Lehendakaritza

Euskera Europar Batasunean


 Argibide orokorrak - Ofizialtasuna

 Idatzizko komunikazioak  Arauak (kodezisioa)  Bilkuretan hitz egitea

EUSKARA ataria

 Komunikazio-eredua  Arauen zerrenda  Adierazpenak

Argibide orokorrak. Euskararen ofizialtasuna Europar Batasunean

 

Euskararen ofizialtasuna Europar Batasunaren (EB) baitan

Euskadin, bai Eusko Jaurlaritzak, bai Eusko Legebiltzarrak, hainbat komunikatu eta adierazpenen bitartez, euskarak Europar Batasunean izen beharreko izaera ofiziala aldarrikatu dute behin eta berriz, Europar Batasuneko hizkuntza-erregimena arautzen duen Kontseiluaren 1/1958 Erregelamenduan aitortutako hizkuntza ofizialen maila berean egon dadin euskara ere.

Kontseiluan eta, hala badagokio, Europar Batasuneko beste instituzio eta organo batzuetan beste hizkuntza batzuk modu ofizialean erabiltzeari buruz Kontseiluak 2005eko ekainaren 13an onartutako ondorioek (pdf. 26 KB) Europar Batasunean euskara eta beste hizkuntza batzuk erabili ahal izateko nolabaiteko aitorpen ofiziala bideratu dute, 1/1958 Erregelamenduak aitortutako erabateko ofizialtasunaren estatusa ez lortu arren.

Ondorio horietan oinarrituta, estatu espainiarrak administrazio-akordioak egin ditu Europar Batasuneko hainbat instituzio eta organorekin, gaztelaniaz beste hizkuntza ofizial batzuk erabiltzeko aukera egon dadin haien baitan:

-Europar Batasuneko Kontseilua (2005/11/7 administrazio-akordioa) (pdf. 55 KB)

-Eskualdeetako Komitea (2005/11/16 administrazio-akordioa) (pdf. 35 KB)

-Europako Batzordea (2005/12/21 administrazio-akordioa) (pdf. 37 KB)

-Europako Ekonomia eta Gizarte Komitea (2006/6/7 administrazio-akordioa) (pdf. 46 KB)

- Europako Parlamentua (Mahaiaren erabakia)

-Europako Arartekoa (2006/11/30 administrazio-akordioa) (pdf. 1,27 MB) [es]

- Justizia Auzitegia (2009/4/27 administrazio-akordia) (pdf) [es]

Esparru juridiko berri honek euskarari bidea ematen dio, mugak izan arren, Europar Batasunean erabilera ofiziala izan dezan. Mugak dituen ofizialtasun horrek hiru arlo ditu:

-Herritarrek Europar Batasunaren erakunde eta organoetara igorritako komunikazioak euskaraz idazteko aukera

-Kontseiluak eta Eskualdeetako Komiteak egindako bilkuretan euskaraz ahoz parte hartzeko aukera

-Europako Parlamentuak eta Kontseiluak elkarrekin erabakitzeko prozedura erabilita onartutako Europako Erkidegoko legeria euskaraz argitaratzea

 

Euskara Europako kultur eta hizkuntz aniztasunaren eremuan

Euskara Euskal Herriaren berezko hizkuntza da eta, Autonomia Estatutuaren (1979) 6. artikuluak aitortzen duenez, hizkuntza ofiziala da Euskadin, gaztelaniarekin batera. Ofizialtasun estatus horretan oinarrituta, Eusko jaurlaritza lanean ari da sendo, Euskadi barruan euskara normaltasunez erabil dadin eta Euskaditik kanpo ere euskarak merezi dituen errespetua eta aitorpena izan ditzan.

Europari dagokionez, Europako Kontseiluak eskualde bateko edo hiztun gutxiko hizkuntzen Europako Gutuna onartu zuen (Estrasburgo, 1992/11/5) eta horrek hil edo biziko garrantzia duen nazioarteko tresna ekarri du, euskararen antzera babes berezia behar duten hizkuntzak normaltzen, ezagutzen eta errespetatzeko bidean ahalegindu gaitezen. Estatu espainiarrak Europako Gutun hori berretsi zuen 2001eko otsailaren 2an.

Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutunaren  arabera, Europar Batasunean (EB) hizkuntzak eta kulturak sustatzeko eta babesteko xedea dela-eta, “Batasunak kultura-aniztasuna, […] eta hizkuntza-aniztasuna errespetatzen ditu”.

Ildo horretan, Europar Batasunaren erakundeek (Kontseilua, Europako Parlamentua, Europako Batzordea, Lurraldeetako Komitea,…) zenbait neurri hartu dute Europar Batasunaren gunean eleaniztasunaren arloan. Besteak beste, neurri hauek aipa daitezke:

a) 2007ko urtarrilean, Europako komisarioa izendatzea Eleaniztasunaz arduratzeko -Leonard Orban jauna, hain zuzen-. Horren helburuetako bat  da Europar Batasunaren eleaniztasuna eta hizkuntz ondarearen ezagutza sustatzea.

b) Kontseiluan eta, hala badagokio, Europar Batasuneko beste instituzio eta organo batzuetan beste hizkuntza batzuk modu ofizialean erabiltzeari buruz Kontseiluak 2005eko ekainaren 13an onartutako ondorioak. Testu honek, goian esan den bezala, Europar Batasunean euskara eta beste hizkuntza batzuk erabili ahal izateko nolabaiteko aitorpen ofiziala  bideratu du, 1/1958 Erregelamenduak aitortutako erabateko ofizialtasunaren estatusa lortu ez arren.

c) Europako Batzordeak emandako laguntza Europako zenbait sareri hizkuntz aniztasuna sustatzeko.

d) 'Hizkuntzen Europako Urtea. 2001' eta 'Hizkuntzen Europako Eguna. Irailaren 26a ' ospatzea.

Azkenik, esan beharra dago Europako Batzordean, Hezkuntza eta Kultura Zuzendaritza Nagusiaren ardurapean daudela eleaniztasunari buruzko gaiak.

Azken eguneratzea: 2009/05/12