Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

242. zk., 2014ko abenduaren 19a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
5420

AGINDUA, 2014ko abenduaren 17koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Haur Hezkuntza (2. zikloa), Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (1. eta 2. zikloak) egiten ari diren ikasleak eskolara garraiatzeko banan banako diru-laguntzetarako 2014-2015 ikasturteko deialdia egiten duena.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ikasleak garraiatzeko zerbitzua antolatzen du ikasturte oro, irakaskuntzaren zerbitzu osagarri modura.

Zerbitzu horrek zenbait ibilbideren kontratazioa hartzen du barne; honako hauek hartzen dira kontuan ibilbide horiek zehazterakoan: ikastetxera dagoen distantzia eta ikasle-kopurua.

Zenbait ikasle ez dira egokitzen aipaturiko ibilbide horien ezaugarrietara; horregatik, beharrezkoa da egunero ikastetxera joan ahal izateko alternatiba bat bilatzea. Bada, alternatiba hori, ikasleak garraiatzeko banan banako diru-laguntzetarako deialdiaren bidez, joan-etorri horien kostua ordaintzea da.

Horretarako da, beraz, banan banako diru-laguntzetarako deialdia.

Eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoa oinarri hartuta, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Ikastetxe publikoetan 2014-2015 ikasturtean Haur Hezkuntzan (2. zikloa), Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (1. eta 2. zikloak) matrikulatutako ikasleak garraiatzeko banan banako diru-laguntzetarako deialdia egiten da.

2. artikulua.– Deialdiaren kudeaketa.

Laguntza horiek kudeatzeko organo eskuduna Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritza da.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Aurreko artikuluan adierazitako xedea betetzeko diru-baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako beren beregi ezarritako aurrekontu-kredituak erabiliko dira. Deialdi horretarako, zehazki, 1.000.000 euro erabiliko dira. Aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren barruan emango diren laguntzek, guztira, ezingo dute aipatutako zenbatekoa edo zenbateko horren eguneraketa gainditu, indarreko legerian jasotako kreditu-loturaren edo aurrekontu-aldaketen araubidearekin bat etorrita, eta, hala dagokionean, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren beste laguntza-programa batzuk gauzatu ondoren gerta litezkeen aurrekontu agortu gabeen arabera. Horren berri Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak emango du ebazpen baten bitartez.

2.– Esleitutako kreditua agortuz gero, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak ebazpen administratiboa emango du. Ebazpen horretan aipatutako kreditua zer egunetan agortu den zehaztuko da, eta EHAAn argitaratu beharko da.

4. artikulua.– Betebeharrak.

1.– Haur Hezkuntza (2. zikloa), Lehen Hezkuntza eta DBH (1. zikloa) egiten ari diren ikasleek baldintza hauek bete beharko dituzte deialdi honetaz baliatu ahal izateko:

a) 2014-2015 ikasturtean ikastetxe publiko batean matrikulatuta egotea edo, salbuespen gisa, itunpeko ikastetxe batean matrikulatuta egotea, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak hala aginduta, honako kasu hauetan:

a.1.– Ikastetxe publiko batean matrikulatuta dauden ikasleak. Eragin-eremuaren arabera etxetik hurbilen duten ikastetxera joan beharko dute, eta lekurik ez badago, plaza libreak dituen eta aldi berean beren etxetik hurbilen dagoen ikastetxe publikora joan beharko dute. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hezkuntza Ordezkaritzako Ikastetxeen Zerbitzuaren txosten bat aurkeztu beharko da, plaza librerik ez dagoela agerian uzten duena.

a.2.– Itunpeko ikastetxe batean eskolatutako ikasleak, euren mailarako ikastetxe publikorik ez dutenak bizi diren tokiko eragin-eremuan.

Salbuespenez, etxetik hurbilen duten itunpeko ikastetxean egon behar dute eskolatuta, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak hala aginduta. Kasu horretan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hezkuntza Ordezkaritzako Ikastetxeen Zerbitzuaren txosten bat aurkeztu beharko da, adierazitako ikastetxe publikoan plaza librerik ez dagoela agerian uzten duena.

a.3.– Salbuespenez, itunpeko ikastetxeetan eskolatutako ikasleak, eskolatze-batzordeak hala aginduta.

