Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

226. zk., 2014ko azaroaren 26a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
5057

AGINDUA, 2014ko azaroaren 13koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena. Honen bidez, ikas-ekinezko lanbide-heziketa dualeko proiektuak garatzeko diru-laguntzetarako deia egiten zaie Lanbide Heziketako heziketa-zikloak 2014-2015 ikasturtean ematen dituzten itunpeko ikastetxeei eta udal-titulartasuneko ikastetxe publikoei.

Lanbide Heziketa ahalegin handia egiten ari da Europan, Estatuan eta Euskal Autonomia Erkidegoan bere araudia, curriculuma, giza baliabideak eta baliabide materialak egokitzeko ekoizpen-sistemak ezartzen dizkion prestakuntza-eskaeretara.

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko 5/2002 Lege Organikoak lanbide-heziketako eskaintzen sistema integratu bat aurreikusten du: hezkuntza-sistemako hasierako lanbide-heziketa eta enplegurako lanbide-heziketa. Lege horrek, gainera, lanbide-kualifikazioen katalogo bat ezartzen du sistema integratuaren ardatz instituzional gisa, baita prestakuntzako baliabideak optimizatzera, ikaskuntzako emaitzak hobetzera eta, azken batean, biztanleria aktiboaren kualifikazio-maila gorena lortzera bideratutako eskumen profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura bat ere.

Enplegua Suspertzeko 2013-2016 Programak irmo bultzatzen du lanbide-heziketako sistema integratu bat egituratzea; horretarako, aurrerapausoak eman behar dira bai hezkuntza-arloan, bai enpleguan. Ildo horretatik, programa horretan, aurreikusten da, besteak beste, prestakuntza eta enpresetan praktikak uztartu beharra; hartara, beste lanbide-profil bat lortu nahi da, ekoizpen-sisteman emaitza hobeak emango dituena eta langileen enplegatzeko aukerak hobetuko dituena. Gainera, lanbide-heziketako sistema integratu horren bidez, Lanbide Heziketako ikastetxeen eta enpresen arteko harremanak estutu nahi dira, helburu hartuta: lehenik, elkarren berri zehatzagoa izatea; bigarrenik, enpresen kualifikazio-beharrei erantzun egokia ematea, eta, azkenik, ikastetxeen sistema pedagogikoak berriztatzea.

Lanbide Heziketako heziketa-zikloak berriztatzeko, besteak beste, zenbait trebetasun garatu beharra dago, hala nola, ekintzailetza eta talde-lana; eta, horretarako, enpresen premia dugu, ikasleek talde-lana eraginkortasunez landuko badute.

Ildo horretatik, ikas-ekinezko hezkuntza-proiektuen bitartez, ikastetxeetan nahiz lantokietan lantzen da prestakuntza. Proiektu horien helburua da, hortaz, konpetentzia profesional, pertsonal eta sozialak hobetzea, Lanbide Heziketako hasierako titulu bat ikas-ekinezko erregimenean lortze aldera, eta, gainera, enpresan ordaindutako lan-jarduera bat garatzea. Alde horretatik, ikaskuntza-eredu integral bat garatuta, bidea erraztu nahi da heziketa-zikloak ikasten dihardutenei prestakuntza emateko eta ikasle horiek enpresen ekoizpen-sisteman txertatzeko.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak batera emandako 2012ko urriaren 3ko Aginduan (urriaren 5eko EHAA), xedatuta daude gazteek prestakuntza eta lana txandakatzeko ikas-ekinezko programaren oinarri arautzaileak.

Agindu honen bidez, aratu egiten da ikas-ekinezko lanbide-heziketa dualeko proiektuak aurkezten dituzten ikastetxeetarako diru-laguntzetarako deialdia. Proiektu horietan uztartu behar dira Lanbide Heziketako jarduerak eta enpresetan ordaindutako lan-jarduerak.

Horregatik, eta kontuan hartuta diru-laguntzei buruz indarrean dauden lege hauek: Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzen eta laguntzen araubidea arautzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluko xedapenak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Agindua; honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren helburua.

Agindu honen xedea da diruz laguntzea ikus-ekinezko lanbide-heziketa dualeko proiektuak finantzatzeko diru-laguntzetarako deia egitea. Proiektu horiek Lanbide Heziketako titulu bat lortzera bideratuta egongo dira eta ikastetxeak eta enpresak partekatutako ikaskuntza-prozesu baten bidez garatuko dira, 2014-2015 ikasturtean.

2. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko ekintzak.

Diru-laguntza jaso dezaketen ekintzak dira Lanbide Heziketako sailburuordearen 2014ko urtarrilaren 21eko Ebazpenari (otsailaren 13ko EHAA) aurkeztutako ikas-ekinezko heziketa-proiektuak, sailburuordeak onartutakoak, ebazpen horretako 13. artikuluarekin bat. Ebazpen horren bidez argitara eman ziren Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren mendekoak ez diren ikastetxe pribatuek eta publikoek ikus-ekinezko lanbide-heziketa dualeko proiektuak aurkezteko prozedurak eta epeak.

3. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

Agindu honen xede diren jarduerak diruz laguntzeko zenbatekoa, guztira, hirurehun eta hirurogeita sei mila eurokoa (366.000) izango da.

Artikulu honetan adierazitako zenbatekoa areagotu ahal izango da, eskatutako diru-laguntzen zenbateko osoa kontuan harturik, eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailean beste laguntza-programa batzuk bideratu ondoren, aurrekontuak agortu gabe geratu badira, betiere diru-laguntzak ebatzi aurretik. Horrelakoetan, Lanbide Heziketako sailburuordearen ebazpen baten bidez emango da horren berri.

4. artikulua.– Ikastetxe onuradunak.

Deialdiko diru-laguntzen onuradunak izan daitezke itunpeko ikastetxe pribatuak eta udal-titulartasuneko ikastetxe publikoak, baldin eta eskakizun hauek betetzen badituzte:

1.– Lanbide-heziketako zikloak 2013-2014 ikasturtean itunduta edo hitzartuta izan izana.

2.– Ikas-ekinezko heziketa-proiektua aurkeztu izana Lanbide Heziketako sailburuordearen 2014ko urtarrilaren 21eko Ebazpenari (otsailaren 13ko EHAA) eta bertan sailburuordeak onartu izana, ebazpen horretako 13. artikuluarekin bat. Ebazpen horren bidez argitara eman ziren Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren mendekoak ez diren ikastetxe pribatuek eta publikoek ikus-ekinezko lanbide-heziketa dualeko proiektuak aurkezteko prozedurak eta epeak.

3.– Diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean ez egotea, ezta sexu-bazterkeriagatik zigortuta ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.

4.– Gizarte Segurantzako betebeharrak eta zergak ordainduta eduki beharko dituzte.

5. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Eskaerak modu elektronikoan aurkeztu beharko dira, euskadi.net-eko egoitza elektronikoan.

2.– Izapidetze elektronikoa araututa dago Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan, eta Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenean.

3.– Euskadi.net-en daude eskuragarri eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako eskabide-ereduak modu elektronikoan izapidetzeko zehaztapenak.

4.– Ikastetxe interesdunek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte prozedura honen izapideak eskatu, kontsultatu eta burutzeko.

5.– Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.net/nirekudeaketak

6. artikulua.– Eskabideak eta agiriak aurkeztea, eta horretarako epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztuko dira:

Eskatzailearen –pertsonaren edo erakundearen– erantzukizunpeko adierazpena, egoera hauek egiaztatzekoa:

– Administrazioren bati edo erakunde publiko zein pribaturen bati helburu bereko diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo bestelako baliabiderik eskatu eta, kasua bada, lortu izana; edo halakorik egin ez izana. Ezer jaso bada, kopurua eta erakundea adierazi behar dira.

– Diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean ez egotea, ezta sexu-bazterkeriagatik zigortuta ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.

– Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla, eta betetzen dituela laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian xedatutako betekizunak.

3.– Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du laguntzak izapidetze elektronikoaren bitartez eskatu dituen pertsona edo erakundea zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean dagoela, erakunde eskatzaileari oniritzirik eskatu gabe, betiere Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuta.

2014-2015 ikasturtean Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarekin itundutako edo hitzartutako ikastetxeek ez dute egiaztatu beharrik izango Gizarte Segurantzako betebeharrak eta zergak ordainduta dituztela; izan ere, izapide hori sail horren Hezkuntza Itunen eta Ordainketa Eskuordetuaren zerbitzuaren bidez egin behar dute.

7. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Aurkeztu den eskabidean akatsen bat edo okerren bat dagoela ikusten bada, 10 eguneko epea emango zaio ikastetxe interesdunari akatsa zuzen dezan edo behar diren agiriak ekar ditzan. Hala egin ezean, eta 30/1992 Legearen 42. artikuluan xedatutakoaren araberako ebazpena eman ondoren, bere eskaeran atzera egin duela joko da (azaroaren 26koa 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

8. artikulua.– Organo kudeatzailea.

1.– Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendaria izango da diru-laguntza emateko organo kudeatzailea.

9. artikulua.– Esleipen-irizpideak.

1.– Laguntza eskatu eta eskakizunak betetzen dituzten erakundeei emango zaie diru-laguntza.

2.– 2014-2015 ikasturtean proiektu bakoitzean parte hartzen duen ikasle bakoitzeko emango den diru-laguntza kalkulatzeko, eragiketa hau egingo da: agindu honetako 3. artikuluan ezarritako aurrekontu-zuzkidura zati proiektuetan parte hartzen duen pertsona kopurua. Edonola ere, ez da ikasle bakoitzeko 3.000 euro baino gehiago emango.

3.– Ikasle langileak baja hartu edo parte hartzeari uko egiten badio, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, kontratuaren iraupenaren proportzioan.

10. artikulua.– Ebazpena.

1.– Lanbide Heziketako sailburuordeak ebatziko du deialdia, Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzaren proposamenari jarraikiz, eta ebazpena baliabide elektronikoez jakinaraziko zaie ikastetxe interesdunei, erakunde onuraduna eta emandako zenbatekoa zehaztuta. Ebazpenean, halaber, onartu ez diren eskabideak eta diru-laguntza ukatu zaienak zehaztuko dira, hartarako arrazoiak emanda.

2.– Agindu honen babesean aurkeztutako eskaerei buruzko ebazpena emateko eta jakinarazteko, gehienez ere, sei hilabete izango dira, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe horretan berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskabideak ezetsitzat jo ahal izango dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan araututakoaren arabera.

3.– Diru-laguntzak eta laguntzak onuradunei esleitzeko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, zehazki Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek eman dituzten eta izaera berekoak diren laguntza edo diru-laguntzetatik hasi eta oraindik ere izapidetzen ari den prozedura oro.

11. artikulua.– Justifikazioa.

Agindu honetan adierazitako ikas-ekinezko hezkuntza-proiektuak finantzatzeko diru-laguntzak justifikatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

1.– Jarduera garatu duten pertsonen nominen zerrenda. Agindu honetan diruz lagundutako jardueren arduradunek astean zenbat orduko liberazioa duten zehaztu beharko da, Hezkuntza Jardueren Dokumentuan (HJD) «Beste jarduera batzuk - LH berrikuntza» gisa zehaztuta. Hori ere erantsi beharko da.

2.– Lanbide Heziketako sailburuordearen 2014ko urtarrilaren 21eko Ebazpenaren 17. artikuluko 3. paragrafoan (otsailaren 13ko EHAA) aipatzen den informazio-memoria, honako hauek bilduko dituena: proiektuaren berezko agiriak, behar bezala beteta; eta ikasle bakoitzak programazioaren arabera lortu dituen emaitzak.

3.– Aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenaren 17.4 artikuluan adierazitako estatistika-datuak, prestakuntza- eta enplegu-programan parte hartu duen ikastetxe bakoitzeko ikasleei buruzkoak: programa zenbatek amaitu duten; zenbatek utzi duten eta zergatik, eta, lan-munduratzeari dagokionez, nolako emaitza lortu den programaren amaieran, baita interesekotzat jotzen den beste edozein alderdi ere.

Agiri horiek aurkezteko epea 2015eko uztailaren 15ean amaituko da.

Justifikazio horiek bide elektronikoz aurkeztu beharko dira, https://www.euskadi.net/nirekudeaketak web-gunean.

12. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea.

1.– Ikas-ekinezko hezkuntza-proiektuei dagozkien diru-laguntzak bi zatitan ordainduko dira, era honetan:

a) Lehenengo zatian, onuradun bakoitzari dagokion zenbatekoaren % 50 ordainduko da, betiere 15.1 artikuluko epea igaro bada eta diru-laguntzari uko egin ez bazaio.

b) Bigarren zatian, gainerako zenbatekoa ordainduko da, diruz lagundutako jarduera amaitu eta aurreko artikuluan zehaztutako agiri bidezko justifikazioa egin ondoren.

13 artikulua.– Baldintzak ez betetzea eta itzulketa-prozedura.

1.– Laguntzak ezeztatu egingo dira baldin eta ikastetxe onuradunek bete gabe uzten badituzte agindu honetan ezarritako baldintzak eta betekizunak, eta laguntzak ez badituzte erabiltzen aurkeztutako proiektuan zehaztutako helburuetarako. Alde horretatik, diru-laguntzak benetan zertara bideratu diren egiaztatzeko eskumena izango du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak.

2.– Emandako diru-laguntzak itzultzea.

a) Diru-laguntzak osorik edo partez itzuli beharko dira, honako kasu hauetan:

● Jarduera egin izana ez justifikatzea, eta diru-laguntza eman edo eskuratzeak dakartzan betekizunak eta baldintzak ez betetzea.

● Horretarako baldintzak bete gabe jaso bada laguntza.

● Jarraipen- eta kontrol-jarduerei uko egitea edo horiek oztopatzea.

● Diruz lagundutako ekintzak zein baldintzatan gauzatu diren azaltzen duten datuak errealitatearekin bat ez etortzea.

● Agindu honetan ezarritako betebeharrak, baldintzak eta betekizunak ez betetzea.

b) Organo eskudunak emango dio hasiera diru-laguntzak itzultzeko prozedurari, eta horren berri emango dio diru-laguntzaren erakunde onuradunari. Horretaz gain, ez-betetzea eragin duten gertakariak zein diren jakinaraziko dio, eta hamabost eguneko epea emango, egoki iritzitako alegazioak edo justifikazio-agiriak aurkez ditzan, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin bat.

3.– Alegazioak aurkezteko epea bukatu eta halakorik aurkeztu ez bada, edo alegazioak ezesten badira, organo eskudunak ebazpena emango du. Itzultzeko prozedura ebazteko epea sei hilabetekoa izango da, gehienez ere.

4.– Ebazpen horretan, bete beharrekoak ez direla bete irizten bada, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela adieraziko da, eta, hala behar bada, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari dagozkion zenbatekoak itzuli behar zaizkiola, ebazpena jakinarazten denetik bi hileko epean, gehienez ere. Epe hori borondatezko aldirako epetzat joko da.

14. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira beste instituzio publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Beste diru-laguntza edo laguntza batzuk jasoz gero, horren berri eman beharko da. Izan ere, gainfinantzaketarik gertatuz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, egoki den gehienezko mugaraino.

15. artikulua.– Ikastetxe onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

1.– Onartu egin beharko dute emandako diru-laguntza. Horretarako, diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hamabost eguneko epean ikastetxe onuradunek, berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

2.– Laguntza zertarako eman den, hartarako erabili beharko dute.

3.– Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eman beharko diete, haien jardunean ari direla, deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei buruz eskatzen dieten informazioa.

4.– Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatutatik agindu honetako helburu bererako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskuratuz gero, horren berri eman beharko diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzari.

5.– Laguntza emateko kontuan hartu den inguruabarren bat aldatzen bada, horren berri eman beharko diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzari.

16. artikulua.– Datuak babestea.

1.– Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat, deialdi honen izapideak egiterakoan jasotako datu pertsonalak –parte-hartzaileek tratatzea eta argitaratzea baimendu dituztenak– «Diru-laguntzak eta laguntzak» izeneko fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren helburua diru-laguntzetarako deialdi hau kudeatzea izango da, baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruzko informazioa ematea ere. Fitxategi horren arduraduna Heziketa eta Ikaskuntzako Zuzendaritza da. Datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzan balia daitezke. Horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea, 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

2.– Deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen diote Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta ditzan aurkeztutako agiriak.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honetan prozedurari buruz arautu gabe geratu diren alderdiei Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legean xedatutakoa aplikatuko zaie.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetako diru-laguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokia eta behar bestekoa egon behar da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2015eko aurrekontu orokorretan.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko azaroaren 13a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala