Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

242. zk., 2014ko abenduaren 19a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
5418

AGINDUA, 2014ko abenduaren 15ekoa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuarena, 2015eko ekitaldiko laguntzen deialdia egiteko dena, bai hirugarren herrialdeetan mahastizaintza eta ardogintzako produktuei buruzko sustapen- eta informazio-programetarako zein -ekintzetarako laguntzena, bai ardogintza eta mahastizaintzako sektorea bultzatzeko programaren inbertsiorako laguntzena.

Erkidegoko mahastizaintza eta ardogintzako ekoizleen lehiakortasuna areagotzeko eta haien ardoen kalitatea finkatzeko, mahastizaintza eta ardogintzako merkatu antolakunde bateratu bat ezarri da. Erkidegoko araudiak ezarritako babes-neurrien artean, erkidegoko ardogintzako produktuak hirugarren herrialdeetako merkatuetan sustatzea aurreikusten da.

Merkatu antolakunde bateratu hori (MAB) honako arau hauen arabera ezarri da: Kontseiluaren 2008ko apirilaren 29ko 479/2008 (EE) Erregelamendua, eta Batzordearen 2008ko ekainaren 27ko 555/2008 (EE) Erregelamendua –Kontseiluaren 479/2008 (EE) Erregelamendua garatzeko arauak ezartzen dituena–, Batzordearen 2010eko irailaren 1eko 772/2010 (EB) Erregelamenduak aldatu zuena. Era berean, MAB hori 1234/2007 (EE) Erregelamenduan sartu zen (erregelamendu hori bakarra zen MABetarako). Bestalde, Batzordearen 2008ko ekainaren 27ko 555/2008 (EE) Erregelamendua aldatu egin da orain dela gutxi, Batzorderen 2013ko martxoaren 8ko 202/2013 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren bitartez aldatu ere. 1234/2007 (EE) Erregelamendua, berriz, indargabetu egin da, eta orain gutxi argitaratu den Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EE) Erregelamenduan txertatu da. Azken erregelamendu horren bidez sortu da nekazaritza-produktuen merkatu antolakunde bateratua, eta aldi berean, baliogabe utzi dira erregelamendu hauek: 922/72 (EEE), 234/79 (EEE), 1037/2001 (EE) eta 1234/2007 (EE).

Estatuan, 2013ko uztailaren 20an argitaratu zen uztailaren 19ko 548/2013 Errege Dekretua, Espainiako mahastizaintza eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko 2014-2018 programako neurriak aplikatzekoa (BOE 172, 2013ko uztailaren 20koa); gerora, uztailaren 27ko 549/2014 Errege Dekretuaren bidez aldatu da. Errege dekretu horrek indargabetu ditu otsailaren 27ko 244/2009 Errege Dekretua –otsailaren 19ko 168/2010 Errege Dekretuak aldatutakoa– eta urriaren 31ko 1547/2011 Errege Dekretua –ardogintza eta mahastizaintzako sektoreari laguntzeko programan jasotako inbertsio-neurriak arautzen dituena–. Uztailaren 19ko 548/2013 Errege Dekretuan, II. kapituluko 1. sekzioan, jasotzen da «Hirugarren herrialdeetako merkatuetan promozioa» deritzon neurria, eta 4. sekzioan, «Inbertsioak» deritzon neurria dago.

Euskal Autonomia Erkidegoan, abenduaren 22ko 630/2009 Dekretuak –Euskal Autonomia Erkidegoan mahastizaintza eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko Europako Erkidegoak emandako neurriak garatzeko eta aplikatzeko denak– ezarri zituen Europako Erkidegoko erregelamenduak eta Estatuko oinarrizko araudia garatu eta aplikatzeko arauak. Dekretu hori azaroaren 15eko 234/2011 Dekretuaren bidez aldatu zen.

Erkidegoko araudian nahiz Estatuko oinarrizko legedian aldaketa ugari egin dira; horrenbestez, 227/2014 Dekretua, abenduaren 9koa, Euskal Autonomia Erkidegoan mahastizaintza eta ardogintzaren sektorea laguntzeko Europako Erkidegoak emandako neurriak garatu eta aplikatzekoa dena, eman da argitara; horren bidez, abenduaren 22ko 630/2009 Dekretua indargabetu eta ordeztu da, laguntza horiek arautzen dituzten arau nagusietan aldaketa horiek sartzeko. Agindu honek abenduaren 9ko 227/2014 Dekretuan, 7.2, 9., 17.2 eta 19. artikuluetan, xedatutakoa aplikatzen du, eta horrez gain, 2015-2016ko aldirako laguntzen deialdia egiten du, zehazki ardogintza eta mahastizaintzako produktuei buruzko sustapen- eta informazio-programetarako eta -ekintzetarako, bai eta sektoreari laguntzeko programaren inbertsiorako ere.

Agindu honen bidez deialdia egiten da uztailaren 19ko 548/2013 Errege Dekretuaren II. kapituluaren 1. eta 4. sekzioetan xedatutako inbertsio-laguntzak emateko, baina laguntza horien gastua FEAGAko –Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtseko– 2015-2018 aurrekontuari egotziko zaio. Horrenbestez, laguntza horiek eraginkorrak izateko, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2015eko Aurrekontu Orokorretan behar besteko kreditua egon behar da, hala xedatuta baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko 2007ko apirilaren 26ko Aginduan. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Eskabideak aurkeztea.

1.– 2015-2016ko kanpainan, hirugarren herrialdeetan ardogintzako produktuen sustapen- eta informazio-programak zein ekintzak burutzeko laguntzak, eta programa horiek gauzatzeko inbertsioetarakoak, jasotzeko eskabideak Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari zuzendu beharko zaizkio, eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren bulegoetan –Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz– aurkeztu beharko dira, edo bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak 38.4. artikuluan ezarritako tokietako batean. Laguntza horiek honako arau hauetan aurreikusten dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 Erregelamenduan (EE); uztailaren 19ko 584/2013 Errege Dekretuan; eta abenduaren 9ko 227/2014 Dekretuan.

2.– Hirugarren herrialdeetan ardogintzako produktuen informazio- eta sustapen-programak eta -ekintzak gauzatzeko laguntzen eskaerak 2015eko otsailaren 15a baino lehen aurkeztu behar dira. Bestalde, inbertsioetarako laguntzen eskaerak 2015eko otsailaren 1a baino lehen aurkeztuko dira.

3.– Agindu honetan jasotako laguntza-eskabidearen eredua onartzen da. Web-orri honetatik eskuratu ahal izango da: http: //www.euskadi.net. Aurkezten den eskabidea informatikoki bete eta grabatu behar da, http: //www.euskadi.net web-orrian, eta gero, sinatuta aurkeztu, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzan.

Bigarrena.– Egokitzapena.

1.– Laguntza horiek honelaxe arautuko dira: Batzordearen 2013ko martxoaren 8ko 202/2013 (EB) Betearazpen Erregelamenduan eta uztailaren 19ko 548/2013 Errege Dekretuan –biak ere estatu espainiar osoan bete beharrekoak– ezarritakoaren arabera.

2.– 2015-2016 ekitaldiko laguntzak arautzen dituen legedia ezagutarazteko, abenduaren 9ko 227/2014 Dekretuaren 7.2 eta 17.2 artikuluetan xedatutakoa betetzeko, agindu honen eranskinetan jasoko da araudia, erreferentziakoa eta ekitaldi honetan aplikatzekoa.

Hirugarrena.– Baldintza.

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako gastu-espedienteen aldez aurretiko izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan aurreikusitako ondorioetarako, agindu hau eraginkorra izateko, kreditu egokia eta nahikoa izan beharko da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2015eko Aurrekontu Orokorretan behin betiko ebazpenaren unean.

Laugarrena.– Bateraezintasunak.

Agindu honen bidez deitzen diren laguntzak ezin dira bateratu helburu bereko laguntzekin, eta bereziki, nekazaritzako produktuak eta elikagaiak eraldatu, merkaturatu eta sustatzeko laguntzak emateko (Lehiatu programa) urriaren 7ko 172/2008 Dekretuan mahastizaintza eta ardogintza arloan inbertitzeko aurreikusitako laguntzekin.

Bosgarrena.– Baliabideak.

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke nekazaritza gaietan eskumena duen sailburuari, hilabeteko epean, edo bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, betiere Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Seigarrena.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko abenduaren 15a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA
HIRUGARREN HERRIALDEETAN ARDOGINTZAKO PRODUKTUEN INFORMAZIO- ETA SUSTAPEN-EKINTZETARAKO ETA -PROGRAMETARAKO LAGUNTZEI APLIKATZEKO ARAUDIA.

I.– Ekintza-motak eta programen iraupena.

1.– Kontseiluaren urriaren 22ko 1234/2007 (EE) Erregelamenduan, 103-septdecies artikuluan, aipatutako neurria uztailaren 19ko 548/2013 Errege Dekretuaren I. eranskinean zerrendatutako edozein ekintzatan eta jardueratan aplika daiteke.

2.– Ekintza horiek informazio- eta sustapen-programa baten baitan gauzatu beharko dira, ahal bada.

3.– Programazio-aldi bakoitzari dagokionez, programek gehienez ere hiru urteko iraupena izan dezakete, onuradun eta herrialde bakoitzeko. Dena den, beste bi urterako luzatu ahal izango dira, gehienez ere, baldin eta aurrez eskatzen bada, uztailaren 19ko 548/2013 Errege Dekretuaren 8.3. artikuluan xedatutakoa betez.

II.– Onuradunak.

1.– Jarraian adierazitako hauek aurkez ditzakete hirugarren herrialdeetan sustapen-neurriak finantzatzeko laguntzen eskabideak.

a) Ardogintzaren arloko enpresek.

b) Kontseiluaren 2007ko urriaren 22ko 1234/2007 (EE) Erregelamenduko 125-sexdecies artikuluan definitutako ekoizleen elkarteek eta lanbide arteko erakundeek.

c) Babestutako jatorri-deiturak eta ardogintzako adierazpen geografiko babestuak kudeatzen dituzten organoek.

d) Partaide bakartzat ardogintzaren sektoreko enpresak dituzten esportazio-elkarteek eta esportazio-partzuergoek.

e) Haien helburuen artean ardoak kanpoan sustatzea duten eta ardogintzaren sektoreko enpresek parte hartzen duten irabazi asmorik gabeko elkarteek.

f) Aurreko puntuetan adierazitako onuradunei dagozkien programak onartu ondoren aurrekontuan behar beste diru badago, onuradun gisa hartuko dira, halaber, hirugarren herrialdeetan produktuak eta merkatuak sustatzeko jarduerak garatzeko legezko eskumena duten erakunde publikoak.

2.– Hirugarren herrialdeekin merkataritza-harremanak izateak eskatzen dituen eskaerei aurre egiteko nahikoa gaitasun dutela eta neurria ahal bezain modu eraginkorrean ezartzea bermatzeko baliabideak dituztela frogatu beharko dute onuradunek. Horrez gain, egindako sustapenaren ondorio gisa sor daitezkeen eskaeren aurrean erantzuna ziurtatzeko, produktuen erabilgarritasuna bermatu beharko dute, bai kantitate aldetik bai kalitate aldetik ere.

III.– Produktu eta herrialde onargarriak.

1.– Sustapen-neurriak aplikatu ahal izango zaizkie uztailaren 19ko 548/2013 Errege Dekretuaren II. eranskinean zehaztuta dauden kalitatezko produktuei, baldin eta hirugarren herrialdeetara esportatzeko aukerak edota beste merkataritza-irteera batzuk badituzte, eta kategoria hauetako batean sartzen badira:

a) Babestutako jatorri-deitura duten ardoak.

b) Babestutako adierazpen geografikoa duten ardoak.

c) Ardogintzako mahatsaren aldaera zehaztuta duten ardoak.

2.– Sustapen-neurriak herrialde guztietan jar daitezke, baina lehentasuna emango zaie uztailaren 19ko 548/2013 Errege Dekretuaren III. eranskinean zehaztutakoei.

IV.– Ekintzen eta programen ezaugarriak.

1.– Ekintzak eta programak oso argi definituta egon behar dira, eta bereziki zehaztuko dira zer herrialde duten edo dituzten helburu, zer ardo-mota landuko dituzten, zer neurri ezarri nahi diren eta neurri bakoitzak gutxi gorabehera zer kostu izango duen.

2.– Ekintzak 12 hilabeteko epeetan banatuko dira, eta epe horiek, urtero, ekainaren 15ean hasiko dira.

3.– Mezuak produktuaren berezko ezaugarrietan oinarrituko dira, eta aintzat hartzen dituzten hirugarren herrialdeetako araudi aplikagarrira egokitu beharko dira.

4.– Adierazpen geografikoa duten ardoen kasuan, informazio- eta sustapen-kanpainaren baitan produktuaren jatorria zehaztu beharko da.

5.– Aurreko ataletan (3. eta 4. atalak) eraginik izan gabe, marken erreferentziak mezuaren parte izan ahalko dira, hala badagokio.

6.– Uztailaren 19ko 548/2013 Errege Dekretuaren 19. artikuluan aurreikusitako kide anitzeko organoak, neurriaren koherentzia eta eraginkortasuna bultzatzeko asmoz, informazio- eta sustapen-kanpainei buruzko ildoak ezar ditzake urtero; beraz, sekzio horretan xedatutakoaren arabera arautuko dira.

V.– Balioespen-irizpideak.

Aurkeztutako eskaria balioesteko, uztailaren 19ko 548/2013 Errege Dekretuaren V. eranskinean zehaztutako irizpideez gain, balioespen-irizpide osagarri hauek ezarriko dira, Euskal Autonomia Erkidegorako interesgarri direnak:

a) Kalitate-ikurren bati lotutako produktuak dituen programaren bat izatea. 6 puntu gehienez.

b) EAEn eraldatutako produktuak dituen programaren bat izatea. 4 puntu gehienez.

VI.– Ekintzak eta programak aldatzea.

1.– Ezingo dira produktuak, ekintzak eta ekintzen eta programen kostuak aldatu, proposatutako aldaketekin emaitza hobeak lortuko direla argi dagoenean salbu. Horrelako aldaketak egiteko, aldez aurretik autonomia-erkidegoan eskumena duen organoari jakinarazi behar zaizkio, proposatutako aldaketak azter ditzan, eta, diru-laguntza jasotzeko behar diren eskakizunak betetzen badituzte, aldaketa horiek baimendu ditzan.

2.– Ezingo dira, inondik inora, programetarako onetsitako aurrekontuak gorantz aldatu, ez eta beste herrialde batzuk aintzat hartu ere.

3.– Hainbat urtetarako programetan, hasi gabeko urterokoei eragiten dieten aldaketak otsailaren 15a baino lehen jakinarazi beharko zaizkio urtero autonomia-erkidegoan eskumena duen erakundeari, onartu ditzan, eta erakunde horrek, era berean, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari jakinaraziko dio, apirilaren 15a baino lehen.

VII.– Finantzaketa.

1.– Europar Batasunak hautatutako programen finantzazioan izango duen partaidetza ezingo da izan diruz lagundutako gastuen ehuneko 50 baino handiagoa. Bi edo hiru urteko iraupena duten programei dagokienez, gehienezko epemuga hori exekuzio-urte bakoitzekoa izango da.

2.– Onuradunen ekarpen ekonomikoa tarifetatik eta finantza-zergetatik eratorri ahal izango da.

VIII.– Aurrerakinak.

1.– Onuradunek, baldin eta ez badira erakunde publiko bat, Erkidegoaren urteko ekarpenaren zenbatekoaren % 80ra irits daitekeen aurrerakina jasotzeko eskabideak aurkez ditzakete autonomia-erkidegoan eskumena duen erakundearen aurrean.

2.– Aurrerakina ordaintzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde eskudunaren aldeko berme bat osatzea eskatuko da, aipatutako aurrerakin horren % 110eko zenbatekoa duena, Batzordearen martxoaren 28ko 282/2012 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren III. kapituluan ezarritakoaren arabera.

3.– Onuradunak, dagokion urteko saldoa ordaintzeko eskabidearekin batera, gastuen aitorpen bat aurkeztu beharko dio erakunde ordaintzaileari, uztailaren 31 baino lehen, agindu honen III. eranskinean zehaztutako formatuan; aitorpen horretan, aurrerakina dagokion urtean erabili izana justifikatu beharko dute, bai eta erabili gabeko aurrerakinaren gainerako saldoa ere.

IX.– Ordainketak.

1.– Onuradunek ordainketa-modua aukeratu ahal izango dute, hots urteko Erkidegoaren ekarpena ordainketa bakarrean jasotzea edo bitarteko ordainketen bidez jasotzea. Eskabideek egindako eta ordaindutako ekintzei egingo diete erreferentzia.

2.– Ordainketa guztiak banku-kontu baten bitartez egingo dira, eta kontu hori xede horretarako erabiliko da soilik.

3.– Bitarteko ordainketen eskabideak autonomia-erkidegoan eskumena duen organoaren aurrean aurkeztu behar dira, lau hilabeteko aldi bakoitza bukatzen den hilabetearen hurrengoa bukatu baino lehen, ekainaren 15etik hasita.

Bitarteko ordainketek eta uztailaren 19ko Errege Dekretuaren 14. artikuluan aurreikusitako aurrerakinaren ordainketak ezingo dute guztira gainditu Erkidegoko ekarpen osoaren % 80.

4.– Urteroko bakoitzaren ekintzak bukatu ondoren, eta uztailaren 15a baino lehen, onuradunak bere autonomia-erkidegoko organo eskudunaren aurrean laguntzaren saldoa ordaintzea eska dezake, edota Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsaren aurrean, hala badagokio.

5.– Autonomia-erkidegoak edota Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsak gehienez 75 eguneko epean burutuko du ordainketa, ordainketaren eskabide osoa jaso duen egunetik zenbatzen hasita.

6.– Eskaerak onartzeko, dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte ordainketa egiteko eskabidearekin batera:

a) Txostena, jardueretan banaturiko ekintzak laburbiltzen dituena, betiere honakoak jasoaz: aurrekontuaren zenbatekoa, jarduera bakoitzaren amaierako kostua, eta lortutako emaitzen ebaluazioa, txostenaren egunean egiazta daitekeena.

b) Egindako ordainketen fakturak eta gastu-ziurtagiriak. Zenbait ekintza azpikontratatutako zerbitzuen hornitzaileek burutuz gero, azken hornitzailearen faktura eta egindako ordainketaren ziurtagiria aurkeztu beharko dira.

c) Epigrafe honen 2. atalean aipatutako banku-kontuaren kontu-laburpena, atal honetako b) idatzi-zatian aipatutako fakturen ordainketa justifikatuak egin izana ziurtatzen duena.

7.– Ordainketak egiteko, lehenbizi auditatutako kontuak eta kontu-auditoretzaren txostenak aurkeztu beharko dira, legez aitortutako kontu-auditore batek edo auditoretza-sozietate batek egindakoak; halakorik ezean, epigrafe honen 6. atalean aipatutako fakturen eta dokumentuen adostasun-agiria eman beharko du autonomia-erkidegokoak.

8.– Era berean, ekintzak teknikoki justifikatzeko, onuradunari eska dakioke sustapen-ekintzak egin izana egiaztatzeko frogabideak baliatzeko.

9.– Bestalde, diru-laguntzak jaso ahal izango dira sustapen-jarduerak egiten dituzten enpresako langileen kostuak ordaintzeko. Halaber, laguntza jaso ahal izango da onuradunaren kostu orokorretarako. Gastu horiek diruz laguntzeko baldintzak uztailaren 19ko 548/2013 Errege Dekretuaren VII. eranskinean jasotakoak dira.

10.– Aitzitik, ezingo dira diruz lagundu uztailaren 19ko 548/2013 Errege Dekretuaren VIII. eranskinean aipatutako kostuak.

X.– Bermeak kentzea.

1.– Uztailaren 19ko 548/2013 Errege Dekretuaren 14. artikuluan jasotako bermea kenduko da autonomia-erkidegoak aitortzen duenean aurreratutako zenbatekoa jasotzeko behin betiko eskubidea.

2.– Uztailaren 19ko 548/2013 Errege Dekretuaren 11. artikuluan jasotako bermea saldoa ordaindu arte izango da baliozkoa, eta autonomia-erkidegoko erakunde eskudunak berme hori bertan behera uztea erabakitzen duenean kenduko da.

XI.– Materiala egiaztatzea.

Diru-laguntzaren onuradunek ziurtatu beharko dute programen informaziorako eta sustapenerako prestatutako materiala bat datorrela bai Erkidegoko araudiarekin bai programa garatuko den hirugarren herrialdeko legediarekin. Horretarako, onuradunak erantzukizun-aitorpena aurkeztu beharko du autonomia-erkidegoaren aurrean; aitorpen-dokumentu horretan, material hori bat datorrela eta aplikagarri zaion araudia betetzen duela adieraziko da.

II. ERANSKINA
INBERTSIOETARAKO LAGUNTZEI APLIKATZEKO ARAUDIA

I.– Aplikazio-eremua.

Merkatuko eskakizunetara hobeto egokitzeko eta mahastizaintza eta ardogintzako sektoreko enpresen lehiakortasuna eta errendimendu orokorra handitzeko, finantza-laguntza emango da ekoizpen-baldintzak, merkaturatze-baldintzak edota biak hobetzeko egiten diren inbertsioetarako, bai eta produktu, prozedura eta teknologia berrien garapenerako ere, betiere Kontseiluaren 2007ko urriaren 22ko 1234/2007 (EE) Erregelamenduaren XI ter eranskinean deskribatutako produktuekin lotuta badaude eta Espainiako estatuan ekoitzitakoak badira.

II.– Onuradunak.

1.– Inbertsioetarako finantzaketa lortzeko eskaera mikroenpresetako nahiz enpresa txiki eta ertainetako titular diren pertsona fisiko edo juridikoek aurkeztu ahal izango dute, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan definitzen direnek, baldin eta aurreko artikuluan aipatutako produktuak ekoizten, merkaturatzen edota bi ekintza horiek gauzatzen badituzte, eskabidea egiteko unean jardunean badaude edota eskabidean aurkeztutako proiektuarekin jardunean hasiko badira, eta proiektuaren finantzaketaren azken arduradun badira.

Halaber, neurri honen onuradun izan daitezke 750 langiletik beherako enpresak edota 200 milioi eurotik beherako negozio-bolumena duten enpresak, baldin eta aurreko paragrafoan adierazitako ekoizpen- eta merkaturatze-baldintzak betetzen badituzte. Bitarteko enpresa horiei dagokienez, laguntzen gehienezko kopurua erdira jaitsiko da.

Dena den, jarduera bakartzat merkaturatzea duten enpresen eskaerei dagokienez, enpresaren azken ekitaldi itxiko fakturazioaren % 80k, gutxienez, Kontseiluaren 2007ko urriaren 22ko 1234/2007 Erregelamenduaren XI-ter eranskinean zehaztutako produktuak merkaturatuz lortutakoa izan behar du.

Merkaturatze-jardueran hastear dauden onuradunei dagokienez, idatzizko konpromiso bat aurkeztu beharko dute, adieraziz fakturazioaren % 80, gutxienez, Kontseiluaren 2007ko urriaren 22ko 1234/2007 Erregelamenduaren XI-ter eranskinean jasotako produktuak merkaturatuz lortuko dela.

2.– Enpresak jardueraren bideragarritasun ekonomikoa frogatu beharko du, bai eta inbertsioa behar bezala gauzatzeko behar besteko gaitasuna eta bitartekoak dituela ere.

Horrenbestez, ez zaie finantza-laguntza emango krisi-egoeran dauden enpresei, Batzordearen 2004ko urriaren 1eko Jakinarazpena (2004/C244/02) betez; xede horretarako, krisi-egoeran dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko Erkidegoko zuzentarauetan definitutakoaren arabera zehaztuko da zein diren krisi-egoeran dauden enpresak.

Halaber, ez zaie finantza-laguntzarik emango zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen ez duten eskatzaileei, ez eta diru-laguntzak itzultzeagatiko betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen ez dutenei ere.

3.– Diru-laguntzen onuradunek inbertsioekin loturiko jardueren iraunkortasuna egiaztatu beharko dute, laguntzaren azken ordainketa egiten den dataren hurrengo bost urteetan.

Era berean, laguntzaren xede den ekoizpen-jarduera eta horrekin lotutako azpiegiturak besterentzen diren kasuetan, iraunkortasuna eskatuko zaie eskuratzaileei, eta erakunde eskudunaren aurrean egiaztatu beharko dute egoera horren berri dutela eta onartzen dutela, Kontseiluaren irailaren 20ko 1698/2005 (EE) Erregelamenduaren 72. artikuluan xedatutakoaren arabera. Onarpen hori ez bada modu fede-emailean egiaztatzen, erantzulea laguntzaren onuraduna bera izango da.

III.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak, operazioak eta gastuak.

1.– Uztailaren 19ko 548/2013 Errege Dekretuan, XV. eranskinean, deskribatzen diren inbertsio ukigarriei eta ukiezinei loturiko jarduerak onartu ahal izango dira.

2.– Diruz lagundu ahal izango dira Batzordearen 2008ko ekainaren 27ko 555/2008 (EE) Erregelamenduaren 17. artikuluko a) eta b) ataletan jasotako gastuak, eta atal horiekin lotuta c) atalean jasotzen diren gastu orokorren % 8 gehienez.

«Produktu onargarri berrien garapena» neurriaren inbertsioetarako, Batzordearen 2008ko ekainaren 27ko 555/2008 (EE) Erregelamenduaren 18. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

3.– Aitzitik, ezingo dira diruz lagundu uztailaren 19ko 548/2013 Errege Dekretuaren XVI. eranskinean deskribatutako gastuak.

IV.– Proiektuen ezaugarriak.

1.– Inbertsio-proiektuak oso argi definituta egongo dira, egin beharreko jarduketak/operazioak zehaztuta eta operazio bakoitzaren gastu-kontzeptuak nahiz horietako bakoitzaren gutxi gorabeherako kostuak xehetasunez adierazita, betiere kostuak neurtuz, Batzordearen 2011ko urtarrilaren 27ko 65/2011 (EE) Erregelamenduaren 24.2.d) artikuluan xedatutakoari jarraiki; erregelamendu horretan, hain zuzen ere, Batzordearen 1698/2005 (EE) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dira, landa-garapenerako laguntza-neurrien kontrol-prozedurak eta baldintzak aplikatzeari dagokionez. Horrez gain, datu hauek ere adierazi beharko dira inbertsio-proiektuan: exekuziorako aurreikusitako egutegia eta, Espainiatik kanpoko EBko beste herrialde batzuetan merkaturatzeko inbertsioei dagokienez, leku bakoitzaren kokapen zehatza.

2.– Inbertsio-proiektuak urtekoak nahiz hainbat urtetakoak izan daitezke, eta gehienez 4 urteko epea izango dute exekuziorako eta finantzaketarako. Nolanahi ere, proiektuen exekuzioa 2018ko ekainaren 1a baino lehen gauzatu beharko da, eta laguntza FEAGA 2018 ekitaldia amaitu baino lehen ordainduko da.

3.– Inbertsioak ezingo dira hasi laguntza-eskabidea aurkeztu aurretik, uztailaren 19ko 548/2013 Errege Dekretuaren XVI. eranskinean, 5.a) eta 5.b) ataletan, adierazitako gastuak salbu; izan ere, azken gastu horiek 2014an aurkeztutako eskabideetan kontuan hartu ahal izango dira, bai eta hurrengo urteetako eskaera-dataren aurreko hamabi hilabeteetan ere.

Ebazpena eman aurretik inbertsio-proiektuen jarduerak gauzatzen hasteak ez dakar administrazioaren inongo konpromisorik laguntza emateari dagokionez.

V.– Aldaketak inbertsio-proiektuetan.

1.– Onuradunak inbertsio-proiektu batean zehaztutako jardueretan aldaketak egiteko eska dezake, betiere ez bada azken helburua aldatzen, dagokion FEAGA ekitaldiko otsailaren 1a baino lehen.

2.– Aldaketa garrantzitsu oro (exekuzio-egutegiaren aldaketa barne) autonomia-erkidegoko organo eskudunak baimendu beharko du, onuradunak horren eskaera egin ondoren.

3.– Inbertsio-proiektuetarako onartutako aurrekontuak gehitzea eragiten duten aldaketak egin arren, ez da onartutako diru-laguntzaren zenbatekoa handituko.

4.– Bestalde, onartutako jardueretan egindako aldaketen ondorioz onartutako aurrekontua gutxitzea lortzen bada, onartutako diru-laguntzaren zenbatekoa proportzionalki murriztuko da, betiere inbertsio-proiektuak artikulu honetako 1. atala betetzen jarraitzen badu.

5.– Halaber, ezingo dira aurrekontuak beheraka aldatu ebazpenez onartutako aurrekontu osoaren % 10 baino zenbateko handiagoetan, baldin eta proiektua amaitzen den aldiko azken hiruhilekoan egiten bada.

6.– Autonomia-erkidegoek aldaketen berri emango diote Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari, dagokion FEAGA ekitaldiko maiatzaren 15a baino lehen.

VI.– Finantzaketa.

1.– Erkidegoko ekarpenari gehienezko laguntza-mota hauek ezarriko zaizkio, inbertsio-kostu onargarrien arabera:

a) % 50, konbergentzia-eskualdetzat sailkatutako autonomia-erkidegoetan, Kontseiluaren 2006ko uztailaren 11ko 1083/2006 (EE) Erregelamenduaren arabera. Erregelamendu horren bidez, Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Gizarte Funtsari eta Kohesio Funtsari buruzko xedapen orokorrak ezarri ziren, eta 1260/1999 (EE) Erregelamendua indargabetu zen.

b) % 40, konbergentzia-eskualdetzat sailkatu ez diren autonomia-erkidegoetan.

c) % 75, Kanarietako autonomia-erkidegoan.

d) Europar Batasuneko beste herrialdeetan inbertsioak egitean, haien kokapena hartuko da kontuan laguntzaren ehunekoa zehazteko.

1234/2007 (EE) Erregelamenduaren 103-duovicies artikuluaren 4. atalean ezarritako gehienezko laguntzak ezarriko dira.

2.– Urteko inbertsio-proiektuak amaitzen diren FEAGA ekitaldiaren kontura finantzatuko dira. Hainbat urtetako proiektuak, berriz, inbertsioa eskatu eta onartu den FEAGA ekitaldi jarraituen kontura finantzatuko dira.

VII.– Aurrerakinak.

1.– Onuradunak laguntza aurreratzeko eskabidea aurkez diezaioke autonomia-erkidegoko erakunde eskudunari; aurrerakin horren zenbatekoa 555/2008 (EE) Erregelamenduaren 19. artikuluan, 2. atalean, zehaztuko da.

2.– Aurrerakina ordaintzeko, banku-berme bat eratu beharko da, edo Kutxa Nagusiaren Araudia onartzen duen otsailaren 7ko 161/1997 Errege Dekretuan zehaztutakoak, aurreratutako zenbatekoaren % 110en parekoa, autonomia-erkidegoko organo eskudunaren alde, erregelamendu hauetan zehaztutako baldintzak betez: 555/2008 (EE) Erregelamendua, Batzordearena, 2008ko ekainaren 27koa, eta 282/2012 (EB) Betearazpen Erregelamendua, Batzordearena, 2012ko martxoaren 22koa, nekazaritza-produktuetarako berme-erregimenaren aplikazio-modalitate komunak ezartzen dituena.

3.– Aurrerakina ebazpena onartzen den dataren hurrengo 30 egunetan eskatu behar da, beranduen jota.

4.– Onuradunek urtero, urriaren 31 baino lehen, aurkeztu beharko diote erakunde ordaintzaileari aurrerakina dagokion ekitaldiko urriaren 15a baino lehen erabiltzea justifikatzen duen gastu-aitorpena, bai eta urriaren 15ean erabili gabe dituen aurrerakinen gainerako saldoaren egiaztapena ere. Gastu-aitorpen hori 2015eko urriaren 31 baino lehen egin beharko da, lehenengo aldiz, agindu honen III. eranskinean zehaztutako formatuan.

5.– Horrelakoetan, laguntzaren saldoa ordaintzeko, jasotako aurrerakina deskontatutako da.

VIII.– Ordainketak.

1.– Ordainketa egiteko eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira, gutxienez:

a) Aurrekontu eta guztiko txostena, aparteko edo ezinbesteko kasuen justifikazioa barne hartuta.

b) Jardueren hasiera-data egiaztatzen duen dokumentazioa, eskaera egin ondorengoa, baldin eta ez badago autonomia-erkidegoko organo kudeatzailean jarduera ez hastea adierazten duten aktarik edota beste kontrol-mota baliokiderik.

c) Onuradunaren aitorpena, egindako gastuen finantzaketari buruzkoa. Kreditu- edo mailegu-bidezko finantzaketan, horiek formalizatzeko eskrituren fotokopia ere aurkeztu beharko da.

d) Aurreikusitako lanen eta egindakoen artean dauden desberdintasunen zerrenda.

e) Onuradunaren aitorpena, inbertsio berdinetarako jasotako eta/edo eskatutako beste laguntza batzuei buruzkoa; horrelakoetan, laguntza onartzen duen ebazpenaren kopia aurkeztuko da.

f) Laguntzaren zenbatekoa jaso nahi den banku-kontuari buruzko aitorpena.

g) Eraikinak erosten diren kasuetan, behar bezala egiaztatutako tasatzaile independente baten edota behar bezala baimendutako organo edo erakunde publiko baten ziurtagiria ere aurkeztu beharko da; ziurtagiri horren bidez frogatuko da erosketa-prezioak ez duela gainditzen merkatuko balioa, lurzoruaren balioa merkatu-prezioen arabera banakatuta.

h) Gastuaren fakturak edo egiaztapen-balio baliokidea duten kontabilitate-dokumentuak, eta ordainketen ziurtagiriak.

i) Ordainketak egin diren kontu bakarraren kontu-laburpenak.

j) Jarduera-lizentzia, beharrezkoa den kasuetan.

k) Elikagaigintzako eta elikagaien Enpresen Erregistro Orokor Sanitarioan izena emanda dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria.

l) Jabetza-erregistroan izena emanda dagoela adierazten duen ziurtagiria, obra berrien kasuetan edo inskriba daitezkeen ondasunen instalazioetan.

m) Nekazaritza Industrien Erregistroan edo Industria Establezimenduen Erregistroan egindako eskaera edo erantzukizun-aitorpena.

2.– Onuradunak egiten dituen ordainketa guztiak banku-kontu bakarraren bitartez gauzatuko dira, eta kontu hori xede horretarako erabiliko da soilik.

3.– Proiektua amaitzen den urteko apirilaren 30ean, beranduen jota, onuradunak diru-laguntzaren saldoaren ordainketa eskatuko du; horretarako, laguntza justifikatzen duen dokumentazioa aurkeztuko du autonomia-erkidegoko organo eskudunaren aurrean.

4.– Diru-laguntza ordaintzeko, nahitaezkoa da inbertsioa justifikatzen duten kontuak aurkeztea. Kontu horiek Kontuen Auditoretzaren Erregistro Ofizialean izena emanda duten kontu-auditoreek edota auditoria-sozietateek egiaztatuta egon behar dute; halakorik ezean, autonomia-erkidegoko organo eskudunak egiaztatuko ditu aurrez aipatutako fakturak eta dokumentuak. Egiaztapen horren baitan sartzen da, gutxienez, laguntzaren espediente bakoitza in situ aztertzea.

5.– Kontrol horietan egiaztatzen bada ez dela bete inbertsio-proiektuaren helburua edo ez dela gauzatu onartutako inbertsio-aurrekontuaren gutxienez % 70, bietan ere ezinbesteko kausak edo aparteko baldintzak ez diren arrazoiengatik, ordaindutako zenbatekoak itzultzea eskatuko da, eta exekuzio onaren bermea exekutatuko da. Ezinbesteko kausak edo aparteko baldintzak direnean, behar bezala justifikatu behar ditu laguntzaren onuradunak, eta organo eskudunak onartu egin behar ditu.

6.– Ordaintzeko eskaera kasu honetan soilik eman ahal izango da ontzat: onuradunak zerga-betebeharrak eta gizarte-segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela egiaztatzen denean.

7.– Onuradunak laguntza jasotzeko eskubidea izango du egiaztatzen denean onartutako eskaeran aurreikusitako jarduera bat edo hainbat egin direla, eta lekuan bertan berresten denean, Kontseiluaren 2009ko urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduaren 31. artikuluan zehazten diren ezinbesteko kasuetan edo ezohiko jardueretan salbu.

8.– Autonomia-erkidegoak ordaintzeko eskaera bere osotasunean jaso ondoren egingo ditu ordainketak, FEAGA ekitaldiko irailaren 15a baino lehen betiere.

IX.– Bermeak kentzea.

1.– Exekuzio onaren bermea baliozkoa izango da saldoa ordaintzen den unera arte, eta organo eskudunak bertan behera uztea erabakitzen duenean kenduko da, behin egiaztatutakoan (bai administrazio-bidearen bitartez bai lekuan bertan) inbertsio-proiektua gauzatu izana edota onartutako aurrekontuaren gutxienez % 70 inbertsio eragingarrian gauzatu izana.

2.– Autonomia-erkidegoak laguntza jasotzeko behin betiko eskubidea onartzen duenean kenduko da aurrerakinaren bermea, Batzordearen 2008ko ekainaren 27ko 555/2008 (EE) Erregelamenduaren 19. artikuluan xedatutakoa betez.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala