipatutako artikuluak eta aplikagarriak diren gainerako arauak ikusita,

EBAZTEN DUT

Lehenengoa.– Consejo Vasco de Odontólogos y Estomatólogos - Odontologo eta Estomatologoen Euskal Kontseiluaren estatutuak onartzea.

Bigarrena.– Aipatutako kontseiluaren estatutuak agindu honen eranskin gisa argitaratzeko agindua ematea.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko abuztuaren 20a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.

ODONTOLOGO ETA ESTOMATOLOGOEN EUSKAL KONTSEILUAREN ESTATUTUAK
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Izaera juridikoa.

Consejo Vasco de Odontólogos y estomatólogos - Odontologo eta Estomatologoen Euskal Kontseilua, azaroaren 21eko 44/2003 Legearen, Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzkoaren, 6.2.c) artikulura egokitutako izenaren arabera –aurrerantzean, Euskal Kontseilua–, zuzenbide publikoko korporazioa da, izaera juridiko propioa eta jarduteko ahalmen osoa duena haren xedeak betetzeko, indarrean dagoen legediak eta estatutu hauek esleitzen dizkioten eginkizunak gauzatzean.

2. artikulua.– Osaera eta lurralde esparrua.

1.– Euskal Kontseiluan sartzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko Odontologo eta Estomatologoen Elkargo ofizial guztiak: Arabakoak, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoa izango da haren jarduerarako lurralde esparrua.

3. artikulua.– Egoitza.

Euskal Kontseiluaren egoitza ofiziala Gipuzkoako Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofizialaren egoitza sozialean dago.

4. artikulua.– Eginkizunak eta eskumenak.

Hauek dira Euskal Kontseiluaren eginkizunak:

a) Hura osatzen duten elkargo ofizialen jarduerak koordinatzea, legeak lanbide-kontseiluei emandako eginkizunen esparruan.

b) Lanbidea lurraldean eta Kontseilu Nagusiaren aurrean ordezkatzea.

c) Lanbidearen arau deontologiko komunak prestatzea.

d) Bere estatutuak bere kabuz aldatzea, estatutu hauek xedatzen dutenarekin bat, muga bakarra dagoela: antolamendu juridikoak ezartzen dituenak.

e) Bide arbitralaren bidez ebaztea Kontseilu Nagusi hau osatzen duten elkargoen artean sor litezkeen gatazkak.

f) Elkargoen egintza eta erabakien kontrako errekurtsoak ebaztea, estatutu hauetako IV. tituluak dioenarekin bat.

g) Diziplina-ahalmena erabiltzea Euskal Kontseiluko kideen eta Kontseilua osatzen duten elkargoetako gobernu-batzarretako kideen gainean.

h) Bere aurrekontua onartzea.

i) Elkargoek Euskal Kontseiluaren gastuetarako egiten duten ekarpen ekonomikoa zehaztea.

j) Autonomia-erkidegoak lanbide-jardueraren eta eginkizunen, soldaten (tarifa edo muga-zergen bidez ezartzen badira) eta lanbideari eragiten dioten bateraezintasunen gainean ematen dituen arau-proiektuei buruzko txostenak ematea.

k) Administrazio publikoekiko lankidetza-hitzarmenek ezartzen dizkioten eginkizunak betetzea.

l) Lanbiderako onuragarritzat jotzen den jarduera oro egitea.

m) Euskal Autonomia Erkidegoko elkargo ofizialetan sartutako elkargokideen errolda egin eta eguneratzea, eta elkargokideen erregistro bat eta elkarte profesionalen erregistro bat edukitzea; erregistro horietan izena emanda egongo dira Kontseilua osatzen duten elkargoetako bakoitzean izena emandako elkargokide eta elkarte profesional guztiak.

n) Lanbidearen ordezkariak izendatzea Euskal Administrazio Publikoaren kontseiluetan eta kontsulta-organoetan parte hartzeko hala ezarrita dagoen egoeretan.

o) Euskal Autonomia Erkidegoko dentisten lanbide-jarduera osasun publikoaren interesetara egokitzen dela bermatzea.

p) Kontseilu Nagusiari laguntzea hark eskatzen duen arlo guztietan, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparru geografikoarekin lotutakoetan, eta hark bere esku utzitako ahalmenak gauzatzea eskuordetzean zehaztutako moduan eta baldintzetan.

q) Lanbidearekin lotutako beste erakunde batzuekin, naziokoak edo atzerritarrak, lankidetzan jardutea edo harremanetan egotea, hala nola, odontologia-fakultateekin, medikuntza-fakultateekin, Hortzetako Nazioarteko Federazioarekin (FDI), beste herrialde batzuetako elkargoekin eta antzeko erakundeekin; edonola ere, hori ez da Kontseilu Nagusiak arlo horietan dituen eskumenen kaltetan izango.

r) Lanbide-jarduera legezkoa eta egokia dela bermatzea, eta profesionalen elkargoek behar bezala funtzionatzen dutela, herritarren eskubideak errespetatzeko eta lortzeko helburuari jarraiki. Elkargoen funtzionamenduari buruzko kexak ebaztea.

s) Indarrean dagoen legediak eta estatutu hauek egokitzen dizkioten beste eginkizun guztiak betetzea.

5. artikulua.– Ikur ofiziala.

Kontseiluaren Osoko Bilkurak onartuko dituen ikurra eta logotipoa izango ditu Euskal Kontseiluak.

II. TITULUA
EUSKAL KONTSEILUAREN ANTOLAKETA ETA GOBERNUA
I. KAPITULUA
GOBERNU-ORGANOAK

6. artikulua.– Gobernu-organoak.

1.– Kontseiluak honako organo hauek izango ditu derrigorrean:

a) Osoko bilkura.

b) Presidentetza.

c) Presidenteordetza.

d) Idazkaritza.

e) Diruzaina.

2.– Kontseiluaren Barne Erregimeneko Erregelamenduak ezarri ahal izango du beste organo batzuk ere egongo direla, eta organo osoaren egiturari, eskumenei eta funtzionamenduari buruzko arauak ezarri ahal izango ditu, betiere, horiek estatutu hauekin kontraesanean ez badaude.

3.– Kontseiluak ezarriko ditu behar diren mekanismoak azaroaren 23ko 17/2009 Legean, Zerbitzuen Eskuragarritasun- eta Erabilera-askatasunari buruzkoan, aurrez ikusitako leihatila bakarraren betebeharrak betetzeko.

II. KAPITULUA
KONTSEILUAREN OSOKO BILKURA

7. artikulua.– Osoko Bilkuraren osaera.

1.– Honako pertsona hauek osatuko dute Kontseiluaren Osoko Bilkura:

a) Kontseilua osatzen duten elkargoetako presidenteek edo, hala badagokio, presidenteordeek, lehenengoek bertaratu ezin badute.

b) Idazkariak eta diruzainak, hitza bai baina botorik gabe.

a. eta b. ataletan aipatzen diren kideen agintaldiaren iraupena, Osoko Bilkuran parte hartzeko eskubidea ematen dien gobernu-batzordeko postuaren iraupenaren berdina izango da.

8. artikulua.– Osoko Bilkuraren antolaketa eta akordioen araubidea.

1.– Elkargo bakoitzak botoa emateko unean duen ordezkaritza, tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko Legearen 46.2. artikuluaren arabera, zuzenean lotuta egongo da elkargo bakoitzeko elkargokideen kopuruarekin; boto bat izango dute urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean dituzten 50 kideko, edo frakzioko. Errolda handiena duen elkargoaren boto-eskubideari dagokionean, gehienez ere, beste bi elkargoei dagozkien kideen batura ken bat izango du.

2.– Bilkura arruntak eta ohiz kanpokoak egingo ditu Osoko Bilkurak.

a) Hiru hilean behin egingo dira bilerak gutxienez.

Hiruhileko bilerak gutxienez hamar egun lehenago deituko ditu idazkariak presidentearen aginduari jarraiki; azken horrek zehaztuko du gai-ordena.

b) Era berean, urtean behin, eta lehenengo lauhilekoan zehar, bilera arrunt bat deituko da urteko aurrekontuak eztabaidatzeko, bai eta ekitaldiko urteko kontuen likidazioa ere. Bilera arrunta gutxienez hamar egun lehenago deituko du idazkariak presidentearen aginduari jarraiki; azken horrek zehaztuko du gai-ordena.

c) Ohiz kanpoko bilerak edozein unetan egin ahalko dira. Osoko Bilkura osatzen duten kideen % 20k eskatzen duenean edo presidenteak egoki irizten duenean deituko dira. Deialdia egiteko eskaria Osoko Bilkurako kideen ehuneko hogeik egin badu, horiek derrigorrean adierazi beharko dute zergatik deitu behar den eta zer gai zehatz sartu beharko liratekeen bilerako gai-ordenan.

Inola ere ezingo da boto bidez erabaki deialdian espresuki eta argi eta garbi adierazi ez den gairik.

Deialdia hamar egun lehenago egingo da gutxienez.

Deialdia premiazkoa bada, hogeita lau ordu lehenago egin beharko da gutxienez.

3.– Kontseiluko hautazko karguak ez badaude edo gaixo badaude, Osoko Bilkuraren akordio bidez ordeztuko dira behin-behinean.

9. artikulua.– Osoko Bilkuraren eginkizunak.

Honako eginkizun hauek ditu Osoko Bilkurak:

1.– Lanbidearen eta Kontseilua osatzen duten elkargoen interesak defendatzeko programak eta jarduera-planak onartzea.

2.– Euskal Kontseiluaren aurrekontuan onartzea.

3.– Gastuen likidazioa onartzea.

4.– EAEn lanbide-jarduerarekin lotutako gaiei buruzko informazioa jasotzea, bai presidentetzarengandik, bai eta idazkariarengandik edo diruzainarengandik ere.

5.– Idazkariaren memoriaren berri izatea.

6.– Ekonomia-arloan, Osoko Bilkurari dagokio xedapen- eta zerga-egintza guztiak gauzatzea, salbuespenik gabe eta Euskal Kontseiluaren ondareari dagokionean.

7.– Indarrean dagoen legediak edo estatutu hauek emandako beste edozein eginkizun, betiere, Euskal Kontseiluko beste organo batzuei esleituta ez badaude, haien eskumen gisa edo eskuordetutako eskumen gisa, aurrekontuak eta urteko kontuen likidazioa onartzea izan ezik.

8.– Elkargoen egintzen kontrako gora jotzeko errekurtsoen berri izatea. Horrelako egoeretan, eraginda ez dauden elkargoetako ordezkariek ebatziko dute errekurtsoa.

9.– Txostenak egitea Eusko Jaurlaritzak arauak egiten dituenean lanbideko jardunari buruz eta lanbidearen eginkizunei, esparruei, zerbitzu-sariei eta bateraezintasun-araubideari buruz –zerbitzu-sariei buruzkoak, horiek tarifa edo zerga bidez finkatzen badira–.

10.– Estatutu hauek egozten dizkioten gainerako eskumen guztiak.

11.– Osoko Bilkuraren berezko eginkizunetako beste edozein, ebazpena premiazkoa delako ezin bada itxaron Osoko Bilkuraren hurrengo bilerara arte. Horrelakoetan onartutako akordioen berri emango dio Osoko Bilkurari.

12– Bereziki, honako ahalmen hauek dagozkio Osoko Bilkurari:

a) Euskal Kontseiluaren ondasunak administratzea.

b) Zenbatekoak ordaintzea eta kobratzea.

c) Transakzioak, konpromisoak eta uko egiteak ematea.

d) Mota guztietako higigarriak erostea, saltzea, atzeratzea eta trukatzea, osoki edo baldintzatuta, aitortutako edo atzeratutako prezio bidez edo eskura ordainduta.

e) Ondasun-erkidegoak eta jabekidetzak desegitea, eta obra berriak, hobekuntzak eta gehiegizko edukierak aitortzea.

f) Usufruktuak, zortasunak, aukerak eta errentamendu inskribagarriak eta gainerako eskubide errealak eta pertsonalak eratzea, onartzea, zatitzea, besterentzea, zergapetzea, berrerostea eta amaiaraztea.

g) Hipotekak eratzea.

h) Deialdietan eta enkanteetan parte hartzea, proposamenak egitea eta esleipenak onartzea.

i) Oinordetzak onartzea, inbentario-mozkinarekin, eta horiei uko egitea, eta oinordetzen zatiketak egitea, onartzea edo horien aurka egitea, eta legatuak ematea eta jasotzea.

j) Mota guztietako aseguruak kontratatzea, aldatzea, desegitea eta likidatzea.

k) Kutxa ofizialetan, aurrezki-kutxetan eta bankuetan jardutea, baina Espainiako bankuan eta haren sukurtsaletan ere, legediak eta banku-jarduerek onartzen duten guztia eginez; aurrezki-kontuak eta -libretak, kontu korronteak eta kreditu-kontuak eta segurtasun-kutxak jarraitzea, irekitzea eta baliogabetzea.

l) Kanbio-letrak eta beste efektu batzuk igortzea, onartzea, endosatzea, kobratzea, kontu hartzea eta negoziatzea.

m) Balioak erostea, saltzea, trukatzea eta pignoratzea eta horien interesak, dibidenduak eta amortizazioak kobratzea, kreditu-polizak ituntzea, berme pertsonalez edo bankuekin eta kreditu-establezimenduekin balioak pignoratuz, baita Espainiako Bankuarekin eta haren sukurtsalekin ere, dagozkion dokumentuak izenpetuz.

n) Kreditu-polizak edo behin-behineko edo behin betiko balioak aldatzea, transferitzea, baliogabetzea, kentzea eta eratzea.

o) Mota guztietako notario-aktak premiatzea; notario-jakinarazpenak eta -errekerimenduak onarraraztea eta erantzunaraztea.

p) Honakoen aurrean agertzea: Estatuko, Autonomia Erkidegoko, foru esparruko eta tokiko zentroak eta erakundeak, epaileak, auzitegiak, fiskaltzak, ordezkaritzak, komiteak, batzordeak, epaimahaiak eta komisioak; eta, horietan, egile, salatu edo beste edozein kontzeptu gisa mota guztietako espedienteak, epaiketak eta prozedura zibilak, administratiboak, gobernukoak eta lanekoak, maila, jurisdikzio eta instantzia guztietakoak, premiatzea, jarraitzea eta amaitzea, eskabideak aurkeztuz eta ekintzak eta salbuespenak gauzatuz edozein prozeduratan, izapidetan eta errekurtsotan, baita kasaziokoetan edo Konstituzio Auzitegiaren edo Europako eta nazioarteko auzitegien aurrekoetan ere, berrespen pertsonala ematea hala behar bada, ahalmenak eta ordezpenak ematea.

q) Edozein motatako errekurtsoak aurkeztea Estatuko, Autonomia Erkidegoko, foru esparruko eta tokiko administrazioaren aurrean.

r) Azaldutako ahalmen guztiak edo batzuk Batzorde Iraunkorraren edo presidentearen esku uztea, modu bateratuan edo bananduta, eta dagozkien botereak ematea.

s) EAEko dentisten elkargoen aginduak eta botereak onartzea, gauzatzea eta horiei uko egitea.

3. KAPITULUA
PRESIDENTETZA.

10.– artikulua.– Presidentetza.

Euskal Kontseiluaren eta kide anitzeko organo guztien presidentetza txandaka hartuko dute Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako elkargoetako presidenteek, ordena horretan. Agintaldien iraupena urte batekoa izango da, presidentetza Bizkaiaren esku dagoenean izan ezik, orduan bi urtekoa izango baita.

Presidente-postua hutsik geratzen bada, Kontseiluko presidenteordeak beteko du postua behin-behinean; hurrengo urtean Kontseiluko presidente-postua beteko duen elkargoko presidentea izango da hori, ezarritako txandatzeko ordenaren arabera, eta postua elkargo bakoitzean ezarritako mekanismoen bidez betetzen den artean.

11.– artikulua.– Presidentetzaren eginkizunak eta eskumenak.

1.– Presidenteari dagokio Euskal Kontseiluaren ordezkari izatea; horretarako, estatutu hauek eta tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko Legeak esleitzen dizkioten eskubide eta eginkizun guztiak esleitzen zaizkio, botere publikoekiko, erakundeekiko, korporazioekiko eta edonolako pertsona juridikoekiko edo naturalekiko harremanetan, betiere lanbiderako izaera orokorrekoak diren gaietan. Dagozkion ekintzak gauzatzea elkargokideen eskubideak defendatzeko justizia-auzitegien eta edonolako agintarien aurrean. Bideratu beharreko txostenak eta komunikazioak baimentzea, eta Osoko Bilkurak onartzen dituen akordioak gauzatzea edo gauzaraztea.

2.– Osoko Bilkuraren bilerak deituko, zuzenduko eta amaituko ditu, eta ordena eta hitzaren erabilera mantenduko du. Dagozkion aktak eta ziurtagiriak baimenduko ditu, eta bere kasa edo bere eskuordetzearen bidez, dagozkion batzordeak presidituko ditu, bai eta bera joandako bilera guztiak ere.

3.– Funts-inbertsioentzako eta taloientzako igorpenak emango ditu, Euskal Kontseiluaren izenean irekitako kontuen mugimendurako behar direnak, eta ikus-onetsi egingo ditu diruzainak ematen dituenean.

4.– Presidentearen gain egongo da Euskal Kontseiluaren legezko ordezkaritza, epaiketan eta handik kanpo, edo bestela estatutuen bidez hura ordezten duen pertsonaren gain; horrek ahalmen orokorrak edo partzialak eman ahalko dizkie prokuradoreei, abokatuei edo edonolako agintariei.

5.– Karguaren berezko eginkizun horiez gainera, ahalegin berezia egingo du elkargokideen artean ahal den harmonia eta elkartasun handiena mantentzeko; horien arteko liskarrak, edonolakoak izanda ere, Euskal Kontseiluaren baitan konpontzeko ahaleginak egingo ditu, eta Kontseiluaren eta elkargoen jarduerak elkargoaren xedeetara egokitzen direla zainduko du.

6.– Kontseiluaren Osoko Bilkuraren bileretarako deialdia egingo du, gai-ordena ezarriko du, eta bilerak presidituko eta zuzenduko ditu; saioak hasi eta amaitu beharko ditu, eta eztabaidak ordenatu eta moderatu beharko. Bilerak bertan behera utzi edo amaitu ahal izango ditu justifikatutako arrazoiengatik.

7.– Beste organo batzuen esku utzi ez diren eta agintari publikoekiko harremanetan beharrezko diren beste eginkizun batzuk.

8.– Bozketa guztietan, presidenteak kalitatezko botoa edukiko du, eta horrek erabakiko du berdinketarik egonez gero.

4. KAPITULUA
PRESIDENTEORDETZA

12. artikulua.– Presidenteordetza.

Euskal Kontseiluko eta etorkizunean eratzea erabakitzen diren elkargoko organo guztietako Presidenteordetza txandaka hartuko du bere gain Kontseiluko Presidentetza beteko duen elkargoko presidenteak, txanda horien arabera.

13. artikulua.– Presidenteordetzaren eginkizunak eta eskumenak.

1.– Presidentetzako funtzioak bere gain hartuko ditu Kontseiluko presidentea joan ezin denean.

2.– Presidentetzaren postua hutsik geratuko balitz, kargua presidenteordeak hartu beharko du bere gain barne mailan.

5. KAPITULUA
IDAZKARITZA

14. artikulua.– Idazkaritza.

1.– Euskal Kontseiluko Idazkaritza Kontseiluaren Presidentetzaren kargua txanda naturalen arabera bere gain hartzen duen Dentisten Elkargoko idazkariak eskuratuko du, Osoko Bilkurak aurkakoa erabakitzen duenean izan ezik.

2.– Idazkariaren eskuduntzak izango dira honako hauek:

a) Osoko Bilkurako akordioak eta, Estatutuen arabera, Presidentetzak emandako ebazpenak betearaztea.

b) Osoko Bilkurari Euskal Kontseiluaren eskuduntzako gaien inguruko informazioa ematea.

c) Gai-zerrenda prestatzea Osoko Bilkuraren deialdia egiteko eta Osoko Bilkurako bileren aktak egitea egokitzat joz gero onartzeko.

d) Beharrezko akta-liburuak izapidetzea, eta egokitzat jotako ziurtagiriak egin eta baimentzea.

e) Idazkariaren Memoria prestatzea Osoko Bilkurari aurkezteko.

f) Presidentearen oniritziarekin, ziurtagiriak egitea.

g) Presidenteak hala aginduta, Osoko Bilkurako bileren deialdia egitea.

h) Presidenteak bere esku utzitako gainerako gai guztiak.

15. artikulua.– Akten liburuak.

Presidenteen Osoko Bilkurako bilera bakoitzaren inguruko akta egin beharko du idazkariak. Aipatutako akta idazkariak helburu horretarako izango duen liburuan jaso beharko da. Akta horiek idazkariak sinatu beharko ditu presidentearen oniritziarekin.

6. KAPITULUA
DIRUZAINTZA

16. artikulua.– Diruzaintza.

Euskal Kontseiluko Diruzaintza Kontseiluaren Presidentetzaren kargua txanda naturalen arabera bere gain hartzen duen Dentisten Elkargoko diruzainak eskuratuko du, Osoko Bilkurak aurkakoa erabakitzen duenean izan ezik, eta honako funtzio hauek izango ditu:

1.– Diruzaintzako kontu orokorra egitea urtero Osoko Bilkurak onar dezan.

2.– Aurrekontu-proiektua idaztea Osoko Bilkurak onar dezan.

3.– Sarreren eta gastuen balantzea maiztasunez eta ohikotasunez egitea.

4.– Euskal Kontseiluaren izenean irekitako kontuen kontrola eramatea.

5.– Presidenteak bisatutako funts eta taloiak igortzea.

III. TITULUA
ERREGIMEN EKONOMIKOA

17. artikulua.– Elkargoen partaidetza ekonomikoa.

1.– Euskal Kontseilua osatzen duten elkargoek hura ekonomikoki mantentzen parte hartuko dute.

Era berean, finantzaketa lortu ahal izango dute diru-laguntzen, legatuen, dohaintzen edo legez ezarritako beste edozein sarreraren bidez.

2.– Osoko Bilkurak ezarriko du oinarrizko ekarpena. Horren arabera kalkulatuko da Elkargo bakoitzak Kontseiluaren gastuak ordaintzeko sartu beharko duen zenbatekoa.

3.– Bertako elkargoei dagozkien ekarpen-indizeak urteroko horretan duen boto-ehunekoaren proportzio berekoak izango dira. Hori dela eta, ekarpen handiena egiten duen Elkargoko ekarpen-ehunekoa ez da beste bi elkargoen ehunekoak batzetik eratorritako kopurua baino handiagoa izango.

4.– Salbuespen gisa, eta kasu jakinetan, aldez aurretiko akordioa adostuta, elkargoen partaidetza zati berdinetakoa den gastuen inguruko aurrekontuak egin ahal izango dituzte.

5.– Elkargo ofizialek Euskal Kontseilurako ekarpena amaitutako hiruhilekoen arabera ordaintzeko betebeharra izango dute hurrengo hiruhilekoko lehen 15 egun balioduneko epearen barruan.

6.– Elkargo ofizialen batek bi hiruhileko-aldiri edo gehiagori dagozkion ekarpenak ordainduko ez balitu, Euskal Kontseiluak jurisdikzio zibilaren aurrean erreklamazioa aurkeztu ahal izango du. Ordaindu gabeko zenbatekoek legezko interes-tasa gehi bi puntuko interesa sortuko dute ordainketa egin beharko zen datatik zenbatzen hasi eta ordainketa benetan jasotzen den datara arte.

7.– Era berean, bi edo hiruhileko-aldi gehiago ez ordaintzeak Elkargo Ofizial horrek Euskal Kontseiluko organoetan edo Kontseiluak bere funtzioak betetzen dituen jardueretan eta zerbitzuetan duen parte-hartzea automatikoki baliogabetzea eragingo du zordundutako ordainketak, haien interesak eta Euskal Kontseiluari eragindako gastuak ordaindu arte.

18. artikulua.– Ekitaldi ekonomikoa eta aurrekontua.

1.– Kontseiluko ekitaldi ekonomikoak urte natural bakoitzaren araberakoak izango dira. Kontseiluaren Osoko Bilkuraren azken bileran, diruzainak hurrengo urterako aurrekontu-proiektua proposatuko du horren inguruko eztabaida egin eta ondoren onartzeko. Horrekin lotuta, diru-sarreren eta gastuen kontu-sailak zehaztuko ditu. Osoko Bilkurak aurrekontua onartuko ez balu, aurreko ekitaldikoa automatikoki luzatuta geratuko da legezko xedapenen arabera kontuan izan beharreko kontu-sailak gehitu eta eguneratuta.

2.– Edonola ere, urteko aurrekontua urte naturaleko edozein unetan onartu ahal izango da nahiz eta aurreko ekitaldiko azken eguna baino lehen berria onartu ez zutelako luzatuta geratu den beste aurrekontu bat izan.

19. artikulua.– Urteko kontuak.

1.– Urte natural bakoitzeko lehen lauhilekoaren barruan, diruzainak Osoko Bilkurari aurkeztu beharko dizkio aurreko ekitaldiko emaitzen kontua likidazioa eta balantze orokorra hark onar ditzan.

2.– Urteko kontuak Osoko Bilkurak gutxienez bi urteko eta gehienez bost urteko iraupenerako izendatu beharko dituen kanpoko auditore independenteen txostenaren mende geratuko dira. Horretarako, aldez aurretik diruzainak edo presidenteak proposatu beharko ditu.

3.– Urtero, 1974ko otsailaren 13ko 2/1974 Legeak, elkargo profesionalei buruzkoak, edo hura ordezkatzen duen legeak ezarritako baldintzen araberako Urteko Memoria prestatu beharko da. Urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan aurkeztu beharko da jendaurrean.

IV. TITULUA
ADMINISTRAZIOKO HELEGITEAK

20. artikulua.– Helegiteak.

1.– Legeak Euskal Kontseiluari esleitutako funtzioekin lotuta Euskal Kontseiluak emandako ebazpenek administrazio-bidea agortzen dute. Horrekin lotuta interesdunek haien aurkako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute bi hilabeteko epean edo, hautazko eran, Berraztertzeko Errekurtsoa hilabeteko epean Euskal Kontseilu horren aurrean. Horrek ez dio kalterik eragingo ondoren administrazioarekiko auzien bidera jotzeko aukerari.

2.– Euskal Kontseiluak, era berean, hura osatzen duten elkargoen ekintzen eta erabakien aurka aurkeztutako helegiteak ezagutuko ditu egokitzat jotako kasuetan eta bere eskuduntzen esparruaren barruan.

21. artikulua.– Arau subsidiarioak.

Erregimen juridikoari dagokionez, estatutu hauek xedatzen ez duten gaietan, Euskal Kontseiluak Administrazioko Prozedura arloan indarrean dauden arauek xedatutakoa bete beharko du.

V. TITULUA
DIZIPLINA ERREGIMENA

22. artikulua.– Eskuduntzak.

1.– Kontseilua da administrazio-bidean diziplina-ahala erabiltzeko eskuduntza duena.

2.– Eragina jasan duenean Kontseiluko edo Euskadiko elkargo ofizialetako gobernu-batzordeetako kidea denean izango du eskuduntza lehen auzialdian eta bakarrean, eta bigarren auzialdian elkargo horietako akordioen eta ebazpenen aurka aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoak ebazteko.

3.– Zehazpen-espedientearen xede diren ekintzek lanbidearekin edo Kontseilua osatzen duten elkargoetako kide izatearekin lotura dutenean, eskuduntza duen elkargoko estatutuetan xedatutako diziplina-erregimena izango da aplikagarria.

4.– Zehapen-espedientearen xede diren gertaerek Kontseiluko edo hura osatzen duten elkargoetako gobernu-batzordeetako kideek beren kargua betetzeko garaian izandako jokabideekin lotura dutenean, estatutu hauetako diziplina-erregimena izango da aplikagarria.

23. artikulua.– Hutsegiteak eta zehapenak.

1.– Zehagarriak izango dira elkargo ofizialetako eta Euskal Kontseiluko kideek beren karguak betetzeko garaian egindako eta Estatutu hauetan hutsegite gisa tipifikatuta dauden ekintza edo omisio guztiak.

2.– Arau-hausteak honela sailkatzen dira: arinak, larriak eta oso larriak.

Arau-hauste arinak izango dira hauek:

a) Estatutu hauetan aurrez ikusitako eta karguari atxikitako funtzioak bertan behera uztea eta aurreko artikuluak aipatutako gobernu-organoetako beste kide batzuei dagozkien funtzioak oztopatzea, edo karguari atxikitako betebehar eta funtzioak ez betetzea.

b) Aipatutako gobernu-organoetako beste kide batzuekiko errespetu-falta haien karguak betez esku hartzen dutenean.

c) Behar bezala deialdia egindako Euskal Kontseiluko gobernu-organoetako bilerara ez agertzea justifikatu gabe.

d) Elkargoko dokumentazioaren inguruan ezarritako arauak edo dagokion bidearen arabera izapidetutakoak ez betetzea.

e) Elkargoek eskatutako txosten-eskaerei edo errekerimenduei jaramon ez egitea.

Arau-hauste larriak izango dira hauek:

a) Agintea desbideratzea, eskubide-abusua eta funtzioen gehiegikeria.

b) Euskal Kontseiluko gobernu-organoek behar bezala hartutako akordioak ez betetzea.

c) Behar bezala deialdia eginda, Euskal Kontseiluko gobernu-organoetako bileretan ez agertzea behin eta berriro eta justifikatu gabe. Atal honen helburuetarako, behin eta berriro egindakoa izango da ondoz ondoko bi hutsegite pilatzea edo urtebeteko aldian aldizkako hiru hutsegite egitea.

d) Hiru hutsegite arin egitea urtebeteko aldian.

Arau-hauste oso larriak izango dira hauek:

a) Euskal Kontseiluko eta hura osatzen duten elkargo ofizialetako funts ekonomikoak ostea.

b) Zigor Kodean dolozko delitu gisa tipifikatuta dauden ekintza eta omisioak horiek lanbidearen jardunarekin edo karguaren ordezkaritzarekin lotuta daudenean.

c) Hutsegite larriak errepikatzea; hau da, urtebetean bi hutsegite larri egitea.

24. artikulua.– Zigorrak.

Aurreko artikuluan tipifikatutako ekintzak aintzat hartuta, zigor hauek ezartzeko erabakia har daiteke:

Hutsegite arinetarako:

a) Idatzizko ohartarazpena.

b) Idatzizko zentzarazpena.

Hutsegite larrietarako:

a) Ahozko zentzarazpena.

b) Gehienez sei hilabeteko epean karguaren jarduna galaraztea.

Hutsegite oso larrietarako:

a) Karguaren jarduna galaraztea sei hilabeteko eta egun bateko, eta urtebeteko aldian.

b) Zigorra jaso duenari dagokion gobernu-organoko kidearen izaera galtzea. Osoko Bilkurako kidea denean, jatorrizko elkargoan betetzen duen kargua galduko luke. Kasu horretan, estatutuen arabera dagokionak ordezkatu beharko du.

25. artikulua. Preskripzioa.

1.– Arau-hauste arinak urtebetera preskribatuko dira; larriak bi urtera; eta oso larriak hiru urtera.

Arau-hausteen preskripzio-epea arau-haustea egin den egunetik hasiko da zenbatzen. Preskripzioa eten egingo du zehapen-prozedura abiarazi izanak (interesdunari horren berri emanda) eta zehapen-espedientea ustezko arduradunari egotz ezin dakiokeen kausa dela eta hilabetez baino gehiagoz geldiarazita balego, preskripzio-epea berriro hasiko da.

2.– Hutsegite arinak direla eta ezarritako zigorrak urtebeteko epean preskribatuko dira; hutsegite larriengatik ezarritakoak bi urtera; eta hutsegite oso larriengatik ezarritakoak hiru urtera.

Zigorren preskripzio-epea zigorra ezartzen duen ebazpena irmo bihurtu eta hurrengo egunetik hasiko da zenbatzen.

Preskripzioa etengo du exekuzio-prozedura abiarazi izanak (interesdunari horren berri emanda) eta epea berriro igaro ahal izango da prozedura hilabetez baino gehiagoz geldiarazita badago arau-hausleari egotz ezin dakiokeen kausa dela eta.

26. artikulua.– Aurreko jarduerak eta zehapen-espedientea.

1.– Zehapen-prozedura abiarazi aurretik, informazio-espedientea osatuko duten aurretiazko jarduerak egin ahal izango dira. Jarduera horiek idazkaria eta izapidegilea izango dute aurretiaz abiarazte hori justifikatuko luketen gorabeherarik badagoen zehatz dezaten. Bereziki, jarduera horiek prozeduraren hasiera eragin dezaketen ekintzak ahalik eta zorroztasun handienarekin zehaztera, arduradunak izan daitezkeen pertsonak identifikatzera eta gorabehera esanguratsuak zehaztera bideratuko dira.

2.– Osoko bilkura izango da diziplina-prozedura abiarazteko arduraduna. Arau-haustea eragin duten ekintzen zerrenda laburra, aplikagarriak izan daitezkeen zigorrak eta izapidegilearen izendapena jaso beharko ditu. Gertaeren berri izan eta hurrengo hamar egun balioduneko epean egin eta interesa duen pertsonari edo pertsonei modu frogagarrian jakinarazi beharko zaio/e.

3.– Lehen auzialdian Euskal Kontseiluak bideratzen dituen diziplina-espedienteetan, eragina jasan dutenei entzuteko aukera emango zaie. Horrekin lotuta, alegazioak egiteko eta frogak proposatzeko jardueretarako bista emango zaie espedientearen irekiera jakinarazten duen idatzizkoa jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasi eta hamabost egun balioduneko epe luzaezinean.

4.– Diziplinarekin lotutako gaietarako, eragina jasandakoen eskubideak eta elkargo bakoitzeko estatutuak, eta lanbideko eta ordenamendu juridikoko arau deontologikoak erabat errespetatuta, izapidegile bat izendatuko dute. Ez da Kontseiluko Osoko Bilkurako kidea izango, baina bai Kontseilua osatzen duten elkargoetako edozein gobernu-batzordetako kidea. Dena den, espedientea jaso duena inola ere ez da izango elkargo horretako kidea.

5.– Izapidegileak izapidetuko ditu espedienteak eta ebazpenak proposatuko dizkio Osoko Bilkurari. Izapidegilearen proposamena jaso duen egunetik zenbatzen hasita, hogeita hamar eguneko epe luzaezinean eman beharko du ebazpena eta, horri esker, instrukzio-fasea zehapen-fasetik bereizita geratuko da.

6.– Euskal Kontseiluan ordezkaritza- edo gobernu-kargua duten gobernu-batzordeetako kideek egindako hutsegiteak zehatzeko, diziplina-espedientearen eragina jasan duen pertsonak ezin izango du deliberamenduetan parte hartu edo botoa eman.

27. artikulua.– Espedientea jakinaraztea.

Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkuraren ebazpena idatziz eta modu frogagarrian jakinaraziko zaie interesdunei hura erabaki eta hamar eguneko epean. Interesdunak administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren aurrean errekurtsoa jartzeko aukera izango du aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzeko ahalmenari kalterik eragin gabe.

28. artikulua.– Zehapen-prozeduraren printzipioak.

Diziplina-espedienteak izapidetzeko garaian, kontuan izan beharko dira printzipio hauek:

a) Espedientea ezingo da geldiarazi Euskal Kontseiluari egotz dakiokeen kausa dela eta bi hilabetez baino gehiagoz. Hori gertatuko balitz, prozedura iraungita geratuko litzateke.

b) Diziplina-espedientea gehienez sei hilabeteko epean izapidetu beharko da hasiera eman zitzaion datatik zenbatzen hasita. Justifikatutako kausak direla eta (espedientean jaso eta haren amaierako ebazpenean aipatu beharko dira), izapidegileak epea luzatzeko eskatu ahal izango dio (arrazoituta) hura ebazteko eskuduntza duen organoari, baina ezingo da beste sei hilabete baino gehiagoko epean luzatu.

c) Estatutu hauetan aurrez ikusi gabeko gaietan, Zehatzeko Ahala erabiltzeko prozedurako Araudia onartzen duen 1993ko abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan jasotako arauak edo hura ordezkatzen duen araudiak xedatutakoa izango da aplikagarria diziplina-espedienteen kasuan.

VI. TITULUA
ESTATUTUAK ALDATZEKO ERREGIMENA

29. artikulua.– Estatutuak aldatzea.

1.– Kontseiluko Osoko Bilkurari dagokio Estatutuak aldatzea. Helburu horretarako, organo horrek aparteko deialdia egin beharko du eta, aldaketa onartu ahal izateko, beharrezkoa izango da Kontseilua osatzen duten elkargoetako hiru presidenteek emandako aldeko botoa.

2.– Estatutu hauek aldatzeko akordioa hura osatzen duten elkargoetako gobernu-batzordeen gehiengoak eta batzarren gehiengoak berretsi beharko du.

VII. TITULUA
KONTSEILUA DESAGERTZEA ETA DESEGITEA

30. artikulua.– Kontseilua desagertzea eta desegitea.

1.– Euskal Kontseilua desagertzeko eta desegiteko ekimenaren eskumena Presidenteen Osoko Bilkurak izango du eta organo horrek helburu horretarako aparteko deialdia egin beharko du. Desagertzeko ekimena aho batez onartutakoan, Euskal Kontseilua osatzen duten elkargoetako presidenteek, bi hilabeteko epean, Elkargokideen Ezohiko Batzar Orokorrerako deialdia egin beharko dute dagokien elkargoetan. Gai-zerrendan Euskal Kontseilua desagertzeko proposamena zehaztu beharko da.

2.– Euskal Kontseiluaren desagertzea balioduna izan dadin, beharrezkoa izango da hala adostea hura osatzen duten elkargoetako batzarren gehiengoak. Era berean, gehiengoa osatu beharko dute Euskadiko elkargokide guztiei dagokienez.

3.– Desagertze-akordioa Justizia eta Administrazio Publikoaren Sailari aurkeztu beharko zaio legez ezarritako prozedura abiaraz dezan.

4.– Desegitearen kasuan, Kontseiluaren ondarea hura osatu zuten elkargoei itzuli beharko zaie haien partaidetzaren proportzio berean. Aurretik, Osoko Bilkurak helburu horretarako izendatutako likidazio-batzordea eratu beharko du eta hura izango da desegite osoaren aurrean likidazio-eragiketak fiskalizatuko dituena.


Azterketa dokumentala