Kasu horretan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hezkuntza Ordezkaritzaren Ikastetxeen Zerbitzuak egindako aldeko txostena aurkeztu beharko da, eta han adierazi komenigarria dela ikaslea ikastetxe horretan eskolatzea.

b) Doako garraiorik edo entitate publikoek edo pribatuek erabat ordaindutako garraiorik ez izatea.

c) Ikastetxea 2 km edo gehiagotara egotea. Ikaslearen etxetik ikastetxera –edo ikastetxetik gertuen dagoen geltokira– dagoen tarte laburrenaren arabera egingo da distantziaren kalkulua. Distantzia kalkulatzeko, 5.2 artikuluan adierazten den tresna erabiliko da.

2.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. zikloko ikasleek baldintza hauek bete beharko dituzte deialdia honetaz baliatzeko:

a) 2014-2015 ikasturtean ikastetxe publiko batean matrikulatuta egotea edo, salbuespen gisa, itunpeko ikastetxe batean matrikulatuta egotea, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak hala aginduta, honako kasu hauetan:

a.1.– Ikastetxe publiko batean matrikulatuta dauden ikasleak. Eragin-eremuaren arabera etxetik hurbilen duten ikastetxe publikora joan beharko dute, eta, lekurik ez badago, plaza libreak dituen eta aldi berean beren etxetik hurbilen dagoen ikastetxe publikora joan beharko dute. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hezkuntza Ordezkaritzako Ikastetxeen Zerbitzuaren txosten bat aurkeztu beharko da, plaza librerik ez dagoela agerian uzten duena.

a.2.– Itunpeko ikastetxe batean eskolatutako ikasleak, euren mailarako ikastetxe publikorik ez dutenak bizi diren tokiko eragin-eremuan.

Salbuespenez, etxetik hurbilen duten itunpeko ikastetxean egon behar dute eskolatuta, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak hala aginduta. Kasu horretan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hezkuntza Ordezkaritzako Ikastetxeen Zerbitzuaren txosten bat aurkeztu beharko da, adierazitako ikastetxe publikoan plaza librerik ez dagoela agerian uzten duena.

a.3.– Salbuespenez, itunpeko ikastetxeetan eskolatutako ikasleak, eskolatze-batzordeak hala aginduta.

Kasu horretan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hezkuntza Ordezkaritzaren Ikastetxeen Zerbitzuak egindako aldeko txostena aurkeztu beharko da, eta han adierazi komenigarria dela ikaslea ikastetxe horretan eskolatzea.

b) 2014ko abenduaren 31n 18 urte ez izatea.

c) Doako garraiorik edo entitate publikoek edo pribatuek erabat ordaindutako garraiorik ez izatea.

d) Ikastetxea 4 km edo gehiagotara egotea. Ikaslearen etxetik ikastetxera –edo ikastetxetik gertuen dagoen geltokira– dagoen tarte laburrenaren arabera egingo da distantziaren kalkulua. Distantzia kalkulatzeko, 5.2 artikuluan adierazten den tresna erabiliko da.

3.– Ezingo dira deialdira aurkeztu diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean daudenak, ezta sexu-bazterkeriagatik zigortuta daudenak ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.

5. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa eta bateragarritasuna.

1.– Ikaslearen etxetik ikastetxera joateko garraio-zerbitzu publikoren bat edo tren-baliabideren bat (autobusa, tranbia, metroa, trena) erabiliz gero, aukera guztien artetik merkeena ordaintzeko izango da diru-laguntza.

2.– Ikaslearen etxetik ikastetxera joateko ibilgailu partikularra erabiliz gero, diru-laguntza kalkulatzeko, 0,29 euro kilometroko ordainduko da, eta, ibilbide hori motoan eginez gero, 0,15 euro kilometroko.

Kilometroak honela kalkulatuko dira: ikaslearen etxetik ikastetxera dagoen kilometro-kopurua bider bi. Distantziak neurtzeko, «google maps» erabiliko da.

3.– Ikastetxeko guraso-elkarteak antolatutako eskola-garraioko zerbitzua erabiliz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa hauxe izango da, gehienez: zerbitzuaren benetako kostua zati hura erabiltzen duten ikasle-kopurua.

4.– Laguntza horiekin batera beste era bateko diru-laguntza edo laguntzak –publikoak zein pribatuak– eskuratu ahal izango dira. Deialdi honetan aurreikusitako helbururako beste laguntzaren bat jasoko balu onuradunak, horren zenbatekoa kendu egingo litzaioke laguntzari.

6. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Eskariak inprimaki ofizialetan beteko dira; honako webgune honetan daude eskuragarri: www.hezkuntza.ej-gv.euskadi.net

2.– Ikaslearen legezko ordezkariak eskabideak behar bezala bete beharko ditu, I. eranskineko ereduari jarraituz, eta ikaslearen ikastetxeko zuzendariaren aurrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan jasotako lekuren batean aurkeztu beharko ditu, hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita.

3.– Ikastetxeek diru-laguntza horietaz baliatu nahi duten ikasleen zerrendaren proposamena aurkeztuko dute, II. eranskinean ematen den ereduaren arabera beteta. Eskabide horiek Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan adierazitako lekuetako batean aurkez daitezke. Laguntzak dagokion Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzara bidaltzeko epea 10 egun naturalekoa izango da, 6.2 puntuan ezarritako eskari-epea amaitu eta biharamunetik hasita.

4.– Epe horretatik kanpo ere laguntzak eskatu ahal izango dituzte 6.2 paragrafoan ezarritako muga-dataren ondoren matrikulatzen diren ikasleek.

Eskabideak aurkezteko prozedura eskabide arruntak izapidetzeko prozedura bera izango da. Edonola ere, ez da inola ere onartuko 2015eko apirilaren 30aren ondoren egindako eskabiderik.

5.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren izena eskola-garraioa izango da, eta haren helburua diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea izango da, eta baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informatzea ere. Fitxategi horren arduraduna Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritza izango da. Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, indargabetzeko eta datuen aurka egiteko eskubideak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzan gauzatu ahal izango dira (Donostia kalea 1; 01010 Vitoria-Gasteiz).

Halaber, deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzari baimena ematen diote aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko beste erakunde publiko batzuetan.

7. artikulua.– Eskabideak aztertzea eta ebaluatzea.

Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzei dagokie Administrazio eta Kudeaketa Ekonomikoa Zerbitzuaren bitartez aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea.

8. artikulua.– Diru-laguntzak ebaztea, jakinaraztea eta argitaratzea.

1.– Aurkeztutako eskabideak jasota, Hezkuntzako lurralde-ordezkariak behin-behineko ebazpenaren proposamena aurkeztuko du, eta proposamen hori Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzara bidaliko da.

2.– Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordeak emango du behin-behineko ebazpena, eta ebazpen hori eragindakoei jakinarazteko aginduko du, ebazpena Euskadi.net webgunearen iragarki-taulan argitaratuta. Ebazpen horretan aipatu beharko da nor diren onuradunak eta zenbatekoak diren onartutako laguntzak, edo, ukatuz gero, zergatik ukatu diren.

Jakinarazpen horri esker, beren interesak defendatzeko alegazioak eta agiriak aurkeztu ahal izango dituzte eragindakoek, jakinarazpena egin eta 15 egun naturaleko epean, eta 3. eta 4. ataletan aurreikusitako izapideak emango dira jakitera.

3.– Behin-behineko ebazpenaren kontrako alegazioak aurkezteko epea bukaturik, ebazpen hori behin betikotzat joko da, alegaziorik jaso ez duten eskariekiko. Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordeak bihurtuko ditu behin-behineko ebazpenak behin betiko, eta Euskadi.net webguneko iragarki-taulan argitaratuta jakinaraziko da.

Behin-behineko ebazpenaren kontra alegaziorik aurkeztu bada, eta beharrezko egiaztapenak eta izapideak egin ondoren, Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordeak behin betiko ebazpena emango du, 8.2 artikuluan agertzen diren datuak aipatuta, eta ebazpena Euskadi.net webgunearen iragarki-taulan argitaratuz jakinaraziko da.

4.– Behin betiko jakinarazpenak ebazpenaren testu osoa jaso beharko du, bai eta laguntza jaso eta jasoko ez duten eskatzaileen zerrendak ere, laguntza ez jasotzeko arrazoiak azalduta. Horretarako ezarritako epean ebazpen adierazirik argitaratzen ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertu behar da.

5.– Behin betiko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, behin betiko ebazpena euskadi.net webguneko iragarki-taulan argitaratu edo behin-behineko ebazpena behin betiko bihurtu eta hurrengo egunetik hasita.

6.– Behin betiko ebazpena eta laguntzen jakinarazpena sei hileko epean emango da, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, agindu honetako 6.4 puntuan jasotako kasuetan izan ezik (kasu horietan, 2014-2015 ikasturtea bukatu aurretik ebatziko dira).

7.– Baldintza guztiak betetzen dituzten eskari guztiei behar besteko krediturik ez badago, eskabideen aurkezte-egunaren arabera ezarriko da hurrenkera.

9. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– Emandako diru-laguntzen ordainketa aldi batean egingo da, deialdiari ebazpena eman ondoren. Ikasle onuradunek ikasketak egiten dituzten zentroetara bidaliko da diru-zenbateko osoa. Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzaren aurrean justifikatu beharko du zentroak laguntza horiek jaso izana, ordezkaritzak emandako aginduei jarraituz.

2.– Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

10. artikulua.– Diru-laguntzen kontrola.

1.– Ondorio hauetarako, lurralde ordezkaritzek egokitzat jotako agiriak aurkez ditzatela eskatu ahal izango diete onuradunei.

2.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren fiskalizazio-eginkizunak betez informaziorik eskatuz gero, diru-laguntzen onuradunek eman egin beharko diete informazio hori.

3.– Onuraduna zentrora joaten ez bada edo zentroan baja ematen badu, ikastetxeek Eusko Jaurlaritzako Diruzaintzari itzuli beharko diote emandako diru-laguntzaren zenbatekoa eta, ordainketa eginda badago, zenbateko osoa edo justifikatu gabeko zatia itzul dezala eskatuko diote ikasleari.

4.– Itzultzeko espedienterik zabaltzen bada, abenduaren 27ko 698/1991 Dekretuko Bigarren Tituluari jarraituko zaio; Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du dekretu horrek.

5.– Halaber, 2014-2015 ikasturtea amaitu baino lehen, ikasle onuradunei eskatuko zaie justifikatu dezatela diru-laguntzen zenbatekoa egunero edo astero ikastetxera joan beharrak sortu dituen gastuak ordaintzeko erabili dela.

6.– Guraso-elkarteek antolatutako garraioaren kasuan, elkarte horiek egindako ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, honako hauek biltzen dituena:

● Garraioaren eguneroko kostua.

● Garraioa erabiltzen duen ikasle-kopurua.

● Ikasleek ordaintzen duten kuota.

Justifikazio-agiri horiek (txartelak, fakturak eta, ibilgailu partikularra erabiltzen bada, erantzukizunpeko adierazpena) ikastetxean artxibatuko dira, behar izanez gero konprobatu ahal izateko.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetan arautzen ez direnetarako, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak –urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatuak– xedatutakoa aplikatuko da horren osagarri.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren pentzutan egingo diren gastu espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan aipatzen diren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2014. urteko aurrekontu orokorretan behar besteko ordainketa- eta konpromiso-kreditu egoki egotearen baldintzapean gelditzen da agindu honetan aipatzen diren laguntzen ebazpena.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko abenduaren 17a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala